Josep Ferris i Tortajada. Onkologoa

«Planta herritik hurbil egoteak osasun kalteak areagotzen ditu»

Biomasa plantek kutsatzaile asko igortzen dituztela azaldu du Ferris medikuak, eta osasun arazo larriak eragiten dituztela berretsi.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Iazko maiatzean, Glefaranen jardunari buruzko jardunaldi bat egin zuten Zallan, eta bertan izandako zientzialarietako bat da Josep Ferris i Tortajada. Onkologo pediatra izan da, eta kutsadurak eragindako osasun arazoak ikertu izan ditu Herrialde Katalanetan; egun erretiratuta dago.

Biomasa plantak energia berriztagarritzat hartu dira, baina garbiak al dira?

Ez, kutsatzaile asko isurtzen dituzte: toxikoak, mutagenikoak eta minbizi eragileak. Garai batean, ekologistak ere bazeuden biomasa planten alde, baina ingurumenari lotutako osasuna kontuan hartzeak ikuspegia aldatu du. Izan ere, leku itxietan hilkortasun handiena eragiten duten kutsatzaileak biomasa erretzean ateratzen dira: batetik, tabakoa erretzea, eta, bestetik, etxeak berotzeko edo kozinatzeko sistemak, alegia, tximiniak.

Glefaranen antzeko planta bat aztertu duzu: Bartzelonako La Garriga. Zer ondorioztatu duzu?

Jarduera industrial guztiek, neurri handiagoan edo txikiagoan, kutsadura atmosferikoa eragiten dute, eta kutsadura horrek, ekosistema naturalei eraso egiteaz gain, gizakien osasunari ere kalte egiten dio. Biomasa plantek kutsatzaile asko isurtzen dituzte: gas inorganikoak, bentzenoa, estirenoa, hidrokarburo poliziklikoak, metal astunak (artsenikoa, merkurioa, kromoa, beruna...), eta abar. Baina nabarmentzekoak dira partikula handiak, finak, ultrafinak eta nanopartikulak, patologia pila bat eragiten dituztelako.

Zer ondorio dute osasunean?

Batez ere lau gaitz mota eragiten dituzte: gaixotasun kardiobaskularrak (bihotzekoak, hipertentsioa, arritmiak...), minbiziak, garuneko gaitz baskularrak (iktusak) eta biriketako eritasun kronikoak. Gaitz arinak zein larriak areagotzen dira, hilkortasun goiztiarra handitzen dute, eta bizi kalitatea gutxitzea dakarte. Gueñes eta Zallaren kasuan, gainera, planta herrietatik hurbil egoteak areagotu egiten ditu kalteok.

Zenbateraino dira haurrak kalteberagoak?

5 urtez azpiko haurrek izaten dituzte kutsadurak eragindako gaitzen %40. Ume horiek garatze prozesuan daude; beraz, askoz elikagai, ur eta aire gehiago kontsumitzen dute euren pisuko kilo bakoitzeko; hau da, arnasa gehiago hartzen dute, eta kutsatzaile gehiago xurgatzen dute. Gainera, umeen sistema immunologikoa ere ahulagoa da, eta horrek dakar kalteberagoak izatea kutsaduraren erasoekiko.

Zure ustez, Glefaranek osasunean eragindako kalteek auzitan jarri behar lukete haren jarduna?

Arrazoi nahikoa dira industria hori herrietatik gutxienez bost kilometroko distantziara eramateko. Badago dilema faltsu bat hor: edo euroak —eta enplegua—, edo osasuna. Agian nire lanbideagatik, beti izan dut argi osasuna ezinbestekoa dela, baina biek izan beharko lukete bateragarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.