Tokio 2020. Atletismoa

IKUSKIZUN BETEA

Distiraz bete dute olinpiar estadioa Karsten Warholmek, Anita Wlodarczykek, Elaine Thompson-Herahk eta Armand Duplantisek. Haiek izan dira atletismoko jardunaldiko izarrak.

Elaine Thompson-Herahk bigarren urrea irabazi zuen, 200 metrokoan. C. BRUNA / EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Egun betea izan zen atzo Tokioko olinpiar estadioan. Markak eta izarrak izan ziren nagusi: Karsten Warholm norvegiarrak txikitu egin zuen bere 400 metro hesidunen munduko marka: 45,94 (46,70 zen); Anita Wlodarczyk poloniarrak hirugarren aldiz jarraian irabazi zuen urrezko domina mailu jaurtiketan —banakako proba batean hirutan gailendu den lehen emakumea da—; Elaine Thompson-Herah jamaikarrak bigarren aldiz jarraian gehitu zion 200 metroko urrea 100 metrokoari; eta Armand Duplantis suediarra aurreneko aldiz igo zen podiumeko koska gorenera, pertikan.

Ikuskizuna goizean hasi zen.Warholmek ikaragarrizko balentria egin zuen. Aise hobetu zuen berak duela hilabete ezarritako munduko marka —Kevin Young estatubatuarrak zuen aurrekoa, (46,78), 1992tik—. Hala, mugarria ezarri zuen 400 metroko hesidunetan, inor ez baitzen jaitsi 46 segundoetatik. Balentriaren adierazle da 43,03 dela 400 metroko munduko marka: Wayde Van Niekerk hegoafrikarrak du. Kontuan hartuta Warholmek ia metro bateko garaiera duten hamar hesi gainditu behar dituela, ikaragarria da lortutakoa.

Final ikusgarria izan zen. Izan ere, bigarren sailkatuak, Rai Benjamin estatubatuarrak, 46,17 egin zuen, Warholmek zuen aurreko munduko marka baino 53 ehunen hobea. Alison Dos Santos brasildarra sailkatu zen hirugarren, eta hark Youngen marka hobetu zuen: 46,72.

Seigarren kalean aritu zen Warholm. Tximista baten pare irten zen, eta hesiz hesi lasterketa perfektua egin zuen. Norvegiarrarentzat obsesio bihurtu dira hesiak, eta kalean doanean ere pausoak kontatzen ditu. 40 metro eta hamahiru pauso: hori da ekuazioa. Eta atzoko lasterketan ekuazio hori muturreraino eraman zuen hesi guztien arteko bidean, teknikoki akats bakar bat ere egin gabe. Amaieran, begiak eta ahoa zabal-zabalik, korritu zuen indar berarekin, erditik apurtu zuen elastikoa, barruan pilatutako adrenalina guztia kanporatuz: «Nire bizitzako unerik garrantzitsuena da hau», esan zuen.

Hirugarrenez jarraian urrea

Wlodarczyk izan zen eguneko beste protagonista. Poloniako mailu jaurtitzaileak hirugarren aldiz jarraian kolkoratu zuen urrea: 78,48 metroko marka lortu zuen. Urruti geratu zen haren eskuetan dagoen munduko markatik (82,98). Baina bere nagusitasuna indartu zuen. Hala ere, haren lorpena marketatik harago doa.Atletismoko banakako proba batean hiru aldiz nagusitu den lehen emakumezkoa da. Shelly-Ann Fraser-Pryce jamaikarrak (100 metrokoan), Valerie Adamsek zeelandaberritarrak (pisu jaurtiketan), Sandra Perkovic kroaziarrak (disko jaurtiketan) eta Barbora Spotakova txekiarrak (xabalina jaurtiketan) zuten hori egiteko aukera Tokion. Wlodarczykek jada lortu du, eta beste hiruetatik Spotakovak bakarrik lor dezake.

Thompson-Herah, berriz, 100 metrokoa irabazi eta gero, 200 metrokoan gailendu zen atzo. Hori eginda, abiaduran onena dela berretsi zuen. Izan ere, duela bost urte, Rion, beste horrenbeste egin zuen. Bitan jarraian lortu duen lehen emakumea da. Marka aparta egin zuen atzo: 21,53. Inoizko onenetan bigarrena da. 100 metrokoan bezala, Florence Griffith-Joyner estatubatuarra bakarrik du aurretik: 21,34. Zilarra Christine Mboma 18 urteko namibiarrarentzat izan zen (21,81), eta brontzea, Gabrielle Thomas estatubatuarrarentzat (21,87).

Duplantisek, berriz, aise irabazi zuen urrezko domina pertikan: 6,02 metro. Saiatu zen bere munduko marka hobetzen (6,17), baina hirutan egin zuen huts 6,18ko altueran. Christopher Nilsen estatubatuarrak irabazi zuen zilarra (5,97), eta Thiago Braz brasildarrak brontzea (5,87).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.