Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Ideien garrantziaz

Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'Alice et le maire'

Zuzendaria: Nicolas Pariser. Herrialdea: Frantzia - Belgika. Iraupena: 103 minutu.

Alice Lyongo Udalean kontratatu dute. Literaturako doktorea da, eta Oxfordeko Unibertsitatean zebilen filosofia klaseak ematen. Udaletxera iritsi, eta haren lana ideiak lantzea dela argitzen diote. Paul Theraneu, alkatea, ideiarik gabe gelditu omen da. 30 urte daramatza politikan, eta pentsatzea ahaztu egin zaiola konturatu da. Alice izango da egoera horri buelta ematen saiatzeko ardura izango duena.

Udaletxe bateko joan-etorriak eta zirrikituak azalduko dizkigu Nicolas Pariser zinemagileak. Protagonistak ezagutzen ez duen mundu bat da, eta harekin joango gara gehienetan zentzu handirik ez duen funtzionamendua ulertuz: marketin enpresa batekoa dirudien hausnarketa mahaia, ordu erdi batean irakurri beharreko liburua, zertaz doan jakin gabe ere gidatu behar duen bilera, alkatearen sandalia erosoak janzteko errituala... Alicek azkar hartuko dio erritmoa eromena dirudien udaletxeari, eta, pixkanaka, botere hierarkian igoz joango da, alkatearentzat ezinbestekoa bihurtu arte. Horrek askoren haserrea ekarriko du.

Pariserren filma interesgarri egiten dutenak, ordea, hauek dira: bikainki antzeztutako bi pertsonaia protagonistak eta haien arteko elkarrizketak. Hitzak baitira Alice et le maire filmeko plater nagusia. Gordeak dituen ideia horiek azaleratzeko balioko duten hitzak. Politikak egin dezakeenaz hitz egiten duten hitzak. Pentsalari handiek erabilitako hitzak. Akzioz beteriko film bat espero duenak, beraz, jai du. Bakoitza bere hutsune existentzial propioan murgilduta dauden bi pertsonaiaren arteko elkarrizketa luze bat da; oso ondo landutako elkarrizketa, baina elkarrizketa bat, azken batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.