Iker eta Daniel Vicente. Aizkolariak

«Aizkorak behar zuen horrelako apustu bat»

Bi aste pasatxo joan dira Iker Vicentek eta Xabier Orbegozo Arria V.ak apirilaren 8rako apustua itxi zutenetik. Egun horri begira, jo eta su ari dira lanean jada Vicente aita-semeak.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Unai Ugartemendia -

2018ko urtarrilak 24
Eskolatik iritsi berria da Iker Vicente (Otsagabia, Nafarroa, 1999), eta semearentzako enborrak prestatzetik Daniel Vicente (Ituren, Nafarroa, 1969). Amak berokia eman dio argazkiak atera aurretik, «ez hozteko». Argazkiak ateratzeko zain, bizilagun batek leihotik oihua bota die: «Noren alde jokatu behar da dirua?». «Irabazlearen alde beti», erantzun dio Danielek. Ikusmin ikaragarria sortu da Otsagabian apustuaren aitzakian.

Badago apustua: apirilaren 8an, Tolosako zezen plazan.

IKER VICENTE: Bai. Denbora batez zalantzan ibili ginen, Arria V.ak apustua botako ote zuen ala ez, baina azkenean botatakoari eutsi eta Tolosara azaldu ginen, Kantabriko tabernara. Joan bakarrik ez: akordio bat ere egin genuen.

Mingain gaiztoek diote apustua itxi aurreko astean, Azpeitian, ika-mika izan zenutela bi aldeetakoek.

DANIEL VICENTE: Arria V.ak, Xabier Zalduari irabazi eta gero, bota zuen niri ere bi apustu irabaziak zizkidala aurretik, eta Ikerren aurka jokatu nahi zuela apustua. Alegia, berak zioen polita izango zela lehenik aitari eta gero semeari irabaztea. Hori horretan gelditu zen. Baina orain dela gutxi, Zaldua eta Joxean Etxeberriaren apustuaren ondoren, bazkaltzera joan ginen. Bertan, alde guztietatik indarra zen sobran. Bere aldeko batzuk, eta gure artean hasi ginen eztabaidan. Giroa berotuz joan zen, eta guk hitz egiteko ez, apustua botatzeko esan genien. Hitz egitekotan gelditu ginen. Handik egun gutxira, erronka bota zuen.

Zu, Daniel, Frantzian zinen.

D.V.: Bai, lanean, baina etxekoek deitu orduko, Otsagabira etorri nintzen. Gure artean hitz egin genuen. Nik Ikerri galdetu nion ea apustua jokatu nahi zuen, eta nola ikusten zuen. Ikasketen kontua ere pentsatu genuen, ea apustua prestatzeko denborarik izango zuen. Baietz esan zidan, eta azaltzea erabaki genuen.

Zu, Iker, ez zeunden oso konbentzituta.

I.V.: Zalantzak nituen, bai. Egia da aspalditik gogoa nuela apusturen bat jokatzeko, baina orain ikasten ari naiz, eta askotan bizikleta saioak eta mendi irteerak egin behar ditugu, nahiz eta eguraldia lagun ez izan. Ezbeharren bat izateak atzera eragiten zidan hasieran. Baina azkenean, ni ere Azpeitiko ika-mikaren ondoren, berotu egin nintzen.

Zuek ere apustuzaleak al zarete?

D.V.: Bai, eta batzuk jokatutakoak gara. Hala ere, lau urte dira jada azkena jokatu nuela.

Mahaian eseri orduko, ezetz esan zenuten 30 kana-erdiko mozteko lanari. Zergatik?

D.V.: 30 kana-erdikoena atera zenetik, Ikerrek argi zuen ezetz. Ez zion atzera eragiten ez denborak, ez lanak. Ez genuen nahi dena kana-erdikoak izatea. Argi daukagu, gainera, Arria V.ak kana-erdikoetan asko aurreratzen duela. Lehen ere moztu izan ditu 20 kana-erdiko 40 minuturen azpitik, Joseba Otaegiren aurka jokatutako hartan. Guk, ordea, enbor ezberdinekin egin nahi genuen, 60 ontzakoekin edo oinbikoekin, kana-erdiko batzuk tarteko.

I.V.: Nik hasieran azkar erantzun nion hamalau kana-erdiko eta sei oinbikotara jokatzearena, baina berak, oinbikoekin esperientzia txarra zuela-eta, atzera egin zuen. Lana antzekoa zen, baina neurri ezberdinak sartuta.

Zaila zirudien ados jartzea, baina azkenean lortu zenuten.

