Mendi ibilbidea
Santa Katalinatik Arbilera

Debako eta Itziarko lurretan ibiliz, itsasoa eta mendia lotuko ditugu Arbileko tontorrera igotzeko. Bidean, baserriz zipriztindutako lurretan, nekazari giroan murgilduko gara, Santa Katalina ermitaren talaia paregabetik euskal kostaldearen ikuspegi paregabeaz gozatuz. Amaitzeko, Debako patroia den San Roke ermitari bisita egingo diogu. Ura eta lurra uztartzen dituen ibilbide ederra.
Debako hondartzatik abiatu, eta Itziartik jaisten den errepide aldera joko dugu. Hori gurutzatu, eta etxeen atzetik ateratzen den bide estutik igotzen hasiko gara. Aldapa oso bizia da, eta erraz irabaziko dugu altuera. Buenos Aires baserriari bizkarra eman, eta malda pikoak Santa Katalina ermitaren ondora eramango gaitu. Ermita honi buruzko lehen dokumentuak 1515ekoak dira. Alexandriako Santa Katalinari eskainia dago, harekiko debozioa Gurutzaden eta itsasgizonen bidez hedatu baitzen Mendebalde osora. Iparraldeko Donejakue bidea bertatik pasatzen da, eta, bertatik, euskal kostaldearen eta Debako eta Itziarko herriguneen ikuspegi paregabea dago.
Talaia eder horrek eskaintzen duen panoramikaz gozatu eta gero, baserri eta soro artean zabaltzen den bidetik aurrera egingo dugu. Olloki, Donibane, Zabarte, Gaztañeta eta Ortuondo baserriak atzean utzi, eta Ansorregira helduko gara. Itziarrera doan bide nagusia utzi, eta Elordiko Gaña inguratzen duen errepide txikitik Pagatza baserriraino igoko gara. Honen ondotik ateratzen den lurrezko pistatik igotzen jarraituko dugu, eta pagadi txiki batean dagoen bordara ailegatzean, langa pasatu, eta azken aldapa piko eta belartsuari ekingo diogu.
Arbileko tontorrera iristen garenean, buzoiaren funtzioa betetzen duen hegazkin bat ikusiko dugu. Mendi biribil eta garbi honek ikuspegi ederra du, bai kostaldea ikusteko, baita inguruko eta urrutiko mendiak identifikatzeko ere. Itziar eta Andutz mendia ekialdetik, mendebaldetik, berriz, Arnoko mendigunea, biak ala biak itsasoaren urdinarekin koloreen kontrastea osatuz.
Etorritako bidetik atzera egingo dugu, eta Olloki baserrira heldu aurretik, ezkerretik jaisten den pista hartuko dugu. Malda bizian erraz galduko dugu altuera, eta, San Roke ermitaren ondora iristean, geldialdi txiki bat hartuko dugu eraikin erlijioso horren egiturari erreparatzeko. Itziarreraino zabaltzen zen galtzada zaharraren ondoan dagoen ermita honen lehen datuak XVII. mendearen hasierakoak dira. Bere arkitekturari dagokionez, aipatzekoak dira dauzkan zurezko arkupea eta sarrerako atariaren gainean dagoen korua. Abuztuaren 16an, herriko patroia den San Roke egunean, santuaren irudiarekin prozesioan igotzen dira, ibilbidean eta ermitan bertan eskudantza dantza dantzatzen da.
Prozesioa egiten den bidetik jaisten hasi eta berehala, galtzada zaharra hartuko dugu. Etxe artean, herrigunera jaitsiko gara. Gurutze ermitaren ondotik pasako gara lehenik, iturri zaharraren ondoan eta Itziarretik datorren Errege-Bidearen sarreran. Foruen plazatik Santa Maria elizaraino joango gara, Gipuzkoak duen eraikin erlijioso ederrenetarikora. XV. mendean eraikitzen hasi eta XVII. mendean amaitu zen. Atari polikromatu bikaina du, eta Gipuzkoan klaustro gotikoa izan zuen lehenengoa.
Gipuzkoako kultura ondasun izendatuta dago. Ibilbide honen abiapuntura itzultzeko, zumardira atera, trenbidearen azpitik pasatu eta hondartzara itzuliko gara.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.