Aranburuk hartu du LABen lema, biltzarrean botoen %91,5 lortuta

Afiliatuek aho batez onartu dute orain arteko zuzendaritzak aurkeztutako balantzea. Sindikatua «garai berri baterako prest» utzita, Etxaide badoa idazkaritza nagusitik, bederatzi urteren buruan

Aho batez onartu zuten LABeko afiliatuek zuzendaritzak aurkeztutako azken urteetako balantzea. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Garbiñe Aranburu da, atzoz geroztik, LAB sindikatuko idazkari nagusia. Hirugarrena da kargu horretan, Rafa Diez eta Ainhoa Etxaideren lekukoa hartuta. Nazio Komiterako hautagaitzak—bakarra aurkeztu zen— babes ia erabatekoa lortu zuen, botoen %91,5 lortuta. LAB 4.0 Gure garaia lelopean, IX. biltzar nagusia egiten ari da sindikatua, atzo eta gaur Gasteizko Europa jauregian. Sindikatuko 500 afiliatu ari dira batzarrean parte hartzen.

Zuzendaritza berria aukeratu ez ezik, azken bost urteetako jarduna eta aurrera begirako txosten politiko-sindikala eztabaidatu eta bozkatu zituzten LABeko ordezkariek. Balantzeari dagokionez, «aho batez» onartu zen zuzendaritzak aurkeztutako testua. Aurrera begirako proposamen politiko-sindikalak «babes oso zabala» eduki zuen. Halakoetan, LABen estatutuek ez dute boto guztiak zenbatzera behartzen, emaitza zein izan den oso argi baldin badago. Txostenekin batera, bi ebazpen bozkatu zituen biltzarrak, gatazkaren konponbideari buruzkoa bat, eta migranteei buruzkoa bestea.

Gaur hartuko du hitza Garbiñe Aranburu idazkari nagusi berriak, aurrera begira dituen asmoen berri emateko. Atzo iraganera begiratzeko eta egindakoari buruz gogoeta egiteko eguna izan zen, Etxaideren eskutik. «Sindikatua garai berri baterako prest utzi dugula pentsatuz uzten dugu ardura». Agurraren ordua iritsi zaio Etxaideri, azken bederatzi urteetan idazkaritza nagusitik LAB gidatu ondoren.

Bost urterako mandatua jaso zuen 2012an. Garai horretan, LABen apustua zen krisiari irtenbide propio bat ematea, akordio demokratiko baten bidez. «Ez dugu lortu, boterea zuena ez zegoelako prest halako bide bat egiteko», onartu zuen orain arteko idazkari nagusiak. Hala ere, ez du uste erabaki okerra hartu zutenik, eta apustua «muturrera» eraman zutela defendatu zuen, patronalarekin eta Jaurlaritzarekin negoziazio kolektiboari buruzko akordio bat lortzeko saiakerarekin.

Ziklo hori aztertuta, ondorio argia atera du sindikatu abertzaleak. «Aldaketa soziala gauzatzeko, burujabetza prozesu bat behar da», Etxaideren ustez. Berriz kokatze estrategiko horretan, mugarri batzuk egon dira. Karta Sozialaren bidea goraipatu zuen,eta eraiki nahi den burujabetza horren ariketa praktiko gisa defendatu zuen. «Geuk erabaki genuelako prozesu parte hartzaile oso baten bitartez zer-nolako Euskal Herria nahi dugun».

Aldaketa politikoa fase erabakigarri batean sartu da, LABen ustez, eta zailtasunak begi bistakoak izan arren, krisiari emandako erantzunaren bidez aldaketarako prozesua indartu dutela uste du orain arteko idazkari nagusiak. Aurrera begira, «independentismo sendo» bat eskatu zuen, «eskaintza bat egin eta burujabetza prozesu bat martxan jartzeko gai izango dena».

Horren haritik, LABek egin dezakeen ekarpen handiena langileek Euskal Herri berri bat eraikitzeko duten gogoa indartzea litzateke. Garai berri bat ekarri dute krisi ekonomikoak eta aldaketa politikoak, eta horretara egokitzea izan da sindikatu abertzalearen zeregina azken garaietan. Orain, beste jauzi baterako unea da, Etxaideren aburuz: «Garai berri baterako langile borroka egitea dagokigu orain».

Bukatu aurretik, bi izen nabarmendu zituen. Batetik, Igor Urrutikoetxea, orain dela hiru urte eta erdi istripuan hil zen nazioarteko harremanetarako idazkaria. Haren aipamenak txalo zaparrada jaso zuen biltzarrean. Bestetik, Jabi Garnika. «Zuek idazkari ondoko bat aukeratu zenuten. Nik, ondoan, lagun bat eduki dut».

Azterketa politikoarekin batera, sindikatuaren barne egoerari buruzko erradiografia eskaini zuten. LABek 40.500 afiliatu ditu gaur egun, eta, azken urteotan, gora doa kopurua. Pozik azaldu zen Etxaide datuekin:«Indartsuak garen lekuetan indartsuagoak gara, ekintza sindikalari esker, baina ahulak garen lekuetan ere ari gara pixkanaka geure burua indartzen»

Finantzaketa propioarekin gastuen %90 ordaintzea lortu du sindikatuak. Gaur egun, 400 pertsona ari dira LABentzat lanean, gehienak esku hartze atalean, langileekin tratu zuenean. «Armada indartsu bat», Etxaideren hitzetan.

Rafa Diezen mezua

Etxaidek hitza hartu baino lehen, Rafa Diezek El Duesoko espetxetik idatzitako mezua entzun zuten biltzarrean zirenek. Haren seme Naike Diezek irakurri zuen oholtzatik. LABek egiten duen lanarekin «harro» dago idazkari nagusi ohia. Haren irudiko, sindikatu soziopolitikoa izateko erabakiarekin «asmatu» zuten. «Langile borroka ez da lantegiaren hormetan amaitzen», Diezen ustez, eta LABek «kontrabotere» izan behar duela azpimarratu zuen.

Egoera politikoari buruzko gogoeta laburra eskaini zuen, halaber. Diezek uste du aldaketa politiko eta sozialaren alde «indar asko» dagoela, baina «oso sakabanatuta» ikusten du. «Palanka berriak sortu behar ditugu, ilusio kolektiboari bidea emateko», haren irudiko.

Euskal Herriko eta nazioarteko eragile ugari ari dira biltzarrean parte hartzen. Nazioarteko 32 sindikatuen izenean, esker oneko mezua eman zion LABi Kubako CTC erakundeko ordezkariak, Milagro de la Caridad Perez Caballerok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.