Albistea entzun

Mendi ibilbidea

Oskiako mendilerroa

Mendilerro hau Andia mendilerroaren luzapen bat da, baina biak Oskiako haitzarteak banatzen ditu.
Ollarango ikuspegia Oskia mendilerrotik.
Ollarango ikuspegia Oskia mendilerrotik. MIKEL ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Arrizabalaga -

2021eko irailak 28

Oskiako mendilerroa (Nafarroa), Andia mendilerroaren luzapen naturala da. Arakil ibaiak Oskiako haitzartean egindako ebakiak banatzen ditu. Bertan Oskiako Ama Birjinaren baseliza dago. Haitzartea eta Itza herriaren artean luzatzen den mendilerroak apenas duen bost kilometroko luzera, eta Bizkai da (Oskia ere esaten zaio) tontorrik interesgarri bakarra. Ibilaldi honetan mendilerrora igoko gara, eta puntatik puntara zeharkatuko dugu.

Atondoko elizaren ondotik abiatuko gara, GR-220aren (Iruñeko Arroaren itzulia), bide seinale zuri-gorriek erakusten diguten norabidean. Herriaren goiko aldean, kanposantua ezkerrera utziko dugu, eta ur biltegira heldu aurretik, porlanezko pista utzi, eta ezkerretik ateratzen den zidorra hartuko dugu. Berehala, langa metalikoa pasatu, eta alanbrezko hesia gure eskuinean dugula igotzen hasiko gara. Seinale zuri-gorriek eta harri-piloek (cairn) erakutsiko digute bide zuzena aukeratzen.

Ipuru eta karraska artean, altuera erraz irabazi, eta baso trinkoago batean murgilduko gara. Sigi-sagan marrazten den aldats pikoak gure ibilera motelduko du. Bidea leuntzen denean ohartuko gara mendilerroaren gain aldean gaudela, eta Ollarana aldera dagoen ikuspegiaz gozatzeko aukera izango dugu. Puntu honetan, orain arte bidelagun izan ditugun GR-220aren marra zuri-gorriak utzi, eta mendebalderantz zuzentzen den zidorretik aurrera egingo dugu. Mendiaren gandorretik aurrera egingo dugu, eta kilometro erdi pasatxo beteko dugu, bertatik Bizkai gailurrera heltzeko. Tontorrean bi buzoi aurkituko ditugu: lehena, Oskia jartzen duen buzoi hautsia; bigarrena, berriz, Bizkai izena jartzen duena. Inguruan dauden haitzetan jarri, eta panoramika zabalaz gozatzea merezi du. Iruñerriko arroaren eta Sakanako korridorearen ikuspegi zabalaz gain, Ollo eta Oltzako haranek postal paregabea osatzen dute.

Atsedenaren ostean, etorritako bidetik atzera egingo dugu, GR-220aren markak utzitako leporaino. Puntu honetatik, mendilerroa zeharkatzen duen zidorra jarraituko dugu. Egoera kaskarrean dauden ehiztarientzat altxatutako metalezko ehiza postu batzuen ondotik igaroko gara. Bidezidorra amaitzean, pista zabala aurkituko dugu, baina tarte batzuetan oso lokaztuta egoten denez, albotik zabaltzen diren bidezidorrak erabiliko ditugu. Tontorra atzean utzi, eta hiru kilometro eta erdi mendiaren gandorrean zehar bete eta gero, bide balizatua utzi, eta eskuinetik jaisten den pista zaharra hartuko dugu bertatik Otxobi herriraino jaisteko. Herritik abiapuntura itzultzeko, bi aukera izango ditugu: lehena, zereal lurrekin muga egiten duen pista, eta xenda zaharren barna —hasiera zikin samarra—; bigarrena, berriz, Otxobi eta Atondo herriak lotzen dituen NA-7012 errepidetik.

Merezi du haitzartean, errepidearen ondoan dagoen Oskiako Ama Birjinaren ermita ikustea. Pareta arrokatsu baten azpian dagoen baselizak, bi isuriko teilatua du. Gainean, kanpai-horma bat nabarmentzen da. Bertan, erdi-puntuko arku bat irekitzen da, eta albo batean, erdi-puntuko ate bat. Hormari atxikita, harrizko beste egitura bat dago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joselu Mato Alaveseko aurrelaria, partidako lehen gola ospatzen, atzo, Cadizen. ©ROMAN RIOS / EFE

Altxorra itsas hondoan

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek sasoiko bigarren garaipena lortu du Cadizen, Joseluren bi goli esker. Berehala jarri da aurretik, eta, latz sufritu ostean, lehia erabakita utzi du amaieran

Beste presidente bat egongo da

Julen Etxeberria

Aitor Elizegik jakinarazi du ez dela berriro aurkeztuko Athleticeko lehendakari izateko. Bazkideek ez dituzte onartu haren kudeaketa eta denboraldi honetarako aurrekontua
Adriana Cardoso. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.