Saudi Arabiaren koalizioak gutxienez 29 adingabe hil ditu Yemengo eraso batean

Gurutze Gorriaren arabera, hiru autobus bonbardatu dituzte Dahian hiriko merkatu batean. Riad: «Ekintza militar legitimoa izan da»

Saudi Arabiaren koalizioak gutxienez 29 adingabe hil ditu Yemengo eraso batean.
mikel rodriguez
2018ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Joan den ekainean, Saudi Arabiak Yemengo gerran zuzentzen duen koalizioak erasoaldi handi bat hasi zuen herrialdearen mendebaldean, gerraren balantza haren alde paratuko zuelakoan, baina, hiru urte eta erdiren ondoren, gatazkak blokeatuta jarraitzen du, eta hildako zibilen kopuruak etengabe jarraitzen du hazten. Atzo, bertze sarraski bat egin zuten aire eraso batean, eta, Gurutze Gorriak adierazia duenaren arabera, hildako dozenaka lagunen artetik gutxienez 29 adingabeak ziren. Koalizioak Dahian hirian egin zuen bonbardaketa, merkatu bat gurutzatzen ari ziren hiru autobusen aurka. Koalizioak «ekintza militar legitimo» erran dio erasoari, eta etsaitzat dituen huthiei (matxino xiitei) leporatu die «giza ezkutuak» erabiltzea.

Atzokoa ez da izan, inondik ere, koalizioak zibilen aurka egin duen lehenbiziko bonbardaketa. Joan den astean bertan, 55 hil zituen ekainetik erasopean duen Hudaida hirian. NBE Nazio Batuen Erakundeak joan den hilean adierazi zuen 16.000 inguru direla gerran hildako zibilak, «gehien-gehienak» koalizioak aire erasoetan hildakoak. Atzoko bonbardaketan atentzioa eman du hildako adingabeen kopuru handiak eta bonbardatutako eremuak. Gurutze Gorriak baieztatu zuen 50 herritar hil zirela erasoan. Zaurituak, berriz, 80 inguru izan ziren. Save The Children gobernuz kanpoko erakundearen arabera, adingabeak eskolara bueltan zihoazen irteera bat egin ondoren. Adnan Hazam Gurutze Gorriak Yemenen duen bozeramaileak azaldu zuen nazioarteko erakundeak laguntzen duen ospitale batek jaso zituela 10 eta 14 urte arteko 29 adingaberen hilotzak. Bertze 30 zauritu zituztela ere erran zuen. «Alde guztiei eskatzen diegu ez diezaietela zibilei eraso, babes ditzatela, eta beharrezko neurri guztiak har ditzatela gatazkatik aldenduta mantentzeko».

Erantzukizuna huthiei

Turki al-Malki Saudi Arabiaren koalizioko bozeramaileak, ordea, bonbardaketa justifikatu zuen. «Nazioarteko lege humanitarioa» errespetatu zutela erran zuen, eta huthiei egotzi zien erantzukizun osoa. «Neurri guztiak hartuko ditugu Iranen menpeko terrorista huthien ekintza kriminalen aurka; esate baterako, haurrak errekrutatzea borroka eremura eramateko eta tresna gisa eta ekintza terroristen babes gisa erabiltzeko».

Dahia hiria Zaada probintzian dago, Yemenen ipar-mendebaldeko muturrean, Saudi Arabiarekin mugan. Han hasi zen huthien matxinada Yemengo Gobernuaren aurka, 2004an, eta haien gotorleku nagusia da. Xiismoaren adar baten jarraitzaileak dira huthiak, zaidismoarenak, eta Yemengo herritarren %35 inguru dira zaidiak. Saudi Arabiak mehatxutzat ditu, eta 2015eko martxoan esku hartzea erabaki zuen Yemengo Gobernuaren agintea berrezartzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.