Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Franco atera ondoren, zer?

2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Gerraren garaipenak gertaeraren neurriko iruditeria behar zuen, Espainiaren bihotzean—Madrildik 50 kilometrora—, gerran eroritako «martiriak» eta haien jenerala betiko gorde eta gurtuko zituen leku bat. Eta halaxe da. Francok Erorien Haraneko basilikan jarraitzen du, zuzenbide kanonikoak aita santuei eta artzapezpikuei eskaintzen dien leku pribilegiatuan, presoen izerdiz eraikitako monumentuan. Martiriena behar zuen espazioan nahastu zituzten, ondoren, hainbat hobitatik senideei baimenik eskatu gabe ateratako galtzaileen gorpuzki anonimoak, eta kripten hutsuneak hezurduraz josita daude, denboraren hondatzeak ezin deseginezko gorpu kolektibo bihurtua.

Diktadoreak burua altxatuko balu, pozik legoke, hura goratzeko erromesaldiak ez du-eta etenik izan lau hamarkadatan; askatasunez jarraitzen dute-eta gorazarre egiten, sarraskia inpunitatez ospatzen. Franco aterako dute, baina era diskretuan egingo omen dute, «era duinean» lurperatu, altxamenduaren nostalgikoak aztora ez daitezen. Haserre baitaude. Azkenaldian, artilleria atera dute armadako hainbat kidek, baita soziologia frankista horren parte diren apaizek, epaileek eta politikariek ere, bizikidetzatzat jotzen dutena apurtzera baitoa, gainditutako zauriak irekiko baititu, haien bozgorailu Pablo Casado, Albert Rivera eta beste hainbatek salatu dutenez. Guardian daude iragana uki ez dezaten, denak bere horretan iraun dezan.

Eta orain, zer? Egoera ikusita, diktadorea atera ondoren zer egin batzuen memoria goresten eta besteena zapaltzenduen mausoleoarekin? Eraitsiko al dute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.