mikel p ansa
HIZPIDEAK

Gauerako aterpea

2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Kontatu didate, Bilbon, Irunen, Donostian... uda gorrian, pertsona eta talde batzuek, instituzioei otoi eskatzen, aterpea eta otordua bilatzen dietela Afrikatik Europara bidean doazenentzat —edo agian bertan gelditu nahi dutenentzat, hori ere eztabaidagai baita: migratzaileak artatzeko baliabideak badaudela diotenen esanetan, aski da hiruzpabost egunez aterpetzea, gehienek Frantziara bidean jarraitu nahi dutelako; migratzaileak artatzeko baliabideak falta direla diotenen ustez, askok hemen bertan gelditu nahi dute, eta kalean uzten dituzte hala ere—.

Mundua ez da era horretan aldatzen, Bertolt Brechtek zioenez. Pertsonen arteko harremanak ez dira hobetzen. Zama-aroa ez da horrela laburtzen. Baina pertsona batzuek, gau batez, ohea dute; zer jana dute.

Tentsio zahar bat erakusten dute Mikel Laboak kantatzen zuen Gaberako aterbea-ren hitzek. Ezkerreko iraultzaileen artean zaharra da eztabaida: «Egiturazko arazoak konpondu ezean, erroetara jotzeko erradikaltasunik ezean, adabakiak jartzea da gainerakoa», esango du batek. «Eta egiturazko aldaketa horiek egiten dituzun bitartean jendea goseak hiltzen utzi?», galdetuko dio aldamenetik adiskideak. Gatazka hori erakusten du Brechten poemak. Baina, elipsian, urrunago ere seinalatzen du testuak: non daude instituzioak, gauean aterperik gabe dauden horiez arduratzeko? Herritarrek estali behar dituzte administrazioaren ezinak? Zenbateraino? Instituzioek kalean uzten badituzte, ez da izango beldur direlako? Bertan geldituko diren beldur? Ze, geldituko balira, noiz arte artatu beharko lituzkete? Ez da izango bada, alde egiteko eskatzen zaiela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.