Koronabirusa

394 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Positibo tasa %4,11 izan da, eta kutsatuen kopuruak beheranzko joerari eutsi dio. Hegoaldeko ZIUetan 142 pertsona daude

PCR probak egiten dituzten laborategi bat, Gurutzetan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 9.586 PCR eta antigeno proba egin zituzten herenegun Hego Euskal Herrian, eta 394 positibo atzeman zituzten. Proba egin dutenen arteko positibo tasa %4,11 izan zen, eta, beraz, aurreko egunetako joerari jarraituz, kopuruak OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako mugatik behera jarraitzen du. Zehazki, %5ean du ezarria COVID-19aren izurritea kontrolpean edukitzeko muga. Horrez gain, positiboen kopuruak ere beheranzko joerari eutsi dio, otsailaren 1ean kutsatutakoen kurba beherantz egiten hasi zenetik. Beraz, birusaren hedapenak apaltzen segitzen du.

Lurraldeetako datuei dagokienez, Bizkaian detektatu zuten positibo gehien ostiraleko probetan: 181; halere, aurreko egunarekin alderatuta, 37 gutxiago izan ziren. Gipuzkoan, 86 atzeman zituzten; Araban, 71, eta Nafarroan, 45. Gainerako 11 kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuenez.

ZIUetan bost gutxiago

Erietxeetan ospitaleratutako gaixoen kopuruari erreparatuta, behera egin du ZIU zainketa intentsiboetako unitatean dauden gaixoen kopuruak: oraintxe, 142 daude, bezperan baino bost gutxiago; azken hilabetean bildutako daturik apalena da. 142 pertsona horietatik 123 Osakidetzaren ardurapeko zentroetan daude, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta beste 19, Nafarroan, Osasunbidekoak dira.

Ospitaleratze berriei dagokienez, berriz, beste 61 izan ziren.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, ez zen gaitzaren ondorioz hildakorik egon ostiralean. Aurreko egunetako heriotzarik ere ez zuen jakinarazi. Heriotzetan ere, astez aste, kopurua beherantz doa Hego EuskalHerrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.