D.V.: Bi aldeek gureari eutsi izan bagenio, ez genuen akordio bat lortuko, ziur. Guk aukera gehiago bagenituen pentsatuta, baina azkenean gustura gelditu ginen egindako apustuarekin.

I.V.: Hala izan zen, bai. Nik hamabi enbor kana-erdiko eta zortzi enbor 60 ontzakoena bota nuenean, Arria V.ak baietz esan zuen. Azkenean, erdibidean gelditu gara.

Lan luzeak beldurra ematen al zizuen?

D.V.: Askotan ez da jakiten zenbateko lana irtengo den aizkoran hasi aurretik. Arriak berak, Felix Etxeberriari jokatutako apustu batean, oso egur gogorrak eraman zituen, eta Etxeberriak, are eta gogorragoak. Berez 40 minutu inguruko lana zena 70 minutura luzatu zen. Alde horretatik ez zigun beldurrik ematen. Egurra izango da denbora mugatuko duena.

Iker, gustura altxatu zinen mahaitik?

I.V.: Bai. Egin beharko dugun lana oso gustukoa dut. Hala ere, orain lan asko egitea tokatzen zait. Gainera, enborrak ere erdi bana eramango ditugu, berak kana-erdikoak eta guk 60 ontzakoak. Gauza oso berdinduta ikusten dut: alegia, ondo egindako apustua dela.

6.000 euro jarriko ditu alde bakoitzak. Zuk, Daniel, 8.000 euro ere jokatu nahi zenituen.

D.V.: Bai. Nik uste nuen Xabierrek 6.000 jokatuko zituela, eta nik 9.000 bota nahi nizkion. Azkenean, 5.000 esan zuen. Guk 8.000 esan genion, baina asko iruditu zitzaion, eta tarteko zerbait adostu behar izan genuen.

Diru gehiago jokatu nahi izateak Ikerren aldera jartzen al zuen apustua?

D.V.: Ez du zertan, baina 60 ontzakoak adostu genituenean, irabazteko aukera asko ikusten hasi nintzen, eta horregatik pentsatu nuen gehiago jokatzea. Irabazteko, 6.000 euro agian ez dira asko, baina galtzeko, bai.

Hiru hilabete eskas dituzu, Iker. Nola prestatuko duzue?

I.V.: Binakako txapelketa hasiko dugu, baina nik buruan apustua dut. Entrenatzeko ondo etorriko zait txapelketa, gehienbat txanda librean delako, eta artean serie batzuk egiteko aukera izango dudalako. Finalera iritsiz gero, apustua baino hilabete lehenago jokatuko nuke, eta denbora izango nuke aurretik finduz joateko.

20 urte eta lehen apustua. Nola ikusten duzu zeure burua?

I.V.: Indartsu nago, eta uste dut lan ona egingo dudala. Urte asko daramatzat txapelketetan, baina apustuen kontu hau berria da niretzat, eta aspalditik nuen probatzeko gogoa. Garaia heldu dela iruditzen zait, eta entrenatzeko gogo handiz nabil.

Azken urteetako apusturik handiena dela dio jendeak. Ados al zaudete?

D.V.: Nik uste dut hau beste gauza bat dela, aizkorak behar zuen horrelako apustu bat. Uste dut aizkorari oxigenoa emango diola Ikerren gisako aizkolari bat apustutan ikusteak. Arria V.ak ere marka ederrak eginak ditu, Zalduari ere erraz irabazi zion, eta erakutsi du apustuetarako asko balio duela. Aspaldian askok espero zuten apustua izango da, eta apustutan bigarren izateak ez du ezer balio. Ikusmina, behintzat, piztu du.

I.V.: Nik iritzi bera dut, aizkorak behar zuela horrelako apustu bat.

Ikusmina aipatu duzu. Herrian nabaritzen al da? Errespetua ematen al dizu zuri, Iker?

I.V.: Bai, nabaritzen hasia da. Errespetua baino gehiago, motibazio handia dut. Otsagabiko haranean ez da izan aizkorarako zaletasun handirik, baina orain askok aipatu didate apustuaren kontua. Ondo prestatzeko gogo ikaragarriarekin nago.

Zuk, Iker, jaiotzetik izan duzu aizkora eskuetan, baina aitak ez zuen bere garaian inor izan ondoan. Nola hasi zinen aizkoran zu, Daniel?

D.V.: Nik ez nuen izan Ikerrek orain duen zorterik. Etxean ez zegoen zaletasunik, eta koinatuarekin hasi nintzen, Nartxi Saralegi zenarekin. Haien etxean apustu hitza beti izaten zuten ezpainean. 20 urterekin hasi nintzen aizkoran, nahiko berandu.

