'Egunkaria', 1990ean jaio zirenen begiz

ETB1ek 'Egunkaria, 15 urte' erreportajea estreinatuko du astearte gauean. Irati Sarasua kazetariak zuzendu eta aurkeztu du

Garazi Torrealdai Joan Mari Torrealdairen alaba da erreportajeko protagonistetako bat. ETB.
urtzi urkizu
2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
2003ko otsailaren 21ean, Egunero-ren lehen zenbakiaren azalak hala zekarren: Itxia, baina ez isildua. Herri baten erantzun ozena. Asteartean hamabost urte beteko dira Euskaldunon Egunkaria bortxaz itxi zutenetik. ETB1ek erreportaje berezia prestatu du Egunkaria, 15 urte izenburupean, eta egun horretan estreinatuko du, 22:30ean. Itxieraren gauean atxilotuen etxeetan gertatu zena jasoko dute batetik, eta euskal hedabideek bizi duten egoeraz ariko dira bestetik.

Irati Sarasuak aurkeztu eta zuzendu du erreportajea. Egunkaria sortu zen urte berean jaioa da Sarasua, eta saioko bi protagonista nagusiak ere urte berekoak dira, 1990ekoak: Garazi Torrealdai —Joan Mari Torrealdairen alaba— eta Miren Amuriza bertsolaria —egunero Bira zutabea idazten du BERRIAn—. «Bereziki Torrealdairen eta Amurizaren bitartez egin dugu itxieraren kontakizuna eta urteotan euskal hedabideek izan duten bilakaerarena».

Baleuko ekoizpen etxeak proposatu zion ETBri saioa egitea, eta ETBk «berehala» onartu zuen. Sarasuak nabarmendu du itxieraz «beste ikuspegi bat» emateko eskatu zietela. 2003ko otsailaren 20ko goizaldean, Guardia Zibila Joan Mari Torrealdairen etxean sartu zen. Garazi alabak 12 urte zituen orduan, eta Manex semeak, 10 urte. «Seme-alabek bospasei ordu pasa behar izan zituzten sofan eserita: 12 urteko neska batentzat atxiloketa hura bizitzea nolakoa izan zen kontatuko du Garazik. Oihuak entzun zituen, eta berehala joan zen anaiaren logelara. Haren hurrengo irudia da guardia zibilak armekin haiei apuntatzen ari zirela, laser gorri batekin».

Semearekin kontakizuna ere jaso dute erreportajean: «Ez dira akordatzen aita agurtu zuten unearekin. Joan Marik berak kontatzen du haurrak izotza baino hotzago zeudela une horretan». Familian atxiloketa ostekoak nola bizi zituzten ere kontatuko dute. «Manexek aipatu digu urteak behar izan dituela etxean lasai egon ahal izateko. Etxean bakarrik egoteak beldurra ematen zion». Garazirentzat, «bere bizitzako esperientziarik okerrena» izan zen hura. Epaiketaren eta absoluzioaren ostean, berriz, aitaren minbizia iritsi da. «Familiak gaixotasuna inkomunikazioarekin eta torturekin lotzen du», dio Sarasuak. «Imanol Kerejeta psikiatrak ere aipatuko du trauma ondorengo estresak daudenean ondorio fisikoak ekar ditzakeela». Torrealdaik psikiatrari deitu zionean gaitzaren berri ematen, hala esan zion Kerejetak: «Esan nizun zerbait izango zenuela egunen batean».

Hedabideen egoera

Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria ere agertuko dira erreportajean, eta inkomunikazio egunak nola pasatu zituzten kontatuko dute. «Otamendik une batean gogoratuko du emakume batek kalean honela esan ziola: 'Sentitzen dut zu torturatu izana, baina nire alaba torturatu zuten eta inork ez zion kasurik egin. Sentitzen dut, baina zu torturatu izanak balio izan du zerbaitetarako'». Tortura salaketen sinesgarritasunaz ere arituko dira Torrealdai eta Otamendi.

Miren Amurizak beste ikuspuntu bat eman du erreportajean. 12 urte zituen Egunkaria itxi zutenean. «Gurasoek esan zioten beraiekin Donostiako manifestaziora joateko. Kasketa harrapatu zuen, lagunekin gelditua zelako. Baina amak hala esan zion: 'Etorriko zara, eta urte batzuk barru eskertuko duzu manifestazio horretan egon izana'». Amurizak azalduko du berarentzat gaur egun zer den BERRIAn idaztea. «Ohorea dela sentitzen du, eta harrotasuna sortzen dio BERRIAn idazteak».

Erreportajearen bigarren partean, Euskal Herriko hedabideek egun duten egoeraz hitz egingo dute hainbat lagunek: Nerea Azurmendi kazetariak, Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak, eta Argia-ko Xabier Letonak, Estitxu Eizagirrek eta Bego Zuzak. «Aipatuko dute inoiz baino jende gehiagorengana iristen direla komunikabideak. Aldi berean, alde iluna nabarmendu dute, eta langileen lan baldintzak ez direla onak».

Protagonistekin hitz eginda, Sarasuak ikusi du jende askoren «bizitza markatu» duela Egunkaria-ren itxierak: «Ahotsa urratu zaie hitz egiteko orduan». Harrotasunez hartu du lana egiteko enkargua: «Euskal Herriko kazetaritzan mugarri bat bada Egunkaria-ren itxiera. Kazetari gisa garrantzitsua iruditzen zaidan gertakari batez aritzeko aukera izan dut, euren azalean bizi izan zutenekin; ardura handia sentitu dut».

Ruper Ordorika musikariarekin ere hitz egingo dute saioan, Zaindu maite duzun hori kantaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.