Futbola. Euskal taldeak sasoi berriari begira: Athletic

Nostalgiaren aurka

Aldaketa izan da Athleticen aulkian: Eduardo Berizzok ordezkatu du Jose Angel Ziganda. Argentinarrak erronka zaila du: iragan sasoiko atsekabea ahantzaraztea eta Kepa Arrizabalagaren hutsunea betetzea.
Eduardo Berizzo, Lezaman, denboraldi-aurreko entrenamendu batean.
Eduardo Berizzo, Lezaman, denboraldi-aurreko entrenamendu batean. MIGUEL TOÑA / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abuztuak 16
Athleticen uda bi hitzetan laburbil daiteke: Eduardo Berizzo eta Kepa Arrizabalaga. Azalpen sinplista bezain zehatza da. Entrenatzaile argentinarra Marcelo Bielsaren ikaslerik onena da, eta bere maisuak Bilbon utzitako itzala, oso luzea. Bielsarekin, Athleticen zaleek berriz sentitu zuten beren taldea handia zela, eta Ibaiganeko kirol zuzendaritzak 2011-2012ko sasoiko zirrara hura berreskuratu nahi izan du. Nostalgia, baina, beti da arriskutsua; iragana politagoa bilakatzen du, eta horren aurka ere borroka egin beharko du Berizzok. Bere aurkezpenean, kazetariek hamar bat galdera egin zizkioten Bielsaren eta harekin ikasitakoaren inguruan. Denbora beharko du alderaketak amaitzeko.

Alderaketak, dena den, saihetsezinak izango dira, Berizzok proposatzen duen jokoa Bielsarenaren oso antzekoa baita. «Estutu eta mugitu, estutu eta mugitu». Hori da teknikariak jokalarien buruan sartu duen mantra. Hiperaktibitatearen mugan, etengabe dantzan nahi ditu, baloiarekin eta baloirik gabe. Horrek arriskuak dakartza, sasoi-aurrean agerian gelditu direnak, atzelariek hutsen bat egin dutenean. Eskema hori barneratzea ez da erraza, eta zaleak pazientzia pixka bat beharko du. Eta, agian, horretatik urri dute zaleek, iragan sasoia etsigarria izan baitzen. Berizzok, dena den, ondo egin ditu lanak. Denboraldi-aurre oso gogorra diseinatu zuen, eta Lezamako harribitxi gehienak probatu ditu.

Remiro, hasieratik atepean

Sasoi-aurrearen azken txanpan sartu zenean iritsi zen lurrikara. Kepa Chelseara joan zen, merkatu ariketa bizkor baten ondorioz. 48 ordu eta 80 milioi euro. Agur esateko aukerarik gabe. Chelsearen mugimenduak eta Iago Herrerinek besoko giharrean izaniko lesioak Berizzok izango zuen zalantza argitu dute: Alex Remiro ariko da hasieratik lehen partidetan. Hura, Herrerin eta Unai Simon izango dira atezainak, azken hori berreskuratu baitu taldeak Elxetik, Herrerinek min hartu eta gero.

Keparen truke jasotako dirutzak zurrumurruak piztu ditu, are gehiago Aymeric Laporteren hutsunea Iñigo Martinezekin bete izana gogoan hartuta. Baina Athleticek ez du inor fitxatu, oraingoz. Josu Urrutia presidenteak prentsaurrekoa egingo du gaur, eta litekeena da merkatuari buruz hitz egitea.

Keparen diruak ez, baina Berizzok bai, ekarri du haize freskoa taldera. Bigarren taldetatik igotakoez gain, Ander Capa, Cristian Ganea, Dani Garcia eta Yuri Berchiche fitxatu ditu klubak, eta Remiro eta Unai Lopez utzita egotetik itzuli dira. Dani Garcia, Berchiche eta Remiro hasieratik ariko dira, eta Unai Lopezek eta Capak minutuak izango dituzte. Ganeak, aldiz, zailagoa izango du. Hortik aurrera, iragan sasoiko oinarriei eutsiko die. Erdiko hiru atzelari ditu Berizzok, eta Mikel San Jose izan daiteke laugarrena. Erasoan, Raul Garcia, Muniain, Susaeta eta Aduriz izango dira gola sartzeko arduradunak.

Eta helburua? Iragan sasoiko irudia eta emaitzak hobetzea. Aspaldiko partez, Athletic ez da Europan ariko, eta arreta guztia ligan jarriko du. Ernesto Valverderen urteetan, arrakastara gaizki ohitu zen San Mames, eta iragan sasoiko hezur gogorrak oinak lurrean jartzeko balioko zuen. Europarako borrokan dago langa, eta garrantzitsua izango da taldearen irudia, zaleak pizgarria behar baitu. Are gehiago kontuan hartuta astelehenez hasiko duela liga, Aste Nagusiaren beroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna