begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Parisen dagoen deabrua naiz ni

2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Izua. Terrorea. Ikara. Espantua. Ilunabarra. Txakurra otsoarengandik bereizi ezin dugun ordu ederra. Gaueko izaki are ederragoek musika sorgingarria sortzen duten unea. 100 urte bete berri duen banpiro, nosferatu lehena. Laster izango den Walpurgis Nacht delakoa. Horren guztiaren aurrean belauniko eta leial jartzen garenok jakin badakigu «Hildakoek azkar bidaiatzen dute» dioen esaldia sinesteko modukoa dela.

Eta hildakoek bidaia ziztu batean burutzen badute, zer ez du ba egingo deabruak berak? Zelako abiadura bizia ez du ba hartuko bere zerbitzari ororen artean, estimu handiagoan duen Mariren semeak, Atarrabik?

Beraz, bien berri Paristik izateak ez gaitu batere harritu. Deabrua eta Atarrabi gauza dira Euskal Herritik Saint Germain auzoko Christune izeneko kalera iristeko amen batean (barkatu horren hitz kristaua erabili izanagatik), istant batean. Madarikazio batean. Ziztu bizian.

Ez, ez gaitu harritu. Bai, miraz gaituzte biek. Badakigu eta beraiek, eta ez beste inor, La Fidele Production, La Maison Basque de Paris eta Christine Cinema Club-ek gaurko prestatu duten euskal zinemaren inguruko zikloaren jaun, jabe, maisu, buru, hanka, buztan, lider suertatuko direla, jardungo dutela. Bai, Mariren semeak. Bai, jesuitetan eta Business School hainbatetan ikasitako infernuko erregeak, neka eta nazka eginda, gaitz delizios guztiak zabaltzeari uzten dionean rapa entzuten duen horrek.

Kuriosoa. Bitxia, kasik xelebrea, «kamera lepoan ibili munduan» esaldi zaharberritua lelo harturik, planeta osoa ustekabean harrapatzen duen gure zinemari Parisen eskaintzen dioten festarako luxuzko beta.

Bart ekin zioten juntaketa alaiari. Mahai baten aurrean, inguruan. Agian, gainean ere bai, zeren eta, ziurrenik, akabera bertsotan, kantuan eta tragoka iritsi zen.

Gabriel Perl hiribideko 59an den Euskal Etxearen jantokian bildu ziren gaur pantailan izango diren hiru filmetako lantaldeak. Gehi hainbat gonbidatu eta 30 euro pagatu zuten zale amorratu franko. Sos batzuk besterik ez, Jon Garmendia sukaldari finak Aldudeko Pierre Oteizaren gourmet jakiekin atondutako afari baten truke.

Gaur, berriz, deabrua eta Atarrabi zain dituztela, Christine kaleko 4an den zinema aretora ailegatuko dira sortzaileak, zaleak eta kuadrilla osoa. Paseo moduan edota kalejira alaitsuan, auskalo.

Emanaldia zuetako askokBERRIA hartu orduko hasita izango da dagoeneko. Izan ere, Zikloa izeneko zikloari goizeko hamaiketan ekin diote Lara Izagirreren Nora pelikularekin. Pablo Agueroren Akelarre izango da azken filma pantailan, eta gero elektronika eta euskal diaspora uztartzen gauza den (hitzematen dizuet) Isa Suarezen performance batek beteko du agertokia...

Baina, baina, baina bazkalostean ikusgai izango denak ez du parekorik, igualik, bezalakorik Parisko beste zinema saloietan. Ezta ere, kasik, Ikuspuntu zinemaldiari aterpe eskaini izan dioten Iruñeko Baluarteko areto guztietan. Inolaz ere, inkluso, Oscarrek abegi izango duten Los Angelesko Dolby Theatren.

Ostiral honek hamalau ordubete berririk, Eugene Greenen Atarrabi eta Mikelats zinema puskak bere egingo du zinema maite-maite zaintzen eta babesten duen Christine izeneko saloia.

New Yorken jaio eta Parisko La Femis zinema eskola arras puntakoan irakaslea den Eugene Greenek Mari gureak gizonezko hilkor batekin sortu zituen bi semeen istorioa kontatzen digu, duela bi urte Donostiako Zinemaldian eskandalu artean aurkeztu zen film horretan.

Antzinako fabula, Aita Barandiaranek jasoa. Ez da harritzekoa, beraz, bertan Ongiak irabaztea eta Gaitza hor, izkin, zoko batean geratzea. Baina deabrua baino gozoagorik ez dela aldarrikatzen dugunok plazer handiz begiztatzen ditugu Green maltzurrak eta berak bezain azeri jokatzen dakien lantaldeak gure gozamenerako utzitako aztarnak. Ederra da, etsenplu, ilunpetan bizi direnen janzkera, odola bezain gorria. Ederra, suaren dirdira perilos bera darion argiztapen ilunpetakoa. Ederra, nahita bilaturiko kameraren mugimendurik ezak sorrarazten duen artifizioa. Ederrak, gidoiak, pasatutako aroetan mintzo zen euskaraz luzatzen dizkigun pentsaerak, zeruaren kontra egiten ahalko, beharko dugun matxinadarako esanak.

Ai, bai, faszinagarriak dira deabrua eta bere leialak. Ai, bai, tontolo eta inozo halakoa Mariren beste semea, Atarrabi, itzalik gabe geratu zena. Jainko mendekatzaile baten aurrean makurtu zena. Iluna gogoko dugunok, aldiz, Akelarre-ko sorgin zuri, memelo eta zintzo horiek delirio garaian kantatzen zuten arkanbele kantu hura (guk artetsu aldrebesturik) ozen ahoskatuko dugu gaur Parisen barna: «Ez dugu nahi, Mikelats, beste berorik zure musuen sua baino...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.