ATHLETIC 1 - 3 REALA

Bisitarientzat, biribila

Realak nagusitasunez irabazi dio Athletici San Mamesen. Berdintasunaren eta euskararen aldeko festa izan da derbia. 22.412 ikusle egon dira harmailetan

Realeko jokalariak, Athletici sartutako hiru goletako bat ospatzen, atzo, San Mamesen jokatutako derbian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Amaiur Sarriegik (6. min.). 1-1: Jone Amezagak (16. min.). 1-2: Gaby Garciak (38. min.). 1-3: Gaby Garciak (48. min.). Bestelakoak. 22.412 ikusle egon ziren San Mamesen. Bi taldeetako jokalariak Euskaraldiaren pankarta batekin atera ziren zelaira.

Derbia festa izatea nahi zuten, berdintasunaren eta euskararen aldeko festa. Eta halaxe izan zen Athleticek eta Realak atzo gauean San Mames estadioan jokatutako derbia: festa, festa handia. 22.412 ikusle egon ziren harmailetan. Behin bakarrik egon dira ikusle gehiago derbi batean: 28.367 ikusle egon ziren 2019ko urrian Anoeta estadioan jokatutakoan. Euriak zapuztu zuen atzo marka hori hobetzea. Eguraldiak lagundu izan balu, ziurrenik txiki geratuko zen errekorra. Hala ere, giro polita egon zen egun osoan zehar, batez ere San Mameseko zabalgunean, etxeko klubak egunerako apropos jarritako zaleen gunean: Athletic plazan.

Norbaitentzat egun biribila izan baldin bazen, txuri-urdinentzat izan zen. Irabazi egin zuen Realak, nagusitasunez: 1-3. Garaipenari esker, Natalia Arroyok entrenatutako taldeak eutsi egin dio azkenaldian bi taldeen arteko derbietan erakusten ari den nagusitasunari, azken laurak irabazi baititu: hiru Espainiako Ligan, eta bat Euskal Herria kopako finalerdietan.

Atzo irabazita, arindu egin du Espainiako Ligako azkeneko jardunaldian Zubietan Madrilen aurka galtzeak eragindako mina ere. Sailkapenean, seigarren postuan dago orain talde txuri-urdina: hamasei puntu ditu.

Sei gutxiago ditu Athleticek, eta bederatzigarren postuan dago. Bolada onean iritsi zen Iraia Iturregik entrenatutako taldea derbira, aurreko bi partidak irabazita, baina eten egin zaio susperraldia. Halere, gero eta hobeto ari da.

Erabakigarria izan da Gaby

Derbi ederra izan zen, hasi eta buka bizi jokatutakoa. Berehala hasi zen ikuskizuna: Amaiur Sarriegik aukera ederra izan zuen laugarren minutuan, baina ez zuen asmatu Mariasun QuiƱonesen aurrean bakarrik zegoela. Berehala atera zuen arantza, bi minutu eskas geroago. Nerea Eizagirrek pase zehatza eman zion area barrura, eta aurrelariak baloia sareratu zuen. Nekez has zitekeen hobeto partida txuri-urdinentzat.

Baina ez ziren kikildu etxekoak, eta gogotsu joan ziren berdinketaren bila. Helburua lortzear izan ziren gola jaso eta segituan, baina Oihane Baldezatek langara bidali zuen baloia, buruz, korner batean. Bigarren ahalegina, ordea, balekoa izan zen. Hamaseigarren minutuan, kale egin zuen Realaren defentsak, eta Jone Amezagak bikain aprobetxatu zuen korrikaldi luzea eginda gol ederra sartzeko.

Nor baino nor gehiago ari ziren bi taldeak, ausart. Edonoiz gerta zitekeen zerbait. Eta gertatu zen: Realaren bigarren gola, jokaldi ederrean. Alejandra Bernabek pase bikaina eman zion Gaby Garciari area barruan, eta hark Baldezate gainditu, eta gogor jaurtiz gola sartu zuen: 1-2. Halaxe amaitu zen lehen zatia. Bisitariak nagusi ziren, baina etxekoak bete-betean sartuta zeuden lehian.

Baina, partida hasieran egin bezala, Realak berehala eman zuen kolpea. 48. minutuan, Nerea Eizagirrek kornerra bota zuen eskuinetik, eta Gabyk berriz ere hartu zion aurrea hura zaindu behar zuen atzelariari, oraingoan Bibiane Schulzeri, eta bikain errematatu zuen buruz. Bigarren gola zuen erdilari venezuelarrak. Minutu asko falta ziren jokatzeko, baina txuri-urdinek bideratua zuten partida. Gainera, lehen golak ez bezala, hirugarrenak min handia egin zion etxeko taldeari.

Iturregik aldaketak egin zituen taldea suspertzeko, eta lortu zuen, batez ere azken minutuetan. Ane Azkona gola sartzear egon zen 85. minutuan, baina Adriana Nanclaresek gelditu egin zion jaurtiketa. Azkenean, Reala nagusi euskal futbolaren festan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.