begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Egunsentian hildako zaldien gainean lauhazka

2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Zinema jendaia fin, eder eta apartak inguratua, Iruñeko Ione Ateneak sorturiko Los caballos mueren al amanecer filmak ireki zuen, txalo zaparrada artean, Iruñeko Ikuspuntu jaialdia, pasa den astelehenean.

Ez esan norberaren adinaren arabera, izenburutik bertatik hasita, irudiak, oroitzapenak, memoria, ametsak, lokamutsak, bete gabeko desirak eta bete ziren zorabioak ez zaizkizuela katramilatzen buru, hezur, zain, begi, behatz muinetan.

Los caballos mueren al amanecer... Egunsentian hiltzen dira zaldiak. Ez dakit Iparraldean (Les chevaux meurent à l´aube litzateke frantsesez), baina joan den mendeko 1959aren arrimuan Hegoaldean jaio ginen erdaldun askorentzat hori bezalako izenburuek abentura baten promesa ekartzen zuten hitz bakoitzean.

Merke-merke saltzen ziren nobeletako tituluak ziren. Oestekoak. Oestekoak idatzi dut. Eta ez western ez Mendebaldeko Basa. Maider Oleagak eta Kuartangoko biztanleek ederki ezagutzen dute aldea, Kuartk Valleyen bizi direlako.

Oesteko nobela merkeak, kalitate eskaseko paperean inprimaturik. Ingelesa ez zekiten eta Bartzelonatik, Madriletik, auskalo nondik sekula atera ez ziren gaizki pagatutako idazleek idatziak. Askotan, frankismoaren errepresaliak jasandakoak ziren. Maiz erdi ezkutuan saiatzen ziren bizirauten. Sarri, egun, faltsu-faltsuak zirela jakin arren, garai haietan gure fantasiak gainezka jartzen zuten ingeles kutsua zuten izenekin sinatzen zuten, jendaia super guapa (Zazpi t´erdi, Marina Lameiro, Mariona Solé Altimira,Iker Alka, Maider Fernandez Iriarte, Vidal Dosis, Elektra Insogna, Lur Olaizola, Javiera Izquierdo Leiva eta beste dozenaka mezena...) alde, aldean, ondoan, sostenguan zuela, Ionek egindako filmean agerian den El valle del odio-ren Donald Curtis haren antzekoak.

Nobela merkeak. Orain pulp deitzen ohitu gara. Bueltatuko ez den aro hartan (poltsarik bai, dirurik ez), ez genituen, beti, berriak erosten. Izan ere, irakurri ostean, trukatu egiten genituen iskineko paper-dendako mostradorean.

Antzeko pareko izenburuak zituzten momentu hartako Oesteko pelikulek (ez erabili Mendebaldekoak ez filmak hitzak, arren). Eta antzeko parezido ziren zuzendarien izenak ere. Gipuzkoako Irunen jaiotako Jose Maria Zabalzak, kasu, Los rebeldes de Arizona (Arizonako errebeldeak), Malditas pistolas de Dallas (Dallaseko pistola madarikatuak) edota Al Oeste de Rio Grande (Grande ibaiaren bestaldean) bezalako filmak burutu zituen Italian lortutako sos txikiekin eta bere abizenak aldrebestuz (Errazquin zuen bigarrena) .

Baina ez ziren bakarrik Oestekoak nobela eta pelikula ziztrin miresgarri horiek. Ez, gerrako tebeoak (ez esan komiki, arren, ez esan, otoi, bande dessinée) ere bagenituen, Hazañas bélicas (Gerra balentriak) etsenplurako. Koloreetan zuten azala, zuri-beltzekoak, berriz, barruko binetak, tinta oso lodiaz egindako marrazki horiek.

Hazañas bélicas-en ale batzuk ikusten dira jende super majoak (Diana Toucedok, jakina asko) inguratua, Ionek buruturiko film izugarriaren hartaldi batzuetan.

Baziren ere gangsterren nobelak eta pelikulak eta Irun hiria bera Chicago bilakatzen zen ametsak prezio onean saltzen zituzten zinema trapuketari miresteko moduko horien kamera aurrean.

Eta gu poz-pozean, eta gu faltsukeria horrekin zinez sinetsirik, horrelakoxea baitzen une eta gune haietako pelikulen magia. Horrexegatik, filmaz ezer gutxi jakinda, Los caballos mueren al amanecer horretako lehen irudiak ( Chicagoz mozorroturiko Bartzelona batean ateratako zuri-beltzeko argazki horiek...) ikusi orduko, lauhazkan hasten dira gutako askoren oroitzapenak. Benetakoak, haragi-hezurrezkoak. Gero iritsiko dira, trostara, pauso pausatuago batean, oroimen intelektualak Ikuspuntu ireki zuen pelikula honek Nietzsche eta Bela Tarren Turingo Zaldia ekartzen baitizu burura. Baita Paco Gomezekzaborrean eta etxe abandonatu batean aurkituriko fotoak oinarri harturik eta bertan Donostiako Elias Kerejeta Zine Eskolako zuzendaria den Carlos Muguiro gidoigileetako bat izanik, Sergio Oksmanen Una historia para los Modlin ere.

Jende super polita baldin baduzu bultzaka eta zinemak mugarik ez duela sinesten baduzu itsu, Los caballos mueren al amanecer bezalako gutizia estrainioak eskainiko dizkiezu gu bezala memorian barna lauhazkan doazenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.