Zauriak ixten saiatuko da gaur Alaves, Sevillari Mendizorrotzan irabazita

enaut agirrebengoa
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Espainiakio Kopan oso kolpe mingarria hartuta dabil Alaves. Erdipurdi zebilen aurrez, eta Abelardo Fernandezek agintea hartu berritan, 5-0 galdu zuen Almeriaren zelaian. Gaur ikusiko da deskalabru horrek zer-nola eragin dion arabarren aldarteari, Sevillaren kontra etxean jokatuko duten partidan (21:30, La Liga). Iratzarri beste aukerarik ez dute, jaisteko postuak geroz eta gertuago baitituzte: gaur-gaurkoz, bi puntu eskasera eta hemezortzigarren dago Elxe, eta bi partida berreskuratu behar ditu oraindik. Klubaren mendeurrenaren atarian, garaipen lasaigarria lortzen saiatuko dira jokalariak.

Abelardoko mezu argia eman zuen atzo. «Jarrera eta izaera lehiakorra negoziatu ezinak dira, eta Almeriaren aurka jokalari batzuek ez zuten izan. Patxada izan behar da, hala ere, bigarren itzuli osoa geratzen baita». Ez dute edonolako aurkaria izango, baina neurria ondo diote hartua Mendizorrotzan. Izan ere, hamasei aldiz jokatu du bertan Sevillak, eta hirutan baino ez da nagusitu. Horrez gain, Alaves baino nekatuago iritsiko da gaurko neurketara, luzapena jokatu baitzuen larunbat gauean, Leganesen kontrako Kopako partidan. Edonola, Julen Lopetegiren taldea ohitua dago partidak bata bestearen atzetik jokatzera, Europan dabilen aldetik. Garaipenaren bidera itzultzea izango du helburu gaur, Atleticoren aurka 2-0 galdu ondoren.

Abelardori bi jokalari faltako zaizkio hamaikakoa osatzean: Ely, luzerako min hartuta baitago; eta Tachi, aurreko jardunaldian egotzia izan baitzen. Ligan sei aldiz bukatu dute gasteiztarrek hamar jokalarirekin, eta Kopan ere txartel gorria ikusi zuten Almerian. Tentu handiz aritu beharko dute gaur.

Aleix Garcia, Eibarrera

Eibarrek etzi jokatuko du Atletico Madrilen aurka, eta talde gipuzkoarrak fitxaketa batenberri eman zuen atzo: Aleix Garciarena. Erdilaria Dinamo Bucarestetik dator, eta aurretik Gironan jokatu zuen. Sasoi baterako fitxatu du, beste birako aukerarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.