Ametsa bete ez duen disidente bakegilea

Liu Xiaobo Txinako idazle eta ekintzailea zendu da, ospitalean, Poliziaren zaintzapean. Bakearen Nobel saria jaso zuen 2010ean. 2009an espetxeratu zuten, erreforma politikoak eskatzeagatik

Herritarrak Liu Xiaoboren omenezko oharrak sinatzen, atzo, Hong Kongen. ALEX HOFFORD / EFE.
Zigor Aldama.
Shanghai
2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Liu Xiaobok ez zuen inoiz pentsatu beste ekintzaile txinatar batzuekin batera 08 Eskutitza idazteagatik atxilotuko zutenik. Txekoslovakiako 77 Eskutitza-n oinarritutako testu bat zen, eta 2008an argitaratu zuten, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 60. urteurrenean, Txinan erreforma politikoak exijitzeko. Gainera, inondik ere ez zuen pentsatuko 11 urteko espetxe zigorra jarriko ziotenik «Estatuaren aurkako subertsioa sustatzeagatik». Baina zigor hori jarri zioten 2009an, «Txinan oinarrizko eskubideen aldeko borroka luze eta indarkeria gabekoarengatik» Bakearen Nobel saria jaso baino hilabete batzuk lehenago. Erreformak eskatzeak bizitza eraman dio zorretan; azken egunak larri igaro ondoren, atzo zendu zen, iparraldeko Shenyang hiriko ospitale batean. Gibeleko minbizi baten ondorioz hil da, baina Nobel sarien batzordeak salatu du Txinak «erantzukizun handia» izan duela Liuren heriotzan.

Liuri maiatzaren 23an atzeman zioten minbizia, beranduegi, eta handik hilabetera eraman zuten Shenyango ospitalera. Poliziaren zaintzapean izan dute azkenera arte, eta agintariek ez zioten utzi atzerrira joaten tratamendua hartzera. Nazioarteko estatuburuetatik, Angela Merkel Alemaniakoak bakarrik eskatu zion Txinari «gizatasun pixka bat» erakusteko. Hain zuzen, atzo Alemaniako Gobernua izan zen lehenbizikoetarikoa Liuren heriotzari buruz hitz egiten; «demokraziaren heroi» deitu zion Heiko Mass Justizia ministroak.

Ipar-ekialdeko Changchun probintzian jaio zen Liu, 1955ean. Jilingo unibertsitatean lizentziatu zen Txinako literaturan, eta ibilbide arrakastatsu bat hasi zuen idazle gisa. Haren idazkien eta demokraziaren aldeko hasierako aktibismoaren ondorioz, irakasle gonbidatua izan zen Oslon, Hawaiin eta New Yorkeko Columbia Unibertsitatean.

1989ko apirilean, ordea, New Yorketik Pekinera itzuli zen, Tiananmen plazako protestetan parte hartzeko. Ekainaren 2an gose greba hasi zuen, eta, bi egun geroago, indarkeria egoera ikaragarri gogortu zenean, armadarekin negoziatu zuen ikasle talde bat kaleetatik erretiratzeko. Historialari askoren iritziz, bizitza asko salbatu zituen erabaki hark. Australiak ez zion babes politikoa onartu, eta bi urtez eduki zuten espetxean. 1990eko hamarkadan gehiagotan espetxeratu zuten, eta aldi horretan ezkondu zen Liu Xia poetarekin.

«Diktadura batean, duintasuna duen pertsona bat izan nahi baduzu, uste dut giza eskubideen alde egin behar duzula borroka», esan zuen Liu Xiaobok 2007an. Urtebete geroago, bere patua itxita gelditu zen. Beste ekintzaile eta intelektual batzuekin batera, Liuk ere parte hartu zuen 08 Eskutitza-ren erredakzioan —600 inguruk sinatu zuten, Ai Weiwei artista ezaguna barne—. Konstituzioaren erreforma bat eskatu zuten bakarrik, alderdi bakarreko sistema bukatu eta demokrazia parlamentario baterako trantsizioa errazteko. Liuk beti kritikatu zuen Alderdi Komunista, botereari eusten ziolako. Eskutitza argitaratu baino bi egun lehenago atxilotu zuten, eta 2009ko Eguberri egunean jarri zioten azken zigorra: heriotza zigor bihurtu den 11 urteko espetxealdia.

«Zigortutako kriminal»

Bakearen Nobel saria emateko ekitaldian, aulki bat hutsik utzi zuten Liuk bete beharko zukeen tokia sinbolizatzeko. Hark saria jasotzeak ere ez zituen bigundu Txinako agintariak, eta beti «zigortutako kriminal» deitu zioten. Sariak ondoriotzat izan zuen Txinaren eta Norvegiaren artean gatazka diplomatiko garratza sortzea eta Liu Xia emaztea etxeko atxiloaldian jartzea, nahiz eta inoiz ez duten haren aurkako kargurik aurkeztu.

Liu Xia 2010etik eduki dute mundutik bakartuta, eta haren gertukoek diote depresio larri batean erori zela duela urte batzuk, etxeko atxiloaldiaren eta senarraren egoerarengatik ez ezik, senide batzuk hil zitzaizkiolako ere. 2014an, berriz, bihotzeko bat izan zuen. «Zailena ez da ekintzailea izatea, ekintzaile baten senidea izatea baizik», aitortu zuen Liu Xiaobok espetxera azkeneko aldiz sartu aurretik.

Hala ere, Liuk ez zuen inoiz galdu esperantza, azken epaiketaren ondoren argitaratu zuen oharrean adierazi bezala. «Ziur nago Txinako prozesu demokratikoa ez dela geldituko. Baikor nago, eta espero dut etorkizunean Txina libre bat ikustea. Ez dagoenez askatasunaren aldeko borroka geldi dezakeen indarrik, giza eskubideak nagusi diren Zuzenbide Estatu bat izango da Txina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.