«Nafarroako hizkuntzen eredua» D eredua dela aldarrikatu dute

Erredakzioa
2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako euskarazko hezkuntzako hainbat eragilek manifestu bat egin dute gaur ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Aldarrikatu dute D eredua dela «Nafarroako hizkuntzen eredua», eta familiak animatu dituzte «herrialdeko bi hizkuntza ofizialetan pertsona elebidunak hezten dituen eredu bakarra hautatzera». Sinatzaileen arabera, pertsona elebidunak prestatuta, «etorkizuneko lurralde justuagoa» bultzatzen dute, «nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen joango direla ziurtatzen delako». Manifestua sinatu dute NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteak, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak, Sortzen-ek, Topaguneak, Euskarabideak eta Kontseiluak.

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, Iruñeko Bernart Etxepare ikastetxe publikoan eman zuten manifestuaren berri. «Ezin genezake ulertu euskararik gabeko Nafarroa, euskara bera, Nafarroa gabe ulertu ezin den bezala». Eragile horiek bi arloren balioa goraipatu dute: alde batetik, euskara jakitearena, eta, bertzetik, D ereduarena. Euskararen jakintza hiru balio nagusirekin lotu dute: lehenik, uste dute«munduko hizkuntza eta kultura aniztasunaren aurrean jarrera positiboa eta errespetuzkoa» bultzatzen duela; bigarrenik, nabarmendu dute «bi hizkuntza menperatzeak lanpostu gehiagotarako atea» irekitzen duela; eta, hirugarrenik, erran dute elebidun izateak hirugarren hizkuntza ikastea «erraztu» egiten duela.

«Berrikuntzetan aitzindari»

Horretarako, D eredua aukera egokiena dela azaldu dute. Eredu horrek «eskarmentu handiko ibilbidea» du, eta egin zaizkion «barne eta kanpo probetan emaitza onak lortu ditu». «Berrikuntzetan aitzindari gara, alderdi metodologikoetan, pedagogikoetan, eta baita balioen lanketan ere, geure ikasleen hezkuntza integrala bermatzeko, sare publikoan eta kontzertatuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.