Ukraina. Parlamenturako hauteskundeak

Zubiak eraiki, su biak itzaltzeko

2015ean Minsken sinatutako protokoloa berriz hartu nahi dute Errusiak eta Ukrainak. Su-etena hasiko dute bihar, eta bi aldeek adierazi dute prest daudela gerra presoen trukea negoziatzeko

Zubiak eraiki, su biak itzaltzeko.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
2013. urtean piztutako sua ez da oraindik itzali: Europan mende honetan egon den gerrarik handienakhor dirau. Gatazkaren intentsitatea asko apaldu da orduko indarkeria oldarralditik, batez ere 2015ean Minsken sinatu zuten protokoloaren ondoren. Dena dela, 13.000 hildako baino gehiago eragin ditu, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen arabera. Fronte diplomatikoek beste forma batzuk hartu dituzte, eta Euromaidaneko garren txinpartek beste modu batera zipriztindu dituzte azken asteak. Hasteko, Ukrainako Gobernuak eta ekialdeko errusiazaleek su-etena adostu dute; bihar sartuko da indarrean, parlamenturako hauteskundeen egunean.

Heiko Maas eta Sergei Lavrov Alemaniako eta Errusiako Atzerri ministroek, hurrenez hurren, ostegunean eskatu zuten Minskeko prozesua «berpizteko», baina ez zuten zehaztu noiz izango duten aukera berriz goi bilera egiteko. Normandia formatua izena du Ukrainako ekialdeko gatazkari irtenbidea aurkitzeko osatu zuten laukote diplomatikoak: Alemania, Errusia, Frantzia eta Ukraina. 2016an elkartu ziren azkenekoz lau herrialde horietako ordezkariak, eta hurrengo bilera «behar bezala» prestatu behar dela adierazi zuen Maasek. Haren ustean, gatazkaren bilakaerak baditu «seinale positibo batzuk», baina «su-eten iraunkorra» du helburu. Errusia «zintzoki prest» dago aurrera jarraitzeko, Lavroven hitzetan, Minsken adostu zutena «guztiz betetzea» lortu arte.

Bihar abiatuko duten su-etena ez zaie nahikoa iruditzen, baina bada zerbait: Vladimir Putin Errusiako presidentearen eta Volodimir Zelenski Ukrainakoaren arteko lehen telefono deiak eman duen emaitza, hain zuzen. Presidenteek duela astebete hitz egin zuten elkarrekin, eta gerra preso guztien truke bat adostearen beharraz ere aritu ziren: 69 ukrainar nazionalista eta 208 errusiazale. Halere, baldintza bat jarri zuen Zelenskik: Errusiaren lurretan preso daudenak askatzea lehenengo. Krimeako penintsulakoak ere talde horretan leudeke, baita Errusiak azaroan atxilotu zituen 24 marinelak ere.

Azoveko itsasoan sartzear zeudela atzeman zituen Errusiak marinel horiek, Krimea inguruan, eta «muga legez kanpo gurutzatzea» egotzi zien. Giroa gaiztotu zuen gertakariak. Aste honetan bertan erabaki du Errusiako Justiziak prebentziozko atxiloaldia hiru hilabetez luzatzea. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan du gaia «eguneko agendan» dagoela, baina ez dutela negoziaziorik hasi preso horiekin trukea egiteko. Auzitegian bertan, Tatiana Moskalkova Errusiako Herriaren Defendatzaileak adierazi zuen «humanoa eta zuzena» litzatekeela «kautelazko neurriak moldatzea».

Presoen trukean lehen urratsa egiteko prest agertu da Zelenski. Kirill Vixinxi kazetari errusiar-ukrainarra aske utziko du, Errusiak Oleg Sentsov zinemagile ukrainarra askatzen baldin badu. Peskoventzat, kazetaria askatzea «lehen urrats on bat» da, Kieven eta Moskuren arteko elkarrizketa berrezartzeko bidean.

Bitan banatuta

Ukrainak bost urte baino gehiago daramatza egiturazko arrakala batek zeharkatuta. Banaketa lerroak bitan zatitzen du Donbass eskualdea: iparraldea eta mendebaldea Ukrainako Estatuaren kontrolpean dago; hegoaldea eta ekialdea, berriz, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikek kontrolatzen dute. 2013ko udazkenean lehertu zen gatazka: Viktor Janukovitx orduko presidenteak erabaki zuen Errusiarekiko lotura estutzea, eta haren aurka altxatu zen oposizio nazionalista europazalea, eskuin muturrak lagunduta; boterea indarrez hartu zuten 2014ko otsailean. Horrek erreakzioa sortu zuen ekialdean: Krimeak bat egin zuen Errusiarekin, eta Ukrainako gobernu berriaren aurkakoek boterea hartu zuten Donetsken eta Luhansken.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.