begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Galdetzerik al dut noiz, nola eta zenbatsu?

2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Gustatuko litzaidake, bai. Atrebentzia handiegia ez bada. Atsegin litzaidake, ez hartu, otoi, gaizki. Laket izango nuke; inor mindu gabe, jakina. Jakina asko. Hamaika gauza emango nuke trukean. Izan ere, jakin minez, minetan, min bizian naiz.

Gustatuko litzaidake berri izatea. Kontu jakina da parlamentu, gobernu, aldundi eta udal guztietako kide ororen finantzak agerikoak direla. Herriak jakin dezake zenbat motor dituen zinegotzi horrek eta zenbat etxe Errioxan Batzar Nagusietako kide hark. Baina elkarrizketa (intimo samar) batean ez bada, inon ez da agertzen ezta argitan geratzen ere zenbat aldiz doazen zinemara gure agintari-ordezkariak.

Eta nik jakin nahi dut. Nahiz eta atrebentzia handia izan. Jakin nahi dut, asko eta asko lotsa gorritan geratuko direlakoan banago ere. Behar-beharrezkoa dut informazio hori. Nire ordezkariak ezagutzea behar eta merezi dut eta. Jakin behar dut zenbat aldiz joan ohi diren aretoetara. Pandemia aurretik, pandemia bitartean, pandemiaren oraingo azken-aurreko astinduotan.

Nahitaezko dut informazio hori. Zer motako zinema dute gogoko? Ba al doaz etxe ondoko, Lakua ondoko zinema areto korrienteetara? Autobusa hartzen dute eta hiritik kanpo-hurbil dauden merkataritza-guneetako horietara arrimatzen dira?

Seme-alaba txikiak dituzten horiek, euskarara ekarritako Herbehereetako film aspaldi samarrekoak ikusten dituzte familian igandean, arratsaldeko lau eta erdietako emanaldian edota Paw Patrol-eko gaztelaniazko bertsiorako sarrerak hartzen dituzte? Nerabe batzuen gurasoak direnek asteburuan dirua ematen diete After edota Fast &Furious 9 dasta ditzaten lagun artean? Eta galderarik sakonena... sos batzuk gehiago pasatzen dizkiete krispetak eta freskagarriak eros ditzaten?

Hain zuzen ere, hortxe nire kezka larriena: Arte eta Saiakerako zinema defendatzaile sutsuak dira soil-soilik parlamentuko, Jaurlaritzako, Batzar Nagusietako eta Labiko gure anai-arrebak? Zinemara joaten direnean (baldin badoaz...) zuri-beltzean filmaturiko Suediako klasikoak baino ez dituzte dastatzen? Museoetako zineklubetan eta menderaezinak diren beste zinemazale garbi-garbiekin elkartze sakratuan? Ziur behin eta berriro bueltatu zirela aretora iazko Urrezko Maskorra irabazi zuen Beginning zoragarri hartako hamabi minutuko plano tinko haren sekretuak harrapatzeko desira bizian?

Hain dira gazteak parlamentuetan zein Larrialdiei Aurre Egiteko Bidean gu ordezkatzen gaituztenak, ze ez diren akordatzen zinema aretoetan guk meriendatu egin ohi genuela? Sekula santan ez diote txikle bati papera kendu, aldamenekoak beren senetik ateratzen dituen zarata eginez? Pelikulan zehar beti izan ohi dira isiltasun osoan Donostiako Orfeoia kantuan ariko balitz bezala?

Nola, noiz, norekin doaz (baldin badoaz) gure ordezkariak zinemara? Edo etxean goxo-goxo streaming bidez ikusten dituzte pelikulak?

Dagoeneko tabernetako barretan jan eta edan badezakegu, zergatik ezin dugu gauza bera egin zinema aretoetan? Zergatik baimentzen dute ura, eta ez freskagarriak? Ez al dira edari eta edabe guztiak ura? Zikinagoa, garbiagoa, azukreduna, azukregabea, kafeinaduna, kafeina bakoa, gasduna, gasik gabea, baina, azken finean, ura. Tindatua, koktel-ontzitik pasatua, mikrouhinean berotua (tabernetako tortilla pintxoak nola) edo hozkailutik atera berria. Baina ura. Besterik ez.

Zer dute guk parlamentuetan jarritako horiek krispeten kontra? Zarata ateratzen dugula mastekatzerakoan? Eta zer? Normalean, jatorrizko bertsioan dauden Poloniako pelikula ezagutu beharrekoak programatzen dituzten saloietara ez dira hurbiltzen akziozko filmen zaletuak. Are gehiago, akziozko film horiek biharko sistema sofistikatuenetan sortua dute soinua, beraz, protagonistak borroka baten erdian izanez gero, hain benetakoa da kolpeen zarata, inor ez baita konturatuko zu krispetak jaten ari zarela. James Bonden azken horretan jaurtitako misilek hain eztanda ikaragarria egiten dute ezen inor ez den ohartuko zu Atlantan sortutako edabea hurrupatzen ari zarenik...

Eta beste kontu bat, gure enpresen ekonomiaz hain ardura handia omen duten gobernuetako gure ordezko horiek ez al dakite horren serio defendatzen (bide) duten euskal zinemak ez duela etorkizun handirik Dune-ko 164 minutu horiek ahalik eta goxoen pasa asmotan, ikusleek krispeta katxarro erraldoi pare bat erosten ez badituzte?

Ez al dakite aretoetako barran erositako krispeten tamaina handiko katxarro horiek salbatuko dutela aurrekontu txikiko pelikula maitagarri hori, karteldegian aste bat baino gehiago iraungo ez duen huskeria majoa?

Jakin nahiko nuke nik zer dakiten gure politikariek artea, merkatua, industria eta elkar sozializatzeko modua den zinemaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.