Bidegurutzean

Eibarrek eta Athleticek derbia dute gaur, Ipuruan. Gorantz segitu nahi dute etxekoek, eta zalantzak uxatu zuri-gorriek

Dani Garcia baloiari begira, entrenamendu batean. Gaur Ipuruara itzuliko da. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Zortzi etapa egin dituzte taldeek denboraldi honetako ligan, eta bakoitzak bere bidea egiten dihardu. Aurrera eta atzera, atzera eta aurrera, antzeko dabiltza denak, abiadura egokia hartu ezinda. Ez dira salbuespen Eibar eta Athletic, eta bakoitza berean elkarren parean jarriko dira gaurko etapa osatzeko.

Ipuruako derbiaren atarian, bidegurutzean daude biak. Armaginek goranzko beste pauso bat eman nahi dute, geldialdiaren aurretik Gironan irabazi eta gero. Sailkapenaren erdialdean edo hortik gora jartzeko aukera daukate, duela bi aste hain gertu izan zituzten atzeko lekuak eta kezkak gehiago urruntzeko. Hortxe dira, hain zuzen, zuri-gorriak, jaitsierako lekuan, aspalditxotik irabazi ezinda. Urrun geratu zaie Leganesi lehen jardunaldian ateratako hiru puntu haiek. Emaitza aldetik, bide bakarra dauka hartu beharra Eduardo Berizzoren taldeak, eta, hori lortzeko aukeretan, ezkerrera edo eskuinera jotzeko modua dauka. Nola irabazi? Jakina da zein jokomolde duen gustuko entrenatzaile argentinarrak, eta molde nagusi horretan ez du aldaketarik egingo, baina taldearen inguruan piztu da eztabaidarik, sistema aldatu edo ez aldatu, eta aurrealdean Williamsekin jarraitu edo Adurizek segitu. Berizzok ez du zalantzarik, eta Aduriz ariko da aurrean, Williams ezkerrean duela. Prentsaren aurrean esandakoei men eginez, baliteke Unai Lopezek ere hasieratik jokatzea. Gainontzeko jokalarien artean ez da ezusterik espero.

Berizzok partidaren gakoetako bat izan daitekeena aurreratu zuen: «Oso garrantzitsua izango da lehen gola sartzea, eta partida gure estilora moldatu behar dugu». Emaitza onak ez ateratzearen eragiletzat akatsak jo zituen: «Geure okerrak ari zaizkigu puntuak kentzen».

Eibarrek badaki bidea

Joko aldetik batere zalantzarik gabe Eibar zelairatuko da. Jose Luis Mendilibarrek eta haren jokalariek ondo baino hobeto dakite nola jokatu behar duten, eta Zaldibarko entrenatzaileak «partida zaila» iragarri du bi taldeentzat: «Athleticek jokatzen duen moduan jokatuta, zaila izango da guretzat, jokalari onak baititu». Baina azkar gehitu zuen beste hau ere: «Haientzat ez pentsa, ordea, erraza izango denik». Dani Garcia eta Ander Capa Eibarreko jokalari ohien inguruan ere aritu zen: «Berezia izango da bientzat Ipuruan beste talde batekin jokatzea». Lehen Mailako aurreko lau derbietan, Ipuruan, Eibarrek behin bakarrik irabazi du, eta hirutan zuri-gorriek.

EIBAR-ATHLETIC

Eibar. Dmitrovic; Peña, Ramis, Arbilla, Jose Angel; Orellana, Diop, Jordan, De Blasis; Enrich eta Kike.

Athletic. Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez, Muniain; Susaeta, Aduriz eta Williams.

Epailea. Gil Manzano.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 16:15ean (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.