begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zertarako amestu hemen ez bazaude?

2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Hemen egon beharko zenuke eta. Hemen eta esna. Hemen, Iruñe aldean. Edo han, auskalo non, nahi duzun tokian, gaur Euskal Herriko txoko eta bazter ugaritan estreinatzen baita Marina Lameiroren Dardara, eta zin egiten dizut zinez dar-dar beroan, beroan eta eroan, izango zarela bertan, kamerak harrapaturiko Berri Txarrak taldearen agurrean, nazioarteko bira mundialaren kontzertuetako memento, istant, irudi eta oroipen guztietan.

Zertarako amestu lo bagaude? Ezin onartuzkoa baita lo izatea Iruñean bazaude. Sekula ez baina are eta askozez ulergaitzagoa egunotan, Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia abiadura handiz dagoelako martxan, abian. Bai, Ikuspuntuz ari natzaizu, zu esnatzeko asmoz, maltzur askoa den intentzioaz.

Infrasoinuen bitartez edo zaldi zaurituaren gainean; berdin dio, igual dio, zu esnatu nahi zaitut, Iruñean parekorik ez duten istorioak, pasadizoak, bilkurak, akelarreak ari baitira gertatzen.

Ez da harritzekoa, kasurako, Maisonnave hotel tristatuaren aurreko horman, denborak pazientzia osoz bai, baina maite-maite ere higatzen duen Filming For Social Change grafitia irakurri ahal izatea, txantiloi zuriz eginikoa.

Ez, ezin lotan izan Iruñean gaudelako. Inoiz amore emango ez duen Katakraken gaudelako hitz eta pitz; liburu denda, bideo biltegi, jan-gauza sanoak dastatzeko taberna, elkartzeko zulo argiaden leku honetan baikara. Ez zaitu loak harrapatuko bertako bizikleta, landare eta parasolez beteriko patioan bazara.

Kontu harrigarriak gertatzen dira Iruñean egunotan, ilargia Zeru blue horretan betetzen joan ahala. Baluarteko aretoan argiarekin tranpetan dihardu Pablo Marin Buenos Airesko zinema arte jartzaileak. Soinuekin berriz, Planetarioan, Xabier Erkizia eta Galiziako irudi adoratzaileen leinu argiko kidea den Lois Patiño. Beren azken-aurreko atrebentzian eta balentrian, hantxe bildu ziren horiei begiak ixteko eskatu zieten, ea itsu izanik, betazalak pantaila, zer nolakoa, zer motakoa, zer noranzkoa izango zen pelikula sortuko zen jakin nahian.

Nolatan zerraldo lo hemen, Iruñean, Dardara estreinatu bazuten (eta jaialdia ireki) astelehenean, eta gaur, ziurrenik, zure etxe ondoko aretoan izango bada? Nolatan lo seko Iruñean Gorka Urbizuk berak kantatu eta gitarra jo bazuen Camara aretoko agertokian? Nola hartuko zaitu loak nahasi batean filmaren fitxa teknikoan irakurri badituzu bi neska filmatzaile primerakoren izenak? Nortzuk? Diana Toucedo muntatzailea eta 592 metroz goiti haren sortzaile Maddi Barber.

Lotan? Hemen? Iruñean? Ezta pentsatu ere. Hemen ederki frogatu dugu, oraingoan ere, herri zeharo normala, arrunta, ohikoa garela. Nahiz eta maiz (maizegi?) kontrakoa erakutsi gogoan ibili. Jo ta ke ibili ere.

Hain gara —jainkosa, jainko, deabru guztiei esker mila— arruntak, ze friki moduan goazen gure musikari maitatuen atzetik. Nora Berri Txarrak? Ba gu hara. Bost axola —baliabideak edukiz gero, jakina— Tokio den edo Berlingo Clash aretoa. Lekunberriko frontoia edo Madrilgo Wizink estadioa. Beste asko, mila bezala, zale, zale amorratuok, fan, fans-ak, frikiok gaituzue, gaituzte. Dardaraz dantzan. Kantuetan ero, poltsikoko telefonoen argiaz gaua urratuz.

Zertarako amestu zu ez bazaude? Amestuz itzuliko zarelako Iruñera. Hemen Santiago Bonilla mexikarraren Paralelo 28-an hegan egiten baitute mamuek, gatza meatzeen gainean, suak argituriko gauean, dir-dir hordi/izu/garri batean den gatz zuri horren gainean.

Hemen egon beharko zenuke. Esna. Erne. Atezuan. Ametsetan. Ameskeriatan. Bestela, nola izango zenuke musika elektronikoan ere aitzindariak izan ziren hainbat eta hainbat eta hainbat emakumeren berri? Sisters with Transistors izenburuko lan mardulak omendu egiten ditu Paulina Oliveros, Clara Rockmore, Bebe Barron, Daphe Oram, Maryane Armacher eta beste hamaika sortzaile. Eta gu, frikiok, berriro dantzan, berriro dardaraz...

Esna zaudela, ametsetan zaudela baina ez duzula Iruñera etortzerik, ai birus madarikatua, ai berriro eraikitako muga horiek, ai beldurrak zein patuak eraginiko itxialdia...? Lasai izan, lagun fina, hemen, Iruñean sorginek zein zinemak zaurituok hegan egiten baitugu birus eta muga guztien gainetik. Online da ikusgai, dastagai, dantzagai jaialdia. Eros ezazu abonamendua, 16 euroren truke, apirilera arte.

Afixak, banderak, pantailak edo aurtengo leloak dioen bezala, Izan ez ziren gauzak ere badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.