ALAVES 0 BETIS 1

Okerreko bidea hartu du

Borja Iglesiasek amaieran sarturiko gol batek punturik gabe utzi du Alaves etxean, Betisen kontrako partidan. Itxura lehiakorra eman arren, golari bizkarra emanda dabil oraindik ere

Mamadou Ndiaye eta Mamadou Sylla Alaveseko jokalariak, etsita, Betisek gola sartu berritan, atzo, Mendizorrotzan.. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Golak.Epailea.Bestelakoak.

Bidegurutze batean zegoen Alaves, Atletico Madrili irabazi eta Athleticen kontra galdu ostean. Bi aukera zituen atzo, Betisen aurka: etxean bigarren garaipena kateatu eta putzutik ateratzeko urratsa egitea, ala bigarren partida jarraian galdu, eta denboraldi hasierako joera ezkorrari jarraipena ematea. Bada, okerreko bidea hartu zuen, 0-1 galdu baitzuen Manuel Pellegriniren taldearen aurka. Emaitza ez ezik, galtzeko modua ere oso mingarria izan zen, neurketaren hondarrean sartu baitzioten gola Arabako taldeari. Ez zen aurkaria baino gutxiago izan, bigarren zatian bereziki, baina gasteiztarren ahaleginak ez zuen islarik izan markagailuan. Zaharrak berri.

Sekulako zailtasunak dituzte golak sartzeko: bi baizik ez dituzte egin orain arte. Atzo, zorteak ere bizkarra eman zien, bi baloi bidali baitzituzten langara, norgehiagoka oraindik hutsean zela. Tematu ziren jaurtiketak egiten, baina baloiak sareratzea ia ezinezkoa da, gaur-gaurkoz, Javier Callejaren taldearentzat. Aldiz, aurkariek ia beti topatzen dute Alavesen atea zulatzeko modua. Eta bi areetan kale eginez gero, alferrik da. Ezin da punturik lortu.

Erasoan aurrerako urratsa egin nahian, lauko defentsa berrezarri zuen arabarren teknikariak, eta bostekoa alde batera utzi. Jokalariek ez zuten jaso teknikariak igorritako mezua, eta herabe hasi zuten partida. Mendizorrotzako giroak ere ez zituen xaxatu harmailetara itzuli zen atzo Iraultza 1921 zale taldea. Hala, aurkariaren menpe egon ziren minutu luzez. Betisek bere egin zuen baloia, eta arabarren area inguruan jokatu zuen neurketako lehen ordu erdian. Amaiezinak ziruditen kanpokoen jabetzek, Alaves atzean gotortuta zegoen bitartean, halabeharrez.

Bere txarrean, estualdi horretan aukera gutxi sortu zizkioten Callejaren taldeari. Bosgarren minutuan Miazgak baloia atepetik atera zion Canalesi, baina Realeko jokalari ohiak jokoz kanpo hasi zuen jokaldia. Rodri eta Guardadoren sinadura izan zuten Betisen hurrengo saiakerek. Eta, gero, Fekirrek gelditu erabakigarria egitera behartu zuenPacheco, Betisek ezkerretik ehundu zuen jokaldi landu baten ostean. Ezkerrez jaurtiketa indartsu eta gurutzatua egin zuen frantziarrak, baina ezin izan zuen gainditu Alaveseko atezaina.

Hasieran, gasteiztarrek modu bakarra aurkitu zuten arriskua sortzeko: geldikako jokoa. Batzuetan ez da gehiagoren beharrik izaten markagailuan aurrea hartzeko, eta, korner batean, Toni Moyak oso gertu izan zuen1-0ekoa, 15. minutuan. Jaurti egin zuen, erdiratu beharrean, baloiari gurpila barrurantz emanda. Langak galarazi zuen gol ikusgarria bezain baliotsua zatekeena. Izan ere, ezerezetik urrea lortzearen parekoa izango zen Alavesentzat, erasoan hutsal ari baitzen.

Gauzak aldatu egin ziren lehen zatiko azken ordu laurdenean, Rioja eta Pellistri agertzen hasi ahala. Bata desoreka sortzen saiatu zen hegaletatik, eta bestea arrisku handiz azaldu zen aurkariaren arean. Oso aukera garbia izan zuen 38. minutuan, Betiseko atzelarien nahasmena baliatuz, baina kanpora jaurti zuen area txikiaren ertzetik. Barkatu ezin diren abagune horietako bat izan zen. Hortik gutxira, gutxi falta izan zitzaion Rui Silvaren aurrean bakarrik gelditzeko.

De la Fuentek ere, langara

Atsedenaldira, beraz, hanpatuta iritsi zen Alaves, eta hobekuntzari jarraipena eman zion bigarren zatian. Neurketa orekatu egin zuen erabat, eta prest agertu zen Betisekin kolpeak trukatzeko. Fekirrek gertu izan zuen gola 53. minutuan, zutoinetik oso gertu irten zen ezkerkada batekin. 60. minutuan iritsi zen arabarren ihardespena, De la Fuentek ateko zuloan buruz egindako errematearekin. Beste garai batean, akaso, baloiak ate barruan bukatuko zukeen, baina, atzo, langarekin egin zuen talka berriro.

Partida bukaerara arte egon zen irekita, eta Iglesiasen gol berantiarrak itxi zuen. Alavesek aldeko korner bat atera ostean hartu zuen kolpe erabakigarria. Rui Silvaren sake azkar batekin hasi zen jokaldia, eta Joaquin eta Iglesiasen arteko konexioarekin bukatu. Zaila da neurketa bat modu mingarriagoan galtzea. Alta, Callejarenek ezin dute amore eman. Haize kontra bada ere, arraun egiten jarraitzea besterik ez zaie geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.