Espainiako armadak aberriratuko ditu gorpuak

Artaxoak hiru eguneko dolua ezarri du, Beriain eta Fraile omentzeko. Al-Qaedaren barneko talde batek bere gain hartu ditu hilketak

Artaxoan elkartu ziren atzo arratsean, kazetarien omenez. IÑIGO URIZ / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Defentsa eta Atzerri Ministerioek atzo jakinarazi zuten Espainiako armadako hegaldi baten bidez aberriratuko dituztela David Beriain eta Roberto Fraile kazetarien gorpuak. Iragarri zuten litekeena dela bihar heltzea. Astelehenean hil zituzten, eta Burkina Fasoko Arliko parke naturaletik Uagadugu hiriburura eraman zituzten gorpuak atzo gauean, autopsia egiteko. Beriainekin eta Frailerekin batera, Rory Young irlandarra hil zuten, Chengeta Wildlife gobernuz kanpoko erakundearen sortzailea; haren gorpua hegaldi berean aberriratuko dute.

Espainiako Gobernuak segurtatu du Beriainen eta Fraileren senideekin «kontaktuan» daudela aberriratze tramiteak kudeatzeko, eta Burkina Fasoko agintarien baimena «jaso bezain laster» aginduko dutela hegaldia. Bestalde, Espainiako Atzerri ministro Arantxa Gonzalez Laia atzo mintzatu zen Burkina Fasoko homologo Alpha Barryrekin, eta hark «doluminak» helarazi zizkion gertatutakoaren harira. Gertatua argitzeko ikerketa bat abiatu du Burkina Fasoko Gobernuak. Hilketen berri izan eta berehala ugaritu dira omenaldiak. Artaxoakoa (Nafarroa) zen Beriain, eta bertako udalak hiru eguneko dolua ezarri du. Atzo arratsean, 20:00etan, elkarretaratze bat antolatu zuten han, hildako kazetariak gogoratzeko. Artaxoako udalbatzak biktimen senideen «saminarekin bat egin» du; Beriain «kazetari ausarta» zela gogoratu du, «egia bilatzeko etengabe ahalegintzen zena».

Halaber, minutu bateko isilunea egin zuten eguerdian Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatean. Beriainek bertan ikasi zuen; irakasleek «goitik beherako kazetari» gisa oroitu zuten.

Erasoen egiletza

Al-Qaedaren barneko talde batek bere gain hartu zituen atzo Beriainen eta Fraileren hilketak. Islamaren eta Musulmanen Aldeko Taldeak —JNIM siglekin da ezaguna— zenbait irudi eta grabazio zabaldu zituen sare sozialetan, zuzenean lotzen dituztenak euskal kazetarien hilketarekin; haiei lapurtutako materialaren irudiak zabaldu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.