Arria V.ari ere jokatu omen zenizkion bi apustu.

D.V.: Bai, eta biak galdu nituen [barrez]. Lehenengoa, berak 20 urte zituenean jokatu genuen; nik artean 27 nituen. Haiek ere beroaldi batetik ateratako apustuak izan ziren. Hamabi kana-erdikora jokatu genuen lehena, eta hamaseira bigarrena. Bigarrengoan, erraz irabazten nindoala, arazo larriak izaten hasi nintzen lan erdietatik aurrera. Handik gutxira, asma arazoak nituela esan zidaten proba batzuk egin ostean. Urte askoan ez nuen apusturik jokatu, harik eta orain lau urte Ruben Saralegi ilobarekin batera Etxeberriari eta Oihan Larretxeari jokatu genien arte. Irabazi egin genien.

Zure lehen plaza, Iker, 5 urterekin egin eta gero, aitak hordagoa bota omen zizun 12 urterekin. Hala izan al zen?

D.V.: Ordurako dezente mozten zuen. Nire entrenamenduetara etortzen zen, eta beti aizkora eskuan izaten zuen jolasteko. Nik ez nion inoiz enborrik aurrean jarri; berari ateratzen zitzaion. Arratsalde batean, 45 ontzako bi enbor prestatu nizkion, eta oso azkar moztu zituen, inoiz pentsatuko nukeen baino lehenago. Orduan, errekor bat jartzea proposatu nion, 45 ontzako sei enbor moztea. Antolatzaile bati proposatu nion, eta baiezkoa eman ondoren, Burgura [Araba] joan ginen.

Aste hartako bitxikeriaren bat ere ba omen duzu, Iker.

I.V.: Bai. Hara joan aurretik, oiloekin jolasten ari nintzela erori, eta eskumuturrean mina hartu nuen. Eskumuturrean hesgailu bat jarrita joan nintzen errekorra egitera. Amaitzean, minduta sentitzen nuen, eta egun hartako saria jasotzea ere kosta egin zitzaidan. Handik egun batzuetara, proba batzuk egitera joan, eta esan zidaten eskumuturra hautsia nuela. Hala ere, hemeretzi minutu eta segundo gutxian egin nuen lana.

Zer gogoratzen duzu egun hartaz?

I.V.: Dena gogoratzen dut. Nola joan ginen, enborrak nola prestatu genituen... Enborrak ederrak ziren, Iratiko basoan botatakoak. Oso gustura moztu nituen, eta gogoan dut, era berean, Iñaki Perurenak eman zidala saria. Etxean gordeta daukat.

D.V.: Anjel Arrospidek esan zizkidan hitzekin gogoratzen naiz ni: «Baduzu aizkolaria etxean».

Noiz hasi zinen ikusten honetarako balio zenuela?

I.V.: Nik beti izan dut argi aizkolaria izan nahi nuela. Jaiotzetik pentsatzen nuen jada aizkolaria nintzela. Txapelketak asko bizi izan ditut oso gaztetatik, orain bezala.

Ikasketak ere utzi zenituen aizkoran bakarrik prestatzeko. Erabaki erraza izan al zen?

I.V.: Herrian, DBHra arteko ikasketak soilik ditugu, eta gero denek Iruñera joan behar izaten dute ikastera. Argi neukan Iruñera ikastera joaten banintzen ezingo nuela berdin entrenatzen jarraitu. Etxean gelditzea erabaki nuen, bete-betean aizkoran saiatzeko asmoarekin.

Eta aitak zer esan zion?

D.V.: Nire babesa eman nion. Esan dezaket nik konbentzitu nuela erabakia hartzera. Amak ez zuen nahi. Ikerrek ikasten jarraitzea nahi zuen hark. Baina nik ikusten nuen nolakoa zetorren, eta banekien Iruñera joanez gero ez zuela hobetuko ondoren hobetu duen bezala. Ez nuen argi gerora jarraituko zuen, berriro ere ahaleginduko zen, utzi egingo zuen... Niri ilusio handia egiten zidan etxean gelditu eta saiatzearenak.

Zein planteamendu egin zenuten hurrengo urteetarako?

D.V.: Egun, txapelketa asko daude, eta ikusten genuen berak mugimendua zuela, eta, gainera, gurekin etxean izanda, ez zuela gastu handirik. 16 urte zituen arren, probatzea zen aukera. Bizpahiru urteren buruan gora iristeko aukera zegoen ikusi nahi genuen, eta, bestela, oraindik ere ikasteko aukera hor izango zuen. Hori izan zen planteamendua. Urte horretan Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela irabazi zuen, eta handik bi urtera, Nafarroakoa irabazi zuen, Floren Nazabalen aurretik.

Aizkoratik bizi daiteke?

I.V.: Gurasoekin bizita, askoz errazagoa da dena. Bestalde, babesleen diru laguntza ere badut, eta egurra Zaraitzuko haranekoek ematen didate. Horri irabazitako sariak gehituz gero, bizitzeko adina ateratzen dut. Beste gauza bat izango da biharko egunean etxea erosi edo familia bat sortu nahi badut.

Australian Lawrence O'Toole aizkolariaren etxean ere egonaldi batzuk egindakoa zara. Nola sortu zen hara joateko aukera?

I.V.: Munduko Kopan ezagutu genuen elkar, eta ni bideo batzuetatik ezagutzen ninduen. Berak gonbidatu ninduen hara joatera. Aizkoran zutik egiten ikasi nahi nuen, eta aukera bikaina zen hori. Amarekin joan nintzen. Hark, dena den, hamar egun besterik ez zuen egin han. Oso ondo pasatu nuen. Egun guztia aizkoran pasatzen genuen; aizkora batzuk ere erosi nizkion. Orain joatekoa nintzen berriro, baina, apustuarengatik, ez joatea erabaki dut.

Zer du hobetzeko Ikerrek?

D.V.: Ofizioa badu, hori hala da. Fisikoki oraindik indar gehiago hartu behar du. Garrantzitsuena da bere buruarengan sinistea, eta lana egitea. Ondo entrenatzen jarraitu behar du, eta inoren beldurrik ez du eduki behar. Askok ez bezala, plazan gehiago ematen du entrenamenduetan baino, eta hori oso ona da.

Zuri buruz entzundakoak dira; aizkolari aparta, etorkizunekoa, inoizko onena izan daitekeena…

I.V.: Uf, inoizko onena izatea oso- oso zaila izango da. Lehen ere aizkolari apartak zeuden, eta ia ezinezkoa da haiek egindako markak egitea. Askok diote lehengo egurra hobea zela, baina, hala ere, oso urruti ikusten ditut haiek egindako lanak. Egia da nire ilusio handiena hori dela, Miel Mindegiaren, Donato Larretxearen, Joxemari Olasagastiren eta Nazabalen parera iristea.

Nafarroan aurkaririk gabe gelditu zara denbora gutxian.

I.V.: Ez da dirudien bezain erraza. Ruben Saralegi lehengusuak estutu ninduen azkenekoan; Jon Rekondo ere oso ona da; eta Joxean Etxeberria indartsu dator.

Aitak asko eskatzen al dizu?

I.V.: Ezer gutxi. Ni naiz neure buruari asko eskatzen diona. Aitak eta amak asko lagundu didate nagoen tokira iristeko, eta benetan eskertzekoa da haien laguntza.

Horrela sentitzen al duzu?

I.V.: Orain arte beti pentsatu dut Aitzol Atutxa ni baino gehiago zela. Hala ere, nor baino nor gehiago aritu gara askotan, eta irabazi ere egin diot.

Askok amesten dute Atutxaren eta Iker Vicenteren arteko apustu batekin. Iritsiko al da eguna?

D.V.: Txapelketako finalean Ikerren eta Atutxaren artean hemezortzi segundo eskasen aldea ikusita, askok esan digute egin behar dugula elkarren aurkako apustua, baina uste dut aurten ez dela egokiena hari jokatzea. Noiz iritsiko den? Ziur iritsiko dela eguna. Niri ilusio handia egingo lidake.

I.V.: Gaur-gaurkoz, Arria V.aren aurkako apustua besterik ez dut buruan, eta zaila izango da oraingoa baino hobea egitea. Baliteke egunen batean Aitzolen aurka jokatzea.

Olasagastik berak esana da besoa osatuz gero gustatuko litzaiokeela zuri apustua botatzea. Polita izango litzake aizkolaririk zaharrena eta gazteena lehian ikustea.

D.V.: Berak beti izan du hori buruan. Mina hartu aurretik, Ikerrek Otsagabian irabazi zion, eta orduan jada esan zuen gustatuko litzaiokeela jokatzea, Polipasok eta Mindegiak bere garaian jokatu zuten bezala. Hala ere, bi urte geldirik egon eta gero, ez dakit maila politean aritzeko moduan jarriko ote den oraindik ere Joxemari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna