Galder Perezek irabazi du Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren saria

'Lurrun-minez' lanarekin nagusitu da, euskarazko atalean. Chema Trujillok jaso du gaztelaniazkoa

Mikel Martinez, Galder Gonzalez eta Chema Trujillori saria banatzen, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Gidoiek antzerkigintzan duten garrantzia azpimarratzea: horixe du helburu Cafe Bar Bilbaok eta Tartean Teatro konpainiak elkarlanean egiten duten antzerki gidoi laburren sariketak. Hamaseigarren aldia dute aurtengoa, eta sorrerako helburuei tiraka jarraitzen dutela azaldu du Mikel Martinez aktore eta Tartean Teatroko kideak. «Antzerkigintzaren alderik garrantzitsuena da gidoigintza, askotan konturatzen ez garen arren edo garrantzi handirik ematen ez zaion arren». Produkzio hori bultzatu nahi dute 2002tik egiten duten lehiaketa horrekin. Atzo banatu zituzten aurtengo sariak, Bilboko Plaza Barriko tabernan. Galder Perez aktore eta kazetariak irabazi du aurtengoa, Lurrun-minez lanarekin. Gaztelaniazko atalean, berriz, Chema Trujillo aktorea nagusitu da, Insider gidoiari esker. 800 euro jasoko du egileetako bakoitzak sari gisa, eta bi idazlanak Bilboko Cafe Bar Bilbao tabernaren webgunean argitaratuko dituzte. Abiapuntua jarrita dago; gidoiak taularatzea litzateke hurrengo pausoa.

Orotara, 28 gidoi aurkeztu dituzte lehiara: euskarazko zortzi eta gaztelaniazko hogei. Iaz baino gutxiago jaso dituztela aitortu du Martinezek, baina pozik dago, hala ere. «Gero eta lehiaketa gutxiago daude, zeuden asko desagertu egin baitira azken urteetan. Nolanahi ere, urtez urte, lan dezente jasotzen jarraitzen dugu guk». Jendea gidoigintzara hurbildu dadin bultzatu nahi dutela dio. «Konpainia baten enkarguz ez bada, ez da erraza gidoi bat idazten hastea, askotan ez baita agertokira iristen. Publikatu ere apenas egiten diren, gainera, oro har ez delako antzerkia irakurtzen. Horregatik, bultzada izan nahi du urtero egiten dugun ekitaldi honek».

Bide beretik jo du Perezek ere. Azaldu duenez, ondu duen gidoiaren ideia aspaldi zebilkion buruan, eta Cafe Bar Bilbao sariaren aukera baliatu du ideia papereratzeko. Drama psikologiko, sozial eta sexual bat osatu du: Lurrun-minez. «Sauna gay batean gertatzen da, Gabon egun batez». Hiru pertsonaia elkartuko dira bertan: Alex, saunako langilea, 30 urtekoa; Jesus, 19 urteko mutil bat; eta Oskar, institutuko irakaslea, 44 urtekoa. «Hiruki arrosa bat da. Baina jai bat izan nahi duena, azkenean, kontrakoa bihurtzen da».

Xehe-xehe aletu ditu istorioak biltzen dituen gogoetak. «Intragenero biolentzia lantzen da, eta baita botere harremanak ere. Feminismoarekin asko ikasten ari gara, baina LGTBI mugimenduan dauden galderak ere plazaratu ditut. Botere harremana eta lumafobiaren gaia ere azaltzen dira. Eromena, desioa eta maitasun erromantikoaren ondorioz sortzen diren frustrazioak ere badaude obran».

Gogoetarako lanak

Galderak plazaratu dituela dio Perezek, eta hala jaso du bere lanaren laburpenean ere: «Beharrezkoak dira horrenbeste identitateren gaineko etiketa eta teoria? Edo dena justifikatu eta azaldu behar hau ez ote da bestelako botereetatik jasotako herentzia kontserbadore patriarkala?». Otsailaren 7an egingo dute Lurrun-minez obraren irakurketa dramatizatua, Zazpikaleetan egingo den teatro laburreko festibalean. Datorren astean emango dute jaialdiaren berri.

Bigarren aldiz irabazi du Perezek Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren saria, Eztenbako Trikuak lanagatik saritu baitzuten 2002an, sariketaren estreinako aldian. Trujillok ere bigarren aldiz jaso du gaztelaniazko saria. Elle nést pas Liz Taylor gidoia saritu zioten 2017an, eta Insider lanarekin nagusitu da orain. Pederastiari buruzkoa da osatu duen testua. «Internet bidez adingabe bat limurtzen saiatzen den gizon baten istorioa kontatu dut Insider lanean». Perez bezala, aktorea ere bada Trujillo. «Gidoia idaztean, argi izan dut nik antzezteko lan bat idazten ari nintzela».

Arrastoa uzten du Cafe Bar Bilbao sariketak, eta Lutxo Egia idazlearen Identitarteak lana izan liteke horren adibide. 2017an saritu zuten Egiaren gidoia, eta, atzo jakinarazi zutenez, antzezlana prestatzen ari dira Perez eta Ane Zabala, Gilkitxaro antzerki taldeko kideak. Dena ondo bidean, udazkenean estreinatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.