HIZPIDEAK

Gerra bat balitz bezala

Autodefentsa feministaren aldeko martxa bat, Iruñean, uztail hasieran.
Autodefentsa feministaren aldeko martxa bat, Iruñean, uztail hasieran. IDOIA ZABALETA / FOKU

Mikel P. Ansa -

2018ko abuztuak 29
Mugimendu feministak esaten duenean gerra bat dela, ez zaio arrazoirik falta. Datuak irakurri besterik ez dago: emakumeen kontrako indarkeriagatik, 60.000 salaketa baino gehiago jarri dituzte Hego Euskal Herriko auzitegietan 11 urtean —2007 eta 2017 artean—: 60.000 baino gehiago. Epe berean, ia 14.000 babes agindu eta neurri hartu dituzte epaileek emakumeentzat: ia 14.000. Eta 1.400 emakumeri laguntzak eman dizkiote etxez alda daitezen, bizi ziren etxeak ez zirelako haientzat seguruak: 1.400. Oraintxe, indarkeria matxistako delituengatik eta hilketengatik zigorrak betetzen ari dira Hego Euskal Herriko 348 gizonezko; edozein zelula terrorista edo jihadista baino multzo handiagoa da: 348. Egunero-egunero —astelehenetik ostiralera, urtarriletik abendura—, bost emakumek baino gehiagok deitzen dute 016 telefono zenbakira, laguntza edo aholku eske: egunero bost, batez beste. Azkeneko datua, aurtengo ekainekoa: 151 emakumek altxatu zuten telefonoa, zenbaki hori markatzeko: 151. Uneotan, 41 gizon daude kalean urruntze aginduen jarraipen telematiko batekin: 41. BERRIAren datuen arabera, 2003 eta 2017 artean 90 emakume baino gehiago hil dituzte indarkeria matxista kasuetan: 90 baino gehiago. Eta atzoz geroztik, beste bat, Uharten.

Zenbaki batzuk bi aldiz esan eta bi aldiz irakurri behar dira haien atzean dagoen dimentsioa ulertzeko. Gerra baten itxura dute emakumeen aurkako erasoek, eta hobe izango da, neurriei eta erabakiei buruz eztabaidatzerakoan, gerra bat izango balitz bezala pentsatzen hastea arazo hau. Eta ez txarrapin epidemia bat balitz bezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna