HIZPIDEAK

'Impeachment' baten itzala

Donald Trump AEBetako presidentea, Etxe Zurian ekitaldi batean. JIM LO SCALZO / EFE.
jon ordonez garmendia
@jonordoez
2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Norbait presidente on bat bilatzen ari bada, sutsuki aholkatuko nioke ez kontratatzeko Donald Trumpen zerbitzuak. AEBetako presidenteak atzo Michael Cohen bere hurbileko abokatua izan zenari erasotzeko erabili zuen txioa primeran datorkio berari ere, agintaldiak hartu duen itxura ikusita. Bozak irabazi zituenetik bi urte betetzear dira, eta ustelkeria eta praktika txarren susmoa geroz eta gertuago ditu. Jakina zen ez zela hau agintaldi lasai bat izango, baina nazioartean piztu dituen suak txiki geratuko dira AEBetan pizten ari direnekin alderatuta.

Errusiaren esku hartzearen ikerketak ez du oraindik berea eman, baina, hortik tiraka, Cohenek aitortu du bi delitu federal egin zituela 2016an Trumpen kanpainan hauteskunde arauak hautsita. Batetik, bi emakumeri Trumpekin izan zituzten harremanak isiltzeko ordaindu eta haren irudia babestu. Eta bestetik, diru hori faktura faltsuekin zurituz. Cohenen abokatuak bota du gezia: abokatuak delitua egin badu, ez al du bezeroak ere egin?

Abokatua, kanpaina burua, aholkulariak... ikerketak inguratzen ari zaizkio Trumpi, eta hedabideekin izaten ari den erreakzioak ez du ezer onik iragartzen. Azaroan, Kongresua eta Senatuaren heren bat berrituko dituzte. Une honetan errepublikanoek bi ganberak kontrolatzen dituzte. Presidenteak kontrol hori galtzen badu eta epaitegietatik gehiago xaxatzen badute, amesgaizto bihur daiteke agintaldiaren bigarren erdia Trump ahalguztidunarentzat. Are gehiago impeachment baten itzalak hartzen badu. Aintzat hartu beharreko aukera da hori: aitatzen hasiak dira, eta arrazoiak egon, badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.