Ingalaterra 2-0 Alemania

Mendekua hartu du

Ingalaterrak Alemaniari irabazi dio Wembleyn, eta Eurokopako final-laurdenak jokatuko ditu, azkenekoz jokatu eta bederatzi urtera

Ingalaterrako selekzioko jokalariak, garaipena ospatzen, atzo, Wembleyn. ANDY RAIN / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Sterlingek (75. min.). 2-0: Kanek (86. min).

«Futbola ingelesek asmatutako kirol bat da, non 11k beste 11ren kontra jokatzen duten eta beti Alemaniak irabazten duen»: Aski ezaguna da Gary Lineker Ingalaterrako futbolari ohiaren esaldia. 1990ean esan zuen, Italiako Munduko Kopako finalerdietan Alemaniaren kontra galdu berritan. Bero-beroan esandako esaldi hark maldizio kutsua hartua zuen Ingalaterrarentzat. Atzo arte, bi aldiz jokatu zuten bi selekzio horiek elkarren aurka txapelketa garrantzitsuren bateko kanporaketetan, eta bietan alemanak nagusitu ziren. Lehenbizikoak egin zien minik handiena ingelesei. Ez da harritzekoa, duela 25 urte etxean jokatutako Eurokopan izan baitzen; non, eta Wembley estadioan; noiz, eta finalaren atarikoan; nola, eta penalti jaurtiketetan. Gareth Southgatek, Ingalaterrako egungo hautatzaileak, huts egin zuen penalti erabakigarria.

25 urte geroago hartu dute ordukoaren mendekua. Ezin izan dute aukeratu ez toki, ez une aproposagorik: Wembleyn egin dute, Eurokopako final-zortzirenetan. 2-0 irabazi zioten atzo Alemaniari, eta, horri esker, final-laurdenetan ariko dira, kanporaketa horretan azkenekoz aritu eta bederatzi urte geroago.

Ingelesek indarrez eta konfiantzaz lepo ekingo diote partida horri: batetik, azkenean gainditu dutelako beren aurkaririk zitalena, makina bat aldiz ametsak zapuztu dizkiena; eta bestetik, sekulako txapelketa egiten ari direlako. Bi datuk laburbiltzen dute ondoen ingelesen jardun bikaina: hiru partida irabazi dituzte, eta bat berdindu; eta lau partida horietan ez dute gol bakar bat ere jaso. Eurokopa hasi aurretik faboritoen artean baldin bazeuden, are gehiago orain. Bidea falta zaie egiteko, baina pauso sendoak ematen ari dira.

Alemaniak, ordea, bigarren aldiz jarraian egin du espero baino bide laburragoa txapelketa handi batean; duela hiru urte, Errusiako Munduko Kopan, ez baitzuen ligaxka gainditu. Koska bat gorago egin du oraingoan, baina oso gutxi da hori Alemaniarentzat. Ez du erakutsi bere ohiko sendotasuna. Aitzitik, gorabeheratsu aritu da. Sufritu egin zuen ligaxka pasatzeko, eta lehen kanporaketan joan da etxera. Agur tristea izan du Joachim Loew hautatzaileak.

Golak, azken 15 minutuetan

Azken ordu laurdenean desorekatu zen lehia ingelesen alde. Ordu arte, nor baino nor gehiago aritu ziren bi selekzioak, eta biek izan zituzten aukera garbiak: lehenbizi, Neuerrek urrundu egin zuen Sterlingek egindako jaurtiketa; gero, Pickfordek buruz burukoa gelditu zion Wernerri; lehen zatia bukatzear zela, berriz, Hummelsek bere taldea salbatu zuen, Kaneri area txikian baloia kenduta; eta, bigarren zatia hasi eta berehala, Pickfordek geldiketa ikusgarria egin zion Havertzek area kanpotik egindako jaurtiketa bati.

75. minutuan hautsi zen parekotasuna. Sterlingek jokaldia hasi zuen; Kaneri eman zion baloia; hark, Grealishi, eta hark, Shawi; eta haren erdiraketa neurtua sarera bidali zuen Sterlingek. Hirugarren gola zuen, ordu arte bere selekzioak sartutako guztiak.

Gola jasota, Alemaniak aurrera egin zuen. Segituan egon zen saria lortzekotan, 81. minutuan, baina Muellerrek kanpora bota zuen baloia Pickforden aurrean bakarrik zegoela. Muellerrek izan ez zuen eraginkortasuna izan zuen Kanek bost minutu geroago. Berriro jokaldi landu bat amaiarazi zuen. Lehen golean parte hartu zuten hiru jokalari egon ziren tartean: Grealish, Shaw eta Kane bera. Aurrelariak beharra zuen gol bat sartzeko, eskas aritu baitzen aurreko hiru partidetan, golik sartu ezinik. Gol horrek biribildu zuen garaipena. Eta mendekua. Lehia amaitu eta gutxira hitz egin zuen Linekerrek: «Bada ordua bazter batean uzteko alemaniarrek beti irabazten dutela dioen esaldia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.