Albistea entzun

Mendi ibilbidea

Eskuernagako iraganean barna

Samaniego eta Eskuernaga lotzen dituen bidea gogaide, egungo ondareaz ez ezik iraganekoaz ere jabetzeko parada izango dugu ibilbide honetan.
Montecilloko trikuharria.
Montecilloko trikuharria. JOSEAN GIL-GARCIA Tamaina handiagoan ikusi

Josean Gil-Garcia -

2021eko ekainak 1

Samaniego herria (Araba) aukeratu dugu ibilbideari hasiera emateko. Samaniego eta Eskuernaga lotzen dituen landa-bideari jarraituko diogu ibilbide honetan, betiere paisaian zizelkatutako ondare aberatsez gozatzearen kariaz. Samaniego bolatoki estaliaren aurrean jarriko gara abian. Pauso batzuk eman, eta XVIII. mendean eraikitako jauregi miretsia ikusiko dugu bat-batean. Jauregiaren monumentaltasunari dagokionez, ezer gutxi gaineratu genezake. Nekez topatuko genuke horrelako etxetzarrik inguruko herrietan. Azken urteotako egokitze lanak direla-eta, eraikin apartaren aurrealdeko harburuak, armarria eta moldaduren xehetasunak are ederragoak irudituko zaizkigu.

Samaniego herria alderik alde zeharkatu, eta, errepidera irten gabe, eskuinera hartuko dugu Bekolarrain kalean. Pascual upategiaren aurretik igaroko gara bizkor, Santa Luzia bideari oratu bezain laster. Asfaltoa utzi gabe, jaisten hasiko gara berehala. Arrasto more-zuriak (Arabako Errioxako GR zidorra) dituzten zutoinak gogaide, hegoalderantz urratsak egingo ditugu, mahastiek kolonizatzen dituzten bazterrak aurrez aurre direla. Bide nagusia bitan banatzean, ezkerrera egin ordez, pintura arrastoa laga, eta zuzen jarraituko dugu, noranzkoa aldatu gabe.

Harri zirraragarriak

Ibarrean behera egingo dugu astiro-astiro, nekazaritza bidetik urrundu gabe. Eskuernaga herria ibarraren hondoan dagoenez, ez dugu hiribilduaren berri izango ia-ia bertan izan arte. Hala ere, bide nagusitik irtengo gara pitin bat lehenago, hots, aldamenean daramagun errekastoa geldiarazteko xedez eraikitako presa xume bat ikusi bezain agudo. Orduan, ezkerrera jo, errekastoaren gainetik igaro, eta 150 metro inguru egin ostean, maldan gora abiatuko gara. Ibaola Harriak izena hartu duen parajera iritsiko gara berehalakoan. Joseba Ibañez mahastizainaren harrizko artelan zirraragarriak ikusteko parada izango dugu orduan. Aire zabaleko museo baten moldean agertuko zaizkigu artelan denak. Hamaika eskultura megalitiko ikusiko ditugu, den-denak aspaldiko mahasti baten eremu batean ezarrita. Harria bera artelan baita, ederki asmatu zuen Eskuernagako harginak Montecilloko gainaldean bake eta meditaziorako gune bat sortzean. Izan ere, Toloño mendilerro malkartsuaren irudi harroak ez ezik, mahastien kolore aldakorrak ere bat egiten dutela irudi bailezake.

Parkea zeharkatu ondoren, Montecillo trikuharria agertuko zaigu berariaz egokitutako talaia polit batean. Roberto Ibáñez bizilagunak eman zuen megalitoaren berri, 2009. urtean. Indusketa lanak egin ostean, bisitarako atonduta utzi dute. Denbora hartuko dugu bertan, betiere trikuharriaz edo hilobi sarreradunaz jabetzeko asmoz. Hilobia aspaldi-aspaldi hustuta zegoenez, arrasto batzuk baino ez zituzten topatu arkeologoek: giza hezurrak eta kanpai itxurako zeramikazko bi zati, besteak beste. Monumentua noiz eraiki zuten zehazten zaila bada ere, indusketa lanez arduratutako Eraso eta Mujika arkeologoek ezagutzera eman zutenez, aurkitutako materialek adierazten dute kalkolitikoaren eta Brontze Aroaren hasiera bitartean erabilia izan zela.

Montecillo tumuluko harri pilaketan, eskuinera 90 gradu hartu, eta erromeroen artean doan bidexkari helduko diogu. Talaiatik jaitsiko gara ziztu bizian. Etxola baten ondora iritsitakoan, ezkerretik jarraitu, eta, mahastiek lagunduta, Leza eta Eskuernaga lotzen dituen nekazari bidera irtengo gara. Eskuinera egin, eta herriko plazara helduko gara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Talde ona daukagu, eta goiko postuetan egongo gara»

Haritz Gallastegi

Indartsu hasi du sasoia Sancetek. Valverdek konfiantza eman dio, eta erdilari nafarrak joko onarekin eta golekin erantzun du. Athleticen oraina eta etorkizuna da. Ardurak hartzeko prest da.
Hilaree Nelson eskiatzailea eta alpinista. ©@hilareenelson

Hilda aurkitu dute Hilaree Morrison eskiatzaile eta alpinista

Julen Otaegi Leonet

Manaslu menditik eskiz jaisten ari zela erori zen, Himalaian. Hiru egunez desagertuta egon ostean, atzo aurkitu zuten, elur azpian.

Asier Nieto Bidasoako jokalaria, jaurtitzen, atzo, Artalekun. ©JON URBE / FOKU

Bidasoak garaipen handia lortu du Kolstaden aurka

Berria

Irungo taldeak hiru golen aldeaz irabazi du (30-27), eta Europako Ligan aurrera egiteko itxaropenari eusten dio

 ©BERRIA

Txapela buruan, nekerik ez

Julen Etxeberria

Binakako euskal pentatloian egin bezala, banakoan ere nagusitu dira Nerea Arruti eta Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.a'. Biek azaldu dute «oso gogor» lan egin dutela azken hilabeteetan, eta «oso pozik» daudela lan horrek «saria» izan duelako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...