REALA 2 GRANADA 3

Joera aldatu ezinik

Realak garesti ordaindu ditu atzean egindako akatsak, eta 2-3 galdu du Granadaren aurka. Europa ligarako borroka estutu egin zaio

Realeko Ander Barrenetxea eta Robin Le Normad burumakur, atzo, partida amaieran. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Puertasek(21. min.). 0-2: Soldadok (43. min.). 1-2: Merinok (47. min.). 2-2: Oiartzabalek (83. min.). 2-3: Duartek (88. min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak Realeko Aiheni eta Elustondori etaeta Grandako Fernandez, Soldado eta Puertasi.

Konfinamenduak min egin dion talde bat badago, Reala da hori. Itxialdiaren aurretik joko distiratsua egiten zuen talde bat zen, eta dena zuen alde. Atzo, ziurrenik, itzulera osteko partida onena egin zuen. Gutxienez puntu bat batzea merezi zuen. Baina 2-3 galdu zuen Granadaren kontra. Garesti ordaindu zituen atzean egindako akatsak. Bisitariak hiruzpalau aldiz baino ez ziren iritsi Moyaren atera, baina asmatu.88. minutuan, Duartek egin zuen gol erabakigarria, buruz, Moyak irteterakoan zalantza egin eta gero. Joera ez da aldatu, eta Europan jokatzea ahalbidetzen duten postuetan egon arren, zazpigarren, gainean ditu Getafe, Athletic eta Granada bera. Gainera, hiru partida oso zail ditu sasoia amaitzeko: Vila-Realen, Sevillaren eta Atletico Madrilen aurka jokatu beharko baitu, Txapeldunen Ligan sartzeko geratzen diren bi postuetarako borrokan ari diren hiru taldeen kontra.

Imanolen taldeari asko kostatzen zaio golak egitea, eta aurkariak gutxi behar du txuri-urdinen atea zulatzeko. Atzokoan beste behin ikusi zen. Realak ondo hasi zuen lehia, jokoa ondo irakurriz, eta haren ekimena izan zuen, Horri esker, hiruzpalau aukera on izan zituen, bi argienak Portuk. Txuri-urdinek kontrolpean zuten norgehiagoka. Baina futbolaren patuak dio, barkatzen duenak ordaindu egiten duela, eta atzo ere hala izan zen. Ezker hegaletik jokaldi ona egin zuen Duartek, eta haren erdiraketa neurtua bikain errematatu zuen buruz Puertasek, Le Normadi aurrea hartuta (21. min.).

Hurrengo minutuetan Diego Martinezen taldea hobeto aritu zen. Realari, berriz, sakontasuna falta izan zitzaion. Baina 38. minutuan Barrenetxeak langara bidali zuen baloia. 43. minutuan, ordea, Granadak bigarrena egin zuen. Llorentek gaizki aldendu zuen baloia, Soldado bizkor ibili zen, eta Moya bazter utzi eta gero, gola egin zuen. Llorentek jokoz kanpo eskatu zuten, baina Martinez Munuerak ez zuen adierazi. Atsedenaldia baino lehen aldea murrizteko beste abagune bat izan zuen, baina berriro Barrenetxearen errematea zutoinera joan baitzen. Realak ez zuen merezi halako aldeaz galtzen joatea.

Partidari buelta emateko, txuri-urdinek ahalik eta bizkorren behar zuten gol bat, baita lortu ere. Korner baten izan zen. Oiartzabalek atera zuen, eta Nevak baloia jo ostean aldaratzea Merinori ailegatu zitzaion. Nafarrak baloia sareetara bidali zuen.

Nais pizgarri

47. minutua zen, eta Imanolen taldeak bigarren zati osoa zuen aurretik, partidari buelta emateko. Hurrengo minutuetan nagusi izan zen Reala, nahiz eta patxada apur bat falta izan zitzaion une batzuetan. Baina aukerak izan zituzten, argiena William Josek. Pase sakon ona jaso zuen, eta Rui Silvaren aurrera bakarrik iritsi zen. Baina ezkerrez errematatu, eta kanpora bidali zuen baloia.

Imanolek Nais zelairatu zuen; Barrenetxearekin batera, onena izan zen atzoko neurketan. Eskertu zituen Realak bien freskotasuna eta ausardia. Ekitearen poderioz, berdinketa lortu zuten txuri-urdinek 83. minutuan. Naisen erdiraketa, eskuadrara errematatu zuen OIartzabalek. Beste hamar minutu garaipena lortzeko. Baina Duarteren golak asmoa zapuztu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.