Albistea entzun

Literatura. 'Enborretik. Antologia poetikoa'

Kantuez haratago

Idazlea: Joxean Artze. Argitaletxea: Balea Zuria.

Irati Majuelo -

2022ko apirilak 10

Ezin konta ahal aldiz heldu zaizkigu belarrietara Artzeren hitzak, lanbroak bilduta, gure baitan pizten diren bazter miresgarriak ikustera, bilatzera, arakatzera gonbidatuz. Kantu forma hartu zuen usurbildarraren obra poetikoaren zati batek, eta haren oihartzunak iraun du belaunaldiz belaunaldi gure bihotz-gogoetan. Alabaina, merezi du bestelako arretarik. Emankorra zen Artze, baita bere poesia ere, lur ezezagunak esploratu eta bide sakonetan zabaldu baitzen kantuez haratago. Orain, idazlearen heriotzetik lau urtera, Balea Zuria argitaletxeak lan aberats haren lagin bat jaso du Enborretik antologian, gure belarrietan dardara berriak eragin ditzan.

Hitzetatik gaindi ulertzen zuen poesia Artzek, bere baitan amaitzen ez den indar baten modura, harremanak eraikitzen dituena inguruarekin, artearekin, jendearekin. Hala, sortze prozesuak garrantzi handia hartzen zuen, diziplinartekotasuna eta talde-lana aurki daitezkeelarik bere jardunaren muinean. Baita emaitzan eta plazaratzean ere, liburua bera objektu artistiko bilakatzen baitzuen eta obsesio batek gidatzen: poesia herriari ematea. Artzek garrantzi handia ematen zion hartzaileari, irakurlearen agentzia azpimarratzen zuen, eta ildo horretan azaleratzen da idazteko hautaturiko kokaleku berezia. Balea Zuriaren bilduma honek, liburu formatuak mugatuta bada ere, asmo bera biltzen duela esan daiteke; Artze omentzea, eta gorazarre horretan poesia jendearengana itzultzea, iraganeko ahanztura posible batetik berreskuratu eta eskuragarri jartzea. Horren ezagun egin ez direnak berrezagutaraztea, argitaragabeek lehen aldiz argia ikustea. Beraz, Ibil Bedik kantatzen duen gisara: «Izan bedi hau herriarendako poesia bat».

Luze idatz liteke idazlearen ibilbide poetikoaz, hala eta guztiz ere, antologia honetan fokua jarrita, usurbildarraren korronte espiritualena nabarmentzen duela esan beharra da. Bilduma batean ezin daiteke oro sar, eta, ondorioz, ez dira liburu guztiak ageri, eta hautatutakoen artean ez dago oreka zurrun bat ere. Nabarmena da, baina, Artzeren poesia bisuala izendatu denak tarterik hartzen ez duela liburuan, baliabide teknikoak medio, eta pena da. Halaber, idazlearen aro esperimentalistena, abangoardistena da gutxien ageri dena, eta Ortzia lorez zerua izarrez liburutik aurrerako espiritualitatea, transzendentzia, mistizismoa gailentzen da. Hitzaurreak eta hitzatzeak ere idazlearen alderdi horri eman diote garrantzia.

Hori hala, Artzek maite zituen kontrako kontzeptuen arteko loturen bidez, itxura delikatu eta egia sakoneko poesia aurki daiteke, umiltasunetik abiatu baina ez diona izkin egiten galdera konplexuak jorratzeari. Irakurleak erraz hautemango ditu naturarekiko miresmena eta lotura ekidinezina, lanaren funtzioari buruzko zalantzak, gizakia eta haren kezka existentzialak, erlijioarekiko galderak, harremanak biltzen dituzten korapiloak zein bizitzaren eta heriotzaren arteko atalaseak. Eta oroz gain, sentikortasun fin bat, bizitzari aurrez aurre biziminez behatzen diona. XX. mendeko euskal poeta garrantzitsuenetako bat izan da, eta hala iraun behar luke. Antologia honek aletxo bat jartzen du Artzeren lana balioesteko, aletxo bat ale gehiagoren beharra izanen duena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joxean Muñoz Otaegi eta Amagoia Gurrutxaga Uranga, Donostian. ©Maialen Andres, FOKU

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Hazia musikaleko dantzariak, entseatzen, Errenteriako Dantzagunean (Gipuzkoa). ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Kooperatiben aitzindariaren fruitua

Andoni Imaz

Gontzal Mendibil musikariak Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sustatzailearen bizitza kantu bihurtu du, 'Hazia' musikala sortzeko. Datorren irailaren 17an estreinatuko dute, Arrasaten.

'Orelhas' irudia. ©Alex Rozados.
Ahomentan: Agertoki berri baterako lanak

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...