Lucas Egibar. Snowboardcrosseko kirolaria

«Urrea dut begiz joa; inora begiratzen hasita, gorenera jo behar da»

Pyeongchangen ariko diren euskal kirolarien artean, Lucas Egibarrek dauka aukera gehien domina bat lortzeko. Sotxin zazpigarren izan ondoren, goia jo nahi du. Ostegun goizaldean ariko da, 03:00etan hasita.

MARIO RUIZ / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Lucas Egibar apenas egon zen Sotxiko Olinpiar Jokoetan (Errusia) duela lau urte. Entrenatzaileek ez zieten utzi inauguraziora joaten, eta egun apur batzuk besterik ez zituen egin olinpiar hirian. Pyeongchangen (Hego Korea), ordea, «gozatzen» ari da. Batetik, Sotxin ez bezala, familia joan zaio bisitan. Bestetik, inaugurazioan izan zen, eta Espainiako bandera eraman zuen. Aitortu du dena «oso berezia» izaten ari dela. Baina burua jadanik ostegunari begira du. «Lau urteko lana dago jokoan».

Akabo lau urteko itxaronaldia. Iritsi da eguna: etzi goizaldean lehiatuko zara. Prest zaude?

Bai. Azken probetan ez naiz nahi bezala lehiatu. Gustatuko litzaidake emaitza on batzuk kateatuta iritsi izana, baina ez nago kezkatuta. Ostegunekoak axola du, ez aurrekoak. Ondo nago, eta bete-betean ariko naiz. Ez diot ezeri uko egiten.

Zertan huts egin zenuen azken proba horietan?

Batetik, neu ez nintzen ondo aritu. Baina bestetik, zirkuituak ez ziren egokiak niretzat. Oso laburrak ziren, minutu erdi inguruan egitekoak. Ni hobeto moldatzen naiz zirkuitu luzeagoetan, minutu edo minutu pasatuta egin beharrekoetan. Pyeonchangekoa minutu eta hogei segundoren bueltan egingo dugu. Beraz, ia-ia beste kirol bat dela esan daiteke.

Sasoi honetan, zortzi proba jokatu dituzue Munduko Kopan, eta beste horrenbeste irabazle izan dira. Hain handia da parekotasuna?

Orain galdetuko bazenit zeinek daukan aukera domina bat irabazteko, hamar izen botako nizkizuke lasai-lasai. Gure kirola ez da eski alpinoa bezalakoa. Diziplina horretako proba baten irabazlea nor izango den galdetuko bazenit, izen bat botako nizuke, eta kirolari horrek domina bat lortuko zuen ziur. Baina snowboardercrossean ez; kirol honetan ez dago jakiterik, onerako zein txarrerako: onerako, ondoan daukazun aurkaria edozein unetan eror daitekeelako; eta txarrerako, zuri beste horrenbeste gerta dakizukeelako. Nik oso barneratuta daukat arrisku hori. Badakit lehen minutuan gera naitekeela lehiatik kanpo. Baina horrek ez nau kezkatzen, ez dut indarrik gordeko. Barruan daukadan guztia emango dut.

Botako zenituen hamar izen horien artean zurea dago?

Jakina, zerrendaren buruan.

Itsututa zaude gutxienez domina bat irabaztearekin?

Goian egoteko obsesioarekin entrenatu naiz. Urrea dut begiz joa, hari egingo diot tiro. Inora begiratzen hasita, gorenera begiratu beharra dago, inoiz ez behera. Ez badut asmatzen, espero dut asko ez okertzea, eta gutxienez domina bat lortzea.

Kolpe handia litzateke domina bat ez irabaztea?

Unean eta beroan, argi dago dezente izorratuko didala. Normala ere bada, lau urte baitaramatzat jo eta ke egun horri begira. Baina oso barneratuta dut gure lasterketatan edozer gerta daitekeela, eta edozein xehetasunek, txiki-txikia izanagatik ere, lehiatik kanpo utz zaitzakeela. Ahal dudan gehien gozatu nahi dut, eta nire familiak nirekin goza dezan. Sotxin ez bezala, bertatik bertara biziko dituzte Olinpiar Jokoak, eta ziur naiz ekitaldi hau oso berezia izango dela, niretzat eta haientzat.

Eskatzen hasita, zer-nolako lasterketa gustatuko litzaizuke finalean?

Lasaia izatea nahiko nuke. Hasieratik buruan jarri eta eta aurrera egitea gustatuko litzaidake. Ni hori egiten saiatuko naiz. Baina badakit oso zaila izango dela hori gertatzea, sei parte-hartzaile ariko garelako lasterketa berean, nor baino nor gehiago. Uste dut mugimendu handia izango dela, zirkuitua zabala eta luzea baita. Hala ere, finalera iritsi aurretik hiru erronka gainditu beharko ditut. Lasterketaz lasterketa joan nahi dut.

