'Brexit'-a. Irlandako gatazka

Irlandako eta Erresuma Batuko agintari nagusiak elkartu dira McKeeren hiletan

Sinn Feinek akordio bat lortzeko deia egin die unionistei: «Oraingo egoera ez da jasangarria»

Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroa eta Theresa May Erresuma Batukoa, atzo. BRIAN LAWLESS / EFE.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak atzo parlamentuan egin zituen lehen solasak Lyra McKeeri zuzendu zizkion, duela astebete Derryn (Irlanda) hil zuten kazetariari: «Haren heriotzak modu mingarrian oroitarazi digu Ipar Irlandako bakea hauskorra dela, eta oso inportantea dela hori sustatzea eta babestea». Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ez zion erantzun Sturgeonek Eskoziaren independentziari buruzko erreferendumari buruz jakinarazitakoari, Belfastera joan baitzen McKeeren hiletara. Gertakari esanguratsua izan zen hileta; izan ere, Elizabeth II.a Erresuma Batuko erregina kenduta, Irlandako eta Britainia Handiko ordezkari politiko nagusi guztiak elkartu ziren. Bake prozesua hasi zenetik 21 urtera, Irlanda bidegurutze politiko labainkor batean dago, brexit-ak sortu duen egoerarengatik eta Ipar Irlandan bi urte baino gehiago egin dituztelako gobernua osatu ezinik. Ordezkari politikoek batasun irudia eman nahi izan zuten atzo, adierazteko ez dela berpiztuko hiru hamarkada iraun zuen gatazka armatua.

McKeeren familia jatorriz katolikoa da, baina hileta eliza protestante batean egin zuten, eta kristautasunaren bi joera horietako apaizek solas egin zuten zeremonian. Kazetariaren senideek erran zuten erlijio komunitateen arteko batasuna lortu nahi zutela. Mayrekin batera, Erresuma Batuko ordezkarien artean zegoen Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagia. Irlandako Errepublikatik, berriz, Leo Varadkar lehen ministroa eta Michael Higgins presidentea izan ziren delegazioaren buruak. Ipar Irlandako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztietako buruzagiak ere joan ziren, eta elkarren ondoan jarri ziren Arlene Foster DUP Alderdi Demokratiko Unionistako burua eta Mary Lou McDonald eta Michelle O'Neill, Sinn Fein alderdi errepublikanoko presidentea eta presidenteordea.

«Zergatik behar izan da bizitza osoa aitzinetik zuen 29 urteko emakume baten heriotza guztiok elkartzeko?», galdetu zuen Martin Magill apaiz katolikoak Santa Ana katedraleko zeremonian. «Magill jauna zuzen zegoen kargu hartzerakoan», adierazi zion McDonaldek BBC kateari, hiletaren ondoren. «Oraingo egoera ez da jasangarria. Bete daitekeen prozesu bat egiteko prest dago Sinn Fein, eta horretarako dei egiten die kide unionistei. Ez dugu beharra solas egiteko bakarrik, baita betetzeko ere. Lyrak ordezkatzen du elkarrekin egin behar dugun bide hori».

Bi urte gobernurik gabe

Gobernua osatzeko akordio politiko baten beharraz ari zen McDonald, neurri batean horrek eragin baitu Ipar Irlandako ezegonkortasun politikoa. Ostiral Santuko Akordioen arabera, Ipar Irlandako gobernu autonomoa bi komunitate politiko nagusietako alderdiek partekatu behar dute—britainiar unionistek eta irlandar nazionalistek—, baina, 2017ko hauteskundeez geroztik, komunitate bakoitzaren indar nagusiak —DUP eta Sinn Fein— ez dira ados paratu, eta Londresek funtzionarioen esku utzi du gobernuaren kudeaketa, behin-behinean.

McKeeren hilketa Ostiral Santuko Akordioak onartzen ez dituen talde armatu errepublikano batek hartu du bere gain. IRA Berria erraten diote erakunde horri, eta herenegun ohar batean «barkamen zintzoa» eskatu zuen kazetaria hiltzeagatik. Poliziak Derryn miaketa batzuk egin ondoren, istiluak sortu ziren gazte errepublikano batzuekin, eta McKee horien berri ematen ari zen tiro egin ziotenean. Facebook eta Twitter sare sozialek Saoradh (Askapena) alderdi errepublikanoaren kontuak bertan behera utzi zituzten atzo, haien baldintzak urratu dituelakoan. IRA Berriaren adar politikoa izatea leporatzen diote Saoradhi.

Ostiral Santuko Akordioak gatazka armatuaren bukaeratzat hartzen dira, talde armatu errepublikano eta loialista nagusiek bukatutzat eman baitzuten gerra, eta Erresuma Batuko armadak Irlandan zituen soldadu kopurua murriztu eta barrakoietara itzularazi baitzituen. 3.500 pertsona inguru hil zituzten 1969-1998 artean. Hala ere, bake prozesua hasi zenetik, talde loialistek eta errepublikano disidenteek 157 pertsona hil dituzte, eta bertzelako erasoak eta tentsio aldiak ez dira desagertu, nahiz eta iraganean baino nabarmen mugatuagoak izan. Herenegun bertan, Colin Duffy errepublikano disidente ezagunaren etxea tirokatu zuten Lurgan hirian —ez zuten inor zauritu—.

Egoera horri brexit-a gehitu zaio, uhartearen banaketa sakontzeko arriskua sortu baitu, 1998ko akordioen gakoetako bat izan baitzen ia guztiz ezabatzea Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko muga. Erresuma Batuko Parlamentuan horri buruz eztabaidatu zuten atzo, eta Emily Thornberry Alderdi Laboristaren ordezkariak gobernuko kideei erran zien McKeeren hilketak erakutsi duela «erantzun bat» eman behar zaiola Irlandako mugaren auziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.