Kataluniako prozesu subiranista. Mobilizazioak

«Zentsura» jasan dute Bruselan

Puigdemontek eta Torrak hotel batean eman dute hitzaldi bat, Europako Parlamentuan egitea debekatu dielako Tajanik. Turull eta Romeva gaur dira Gorenean deklaratzekoak

Igor Susaeta.
<i>Madril</i>
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Prozesu subiranista nazioartekotzeko ahaleginean Europak ez zizkiela ateak itxiko adierazten zuten agintari independentistek duela urtebete inguru. Baina Europako Parlamentuko presidentea Antonio Tajani da, Europa Alderdi Popularrekoa, eta Bruselako instituzioetan Kataluniako auziaz hitz egitea saihestu nahi du nola edo hala. Beraz, PPko europarlamentari baten, PSOEko baten eta Ciudadanoseko baten eskariz joan den ostiralean hartutako erabakia berretsi zuen Tajanik atzo, eta Carles Puigdemont eta Quim Torra Europako Legebiltzarreko areto batean ematekoak ziren hitzaldia debekatu zuen, nahiz eta Generalitateko presidente kargugabetuak eta presidenteak erabakia «zuzendu» zezala eskatu zioten asteburuan, gutun batean. Azkenean, Bruselako hotel batean egin zuten, atzo iluntzean, Katalunia eta erreferendumaren epaiketa: EBrentzako erronka bat konferentzia.

Generalitateko presidente kargugabetuak atzo eguerdian Twitterren salatu zuenez, Tajanik «zentsuratu» egin ditu. Puigdemontentzat, «eskandalagarria» da Europako Parlamentuko presidenteak egindakoa, eta egotzi dio Voxek antolatutako ekitaldi bat baimentzea ordea. «Populismoa eta muturreko nazionalismoa ongi etorriak dira Europako Legebiltzarrean; ez, ordea, NBEk onartutako autodeterminazio eskubidea». Legea eta Justizia Poloniako alderdiak antolatuta, Katalunia, eskualde espainiar bat hitzaldia emango dute Voxeko ordezkariek Europako Parlamentuan, datorren martxoaren 6an. Generalitateko presidentearentzat, «antidemokratikoa» da Tajanik egindakoa.

Bi europarlamentarik, Ivo Vajgl esloveniarrak eta Ralph Packet flandriarrak, antolatu zuten presidenteen hitzaldia. Esteban Gonzalez Pons (PP), Iratxe Garcia (PSOE) eta Javier Nart (Ciudadanos) europarlamentariek, baina, debeka zezala eskatu zioten Europako Legebiltzarreko presidenteari, argudiatuz Puigdemont izan zela ordena konstituzionala «iraultzea» helburu zuen «plan baten erantzule nagusia». Tajanik aintzat hartu zuen eskaera, eta betoa jarri zion Europako Legebiltzarrean egiteari. Ganberaren presidenteak erabakia justifikatu zuen, adieraziz konferentzia han egitea «mehatxu bat» zela eraikineko «ordena publikoari» dagokionez. «Istiluak gerta daitezke barruan edo inguruan».

Torra, bizkartzainik gabe

Generalitatearen eta Madrilen arteko harremanak ez dira onak, eta hori argi ikusi ahal izan zen atzo. Torra Bruselara bizkartzainekin joatekoa zen, baina Espainiako Barne Ministerioak Generalitateko presidenteari laguntzea debekatu zien mossoei; nola armatuta, hala armarik gabe. Generalitatearen esanetan, orain arte Mossos d'Esquadrako agenteekin bidaiatu izan dute atzerrira, bai Torrak, bai kontseilariek. Europa Press agentziak Barne Ministerioaren iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, azken zortzi hilabeteotan, Fernando Grande-Marlaska Barne ministro denetik, neurri hori ezartzen diete Bruselara bidaiatzen duten ministroei, baita hara joaten diren agintari politikoei ere.

Bien bitartean, buruzagi subiranisten kontrako epaiketarekin jarraituko dute Espainiako Auzitegi Gorenean gaurtik aurrera. Jordi Turull Generalitateko Presidentetza kontseilari kargugabetua izango da deklaratzen aurrenetakoa ikusteko dago fiskaltzaren galderei ere erantzungo ote dien, eta, haren ondoren, Raul Romevaren txanda izango da. Oriol Junquerasen estrategia berari jarraitzen badio Andreu Van den Eynde da bien abokatua, ez die erantzungo fiskalen galderei.

Zenbait komunikabidek Goreneko iturriak aipatuz asteburuan kaleratu zutenez, epaileek apirilaren 28ko hauteskundeak baino lehen bukatu nahi dute epaiketa; uste dute posible dela. Auzipetuetako baten abokatuak BERRIAri adierazi dionez, hori «ezinezkoa» da. «Maiatzaren 26ko hauteskundeetarako ere ez. Epaiketa batean, antagonikoak dira azkartasuna eta bermeen zaintza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.