Pyeongchangeko zirkuituan aritutakoa zara: hamargarren sailkatu zinen. Gustukoa duzu?

Bai, oso gustukoa dut. Gogoan dut oso pozik amaitu nuela proba hura. Jada probatu dugu, eta osoa gustura aritu naiz.

Sarritan esan duzu teknika dela zure ahulunea. Horren zirkuitu luzean, aukera gehiago dago huts txiki bat egin eta aurrera egiteko. Minutu erdi eskaseko lanean ezinezkoa da hori.

Hala da. Nahi baino huts tekniko gehiago egiten ditut, eta, horregatik, Pyeongchangeko zirkuitua horren luzea izateak mesede egiten dit, hutsen bat eginez gero konpontzeko denbora izan dezakedalako.

Sasoi betean egon beharko duzu, lan luzea da.

Oso luzea, eta indarrez nahiko larri iritsiko gara helmugara. Baina indartsua naiz ni, eta ahal handikoa. Uste dut lan luzea izateak on egin diezakedala.

Nahiko kaotikoak izan ohi dira snowboardcrosseko lasterketa gehienak. Posible da kaosaren erdian kontrolari eustea?

Bai, posible da gutxi gorabehera kaosaren erdian plan zehatz bat izatea. Baina plan hori amaitu egiten da muturreko bat hartzen duzunean. Ni saiatzen naiz taldetxo batean ari garenean hortik ateratzen, inork bultza ez nazan. Baina batzuetan ezinezkoa da.

Bigarren aldiz lehiatuko zara Olinpiar Jokoetan. Beraz, lau urte gehiagoko eskarmentua duzu. Igartzen da?

Bai, noski, batez ere buruari dagokionez: oso ondo jarria dut orain, eta askoz zentratuago nago. Ziurrenik, duela lau urte kezkatuta egongo nintzatekeen, hona iritsi aurreko probetan ondo ez aritzeagatik; horri bueltak eta bueltak egongo nintzateke. Baina orain ez, helduagoa bainaiz. Badakit punta-puntan ibil naitekeela, eta ostegunean ondo aritzeak axola duela benetan, ez hona etorri aurretik ez dakit zenbat garaipen lortu izanak. Hala izan balitz hobeto, noski, konfiantza gehiagorekin egongo bainintzateke. Baina oso ondo nago, inoiz baino zentratuago. Inoiz baino argiago ditut gauzak.

Taula gainean arriskuak neurtzen ikasi al duzu?

Bai. Horrek ez du esan nahi orain arriskuak hartzen ez ditudanik, edo horren ausarta ez naizenik. Hori ez dut galdu. Kirol honetan ez dago zer eginik arriskatzen ez bada.

Duela lau urte baino ezagunagoa zara orain. Aurkariek estu zainduko zaituztete.

Badakit, eta horrek asko motibatzen nau, horrek esan nahi duelako aintzat hartzen nautela, eta badakitela irabaz dezakedala.

Bitan sailkatu zara Olinpiar Jokoetarako, eta bietan gertatu zaizu lehiaketaz kanpoko ezbehar larriren bat aurreko urtean. Sotxin lehiatu aurretik, anaiak moto istripu larria izan zuen. Pyeongchangen aritu aurretik, berriz, zure entrenatzailea hil zen bat-batean, garuneko infartu batek jota. Nola egiten zaio aurre horri?

Bada, altxatuz eta aurrera eginez. Kosta egiten da, baina ez dago beste aukerarik. Anaiari eta Israri [Israel Planas Espainiako selekzioko entrenatzaile izandakoa] gertatutakoak erakutsi dit bizitza halakoa dela, egun batean goi-goian zaudela eta hurrengoan behe-behean. Nire kasuan, egun batean Munduko Txapelketan zilarrezko bigarren domina irabazi izana ospatzen ari nintzen, eta 24 ordu eskas geroago negar malkotan nengoen nire entrenatzailea hil zelako. Lehen ez nekien, baina orain ondo dakit une batean dena amai daitekeela. Orain askoz gehiago baloratzen dut daukadan guztia, eta azkena balitz bezala bizi dut une bakoitza.

Galdetu beharrik ez dago lortuko duzun guztia nori eskainiko diozun.

Hori oso argi dut. Nire kirol ibilbidean lortu dudan guztia ondoan ditudanei, gertukoei eskaini diet beti. Makina bat urte daramatzat mundu luze-zabalean lehiatzen, ia beti bakarrik, eta ez da erraz eramaten. Gero eta behar handiagoa dut gertukoekin egoteko, gero eta gehiago sumatzen dut haien falta. Haiei esker iritsi naiz honaino, eta haiei esker naiz naizena. Izugarri daukat haiei eskertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.