Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Zigorrak Poloniari eta Hungariari

2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Poloniako justiziaren independentzia dela-eta Bruselak eta Varsoviak duten gerra luzean, bonba atomikoaren parekoa jaurti du Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroaren gobernuak herrialdeko Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiarekin, Europar Batasuna sortu duten itunen oinarri juridikoa zalantzan jarriz. Bruselaren arma nuklearra, erantzunik gogorrena, Europar Batasunaren itunetan dagoen 7. artikulua da: bozkatzeko eskubidea kentzea. Baina ezin du erabili, aho batez onartu behar duelako, eta Hungariak kontra bozkatuko duela iragarri duelako.

Horregatik, arma berri bat onartu zuen joan den urtean:zuzenbide eskubidearen errespetua laguntza europarrak jasotzeko ezinbesteko baldintza bihurtzen duen araudi berria. COVID-19ari aurre egiteko Varsoviak jasotzekoak zituen 36.000 milioi euroak izoztu egin ditu Europako Batzordeak. Kopuru hori hiru alditan jaso behar du, datozen sei urteotan Poloniak, eta,lehenengo aldiz, baldintzekin banatuko ditu Bruselak. Berandu, baina azkenean EBk heldu dio daukan armarik indartsuenari, diruari. Beranduegi izango den galdetzen dute batzuek, kaltea eginda dagoelako. Poloniak estrategia azkarra erabili du azken urte hauetan Bruselaren aurka. Pauso bat aurrera, eta bi pauso atzera ibili dira, gatazkak konpontzeko epeak luzatzen eta luzatzen, eta Luxenburgoko auzitegiaren epaiei muzin egiten. Bitartean, 27ak beste aldera begira egon dira, momentuko krisiekin lanpetuta, eta kasu batzuetan gertatzen ari denari garrantzia kenduta. Polonia eta Hungaria mehatxu sistemiko bat bihurtu dira Europar Batasunarentzat. Mehatxua aspalditik dator, eta okertzen joan da, geldiarazteko neurri egokiak hartu ez direlako.

Bruselak urteak daramatza Hungaria eta Polonia salatzen hainbat arlotan; justiziaren etakomunikabideen independentzia murrizteagatik, eta LGTBI kolektiboaren eta migratzaileen eskubideak ez errespetatzeagatik; Europar Batasuneko oinarrizko legeak sistematikoki urratzeagatik. Varsoviak ez dio jaramonik egin orain arte Europar Batasuneko erakundeek agindutakoari, eta, aurten, azkenean, zigor ekonomikoak ezartzea erabaki du Europako Batzordeak LGTBI komunitatea diskriminatzeagatik.

LGTBI komunitatearen kasuan, zigor ekonomikoek eragina izan dute, eta zigor gehiago ezartzeko bidea ireki dute.Poloniako ehun eskualdek eta hirik «LGTBI ideologiarik gabeko gune» izendatu zuten euren burua, gobernuko PIS Legea eta Justizia alderdiak bultzatuta. Udan, Bruselatik batzordearen diru laguntzak kentzeko mehatxuak jaso zituztenean, atzera egin zuten batzuek. Tartean, Krakovia hiriak eta Swietokrzyskie probintziak. Azken horrek, gobernuaren presioei muzin eginez, adierazpen bat onartu du esanezherritarrei euren haurrak euren sinesmenen arabera heztea bermatzen diela Poloniako Konstituzioak, baina baita berdintasun eskubidea ere. Guztira, Europako bederatzi mila milioi euroren laguntzak dituzte jokoan neurri homofoboak ezarri dituzten lurralde eta hiriek, jarrera aldatzen ez badute behintzat.

Hungariaren kasuan ere zigor ekonomikoena da herrialdeko gobernua atzera egitera behartzeko bide bakarra. Pandemiari aurre egiteko dirua, Poloniaren kasuan bezala, ez da oraindik Budapestera iritsi. Victor Orbanen gobernuak zor publikoa jaulki behar izan du zuloa tapatzeko. Orbanek atzera egitea ez da erraza izango. Hauteskundeak dauzka datorren urtean, eta bere estrategia politikoaren oinarria da Bruselari desafio egitea.

EBtik herrialde bat kaleratzeko legerik ez dago aurreikusita. Poloniako eta Hungariako herritarren gehiengoak batasunean jarraitu nahi du. Zigor ekonomikoak bakarrik ulertzen dituzte bi gobernuek, eta EBri desafio egitea garestiago atera behar zaie. Esloveniak Poloniaren eta Hungariaren bidea hartu du, prentsa askatasunaren alorrean bereziki. Erronka zenbat kostatuko zaion aztertzen ari da Ljubljana. Poloniari Bruselak ordainaraziko diona izango du erreferentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.