Ane Pescador.
IRITZIA

Norberaren etxea

2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Bihotza jartzen den leku horretan omen du norberak bere etxea. Eta horrela errotu zenituen zure sustraiak itsasoan gaztetatik, haren magiaz gozatzen, harekin bat egiten. Lehen paladak ematea erabaki zenuenetik, ordea, bihotza erabat utzi zenuen bertan. Paladaz palada, uberaz ubera, azala maite zenuen hori egiten.

Gogoari jarraikiz, egunero hazten joan zinen. Handi amesten zenuen, eta amets horiek zilegi zirela ikusi ere bai. Ikusi zenuen zure etxe izan zen taldea hazten, goi puntara iristen, eta lehiatu zinen, beti burua hotz eta bihotza bero. Ez zenuen sekula ahaztu ezer baino handiagoa zela ongizate kolektiboa. Emakumezkoen arrauna loratzeko beti prestu. Ikasitakoa irakatsiz, zure ideia eta sustraiekiko beti leial.

Sekula ez duzu etsi. Ez uretan, ezta uretatik kanpo ere. Hazten ikusi zenuen talde horrekin puntako arraunera iristea lortu zenuen, urteak eman zenituzten bertan. Baina, erortzen ere ikusi zenuen, txiki egiten, berriro ere jaiotzen. Bertan jardun zinen, gogoa eta azala uzten, beste behin ere zure erroekiko leial, zure etxea defendatzen. Bazenekielako zure patua ez zela etsitzea, baizik talde hori berriz ere puntara eramatea. Egin eta lortu, hamaika sari jaso zenituen etxeko gazteenekin batera. Banderak bandera, eduki ezazu argi, taldea errautsetatik altxa eta goraino eramatea baino sari hoberik ez dela munduan.

Orain, erbesteratzea erabaki duzun honetan badakit zure sustraiak errotzeko tokia azkar topatuko duzula, azkar utziko duzula bihotza maite duzun hori egiten. Harro egongo garela zure zuhurtasunarengatik, zure lagunartekotasunarengatik, zure borrokarako grina amaigabearengatik. Baina, erro berriak edonon daudela ere, beti edukiko duzu bertan zure betiko etxea. Beti edukiko duzu zain itsasoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.