Reala 1-0 Valladolid

Berriz baliatu du bere aukera

Adnan Januzajek hagitz partida ona jokatu du, eta haren gol batek eman dio garaipena Realari Valladoliden aurka. Txuri-urdinak hirugarren dira sailkapenean, oraingoz

Joseba Zaldua eta Adnan Januzaj Realeko jokalariak baloia lortu nahian, atzo, Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Januzajek (60. min.). Epailea. Pizarro Gomez. Txartel horiak Realeko Aritzi eta Valladolideko Guardiolari. Bestelakoak. 30.611 ikusle Anoetan.

Berpiztu egin da Adnan Januzaj. Denboraldi honetan ez da Imanol Alguacilen lehenbizikotariko aukera izan erasoko jokalarien artean, baina azken astean izan dituen aukerak ezin hobeki baliatu ditu. Atzo, partida hasieratik hura izan zen Valladoliden buruhausterik handiena, eta belgikarraren erremate batek erabaki zuen Realarentzat trabatuta zegoen partida. Momentuz, hirugarren dira txuri-urdinak sailkapenean.

Lehenbiziko zatia hotza izan zen. Lasterkaldi anitz ikusi ziren, baita pase konbinazio eta kribil egokiak, eta zenbait jokalariren detaile tekniko abilak ere, baina hagitz gol aukera gutxi. Bi ateen inguruko arean deus gutxi gertatu zen lehenbiziko 45 minutuetan. Norgehiagoka motel hasi ziren, eta bi taldeek arrisku gutxiko jaurtiketa bana egin zituzten. Realak, ordea, aurkitu zuen Valladoliden ahulunea: haren ezker hegala.

Joseba Zalduak eta Januzajek pasabide erraza aurkitu zuten Valladolideko Raul Carnero defentsaren hegalean, eta Mikel Oiartzabalek, Mikel Merinok eta Martin Odegaardek etengabe eskuin aldera zuzendu zituzten paseak. Realak jokaldirik onena 39. minutuan egin zuen; nola ez, eskuinetik. Januzajek izkin egin zien bi atzelariri, Oiartzabali pasatu zion baloia, eta hark, area barrenean, orpoz itzuli zion. Gaztelarren defentsek, ordea, belgikarrari jaurtiketa itxi zioten.

Hala ere, lehenbiziko zatiko jaurtiketarik argiena Valladolideko Enes Unal aurrelariak egin zuen, 21. minutuan. Baloi luze batengatik lasterka Realeko atzelariei aurre hartu zion, baina boteka egindako jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zitzaion.

Bigarren zatian, ordea, Realak berehalakoan izan zuen lehenbiziko aukera argia: Isakek buruz errematatu zuen korner bat area txikian, baina Salisuk ukitu ondoren Masip atezainak baloia hartu zuen. Barrenera zihoan. Lau minututara, baina, Valladolidek erantzun ezin arriskutsuagoa eman zion jokaldi horri, Unalek atearen pare-parean kanpora bota baitzuen baloia.

Remirok salbatu

Baina Reala ez zen ernegatu, eta 60 minutu behar izan zituen denboraldi honetan hainbatetan josi dituen jokaldietako bat josteko. Odegaardek hasi, Oiartzabalek eta Zalduak paretarena egin, eta eibartarraren erdiraketa Januzajek buruz sareetara bidali zuen.

Partidaren itxura guztiz aldatu zen une horretatik aitzinera. Januzajek berdin segitu zuen, Realeko jokalari arriskutsuena izaten. Lehenbiziko zatian ez bezala, Odegaard bigarrenean ohi bezala aritu zen, eta txuri-urdinek jokoan nagusitzea lortu zuten. Hala ere, futbolaren paradoxak, azken bi ikarak donostiarren ateak pairatu zituen, Remirok birritan eragotzi baitzuen Valladoliden berdinketa, 81. eta 93. minutuetan. Hiru puntuak, ordea, Anoetan gelditu ziren, bertze behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.