Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Iritzi publikoaren menpe

2018ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezen gobernuak presoak gerturatuko zituela iragarri zuenetik, kontsigna bera erabili dute sozialistek: legearen eta bakarkako irizpideen arabera egingo da. Biktimen elkarte AVTk eta Covitek ere gerturatzeei «legezko» deritzete; gutxienez, Olga Sanzenari eta Javier Morenorenari —EPPK kolektibotik urrunduak biak—. Mezuok etor litekeenari bidea zabaltzeko eginak dirudite, iritzi publikoa ez dadin aztoratu neurriak hartzen direnean. Baina iritzi publikoa Ciudadanosena eta PPrena ere bada —eta haien inguruko komunikabideena—, eta politikagintzan legezkoa dena ez baita beti betetzen, alderdi handiek, euren arteko lehian, irabaztera bideratua dute estrategia. Atzo, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak zerbait argituko zuela espero zen, Espainiako Kongresuan besteak beste presoei buruz hitz egiteko berak eskatutako agerraldian, baina udan eginiko urrats eskasak PPri erantzuteko erabili zituen, harro: «Uztailetik zenbat lekualdatze egin dira?». Nabarmendu zuen PP agintean zela eman zietela Morenori eta Sanzi hirugarren gradua. Preso horien ostean, Alfredo Remirez izan da gerturatu duten hirugarrena, eta joan den astean, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko auziagatik espetxeratutako gazteak. «Gerturatzeak, noski, egongo dira», esan zuen, beti legearen eta bakarkako irizpideen arabera egingo direla nabarmenduta. Xehetasunak, ordea, beste baterako utzita. Mari Mar Blanco PPko diputatuak komunikabideetarako izenburua eman zuen ondoren: «Legezkoa da bai, baina ez da derrigorrezkoa», iritzi publikoa gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.