KRITIKA. Musika

Oraina ere bai

EGOko musikariak, Juan Jose Ocon gidari dutela, iazko udan, Eibarren eginiko entsegu irekian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun

Euskal HerrikoGazte Orkestra



Zuzendaria: Juan Jose Ocon. Sopranoa: Maria Martin. Egitaraua: G. Mahlerren 4. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaaleko Ganbera Aretoa. Eguna: Urtarrilak 3.

Neguko oporraldia aprobetxatuz, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) urteko lehen kontzertu-birari eman dio hasiera, Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Iruñeko aretoetan Gustav Mahlerren 4. sinfonia eskainiz. 1899ko eta 1900eko uden bitartean idatzita eta «zeru urdina bezain uniformea» —Mahlerren beraren hitzetan—, lau mugimenduetan ganbera-musika erromantikoaren printzak sumatu daitezke. Lehen hiru sinfoniei kontrajarriz, laugarrenean tronboiak eta metalen pisua alde batera utzi, eta hari-sekzioak hartzen du garrantzia. EGOk eskainitako K. Simonek egindako ganbera-orkestrarako moldaketa ez da, hortaz, arrotza suertatzen.

Lehen mugimenduaren irekiera jostalaritik melodiaren garapenera, agerian geratu zen orkestrak alemanez erosotasuna eta goxotasuna adierazten duen Gemütlichkeit hitzaren esanahia bereganatu zuela. Bigarren mugimenduan, kontzertinoak bikain ebatzi zituen scordatura-n jo zituen atalak, zehaztasunez eta samurtasunez. Mahlerrek eskatu bezala, Juanjo Oconen batutak tempo lasaiaz ekin zion hirugarren mugimenduari. Esaldien ebazpenetan doitasun falta sumatu zitekeen arren, konpositore austriarrak udan hain beharrezkoak zituen lakuen uren bakeaz garatu zituzten gaiak.

Laugarren mugimenduan, Mahlerrek sopranoa gehitzen dio orkestrari, berak maiz erabilitako Gaztearen adar magikoa bildumatik Bizitza zerutiarra kantuari musika jarriz. Maria Martin irundarrak kolore goxoz eta argitasunez haragiztatu zituen hitzetan deskribatzen diren alaitasuna eta oparotasuna. Bestalde, sinfonia osoan haizeen sekzioak, eta, batez ere, tronpa solistak egindako lanak berebiziko laudorioa merezi dute. Bis gisa, orkestrakideek eta sopranoak Gau ilunak ez badu abestia eman zuten, Eguberritako kapela eta osagarriak jantzita festa amaituz.

EGOren helburuetako bat da Euskal Herriko musikari gazteek orkestra mailako prestakuntza izan dezaten laguntzea. Formakuntza, baina, ez da soilik etorkizunari begira dagoen fasea. EGOko kideek badute oraina, eta kalitate handikoa, gainera; musikak eta gizarteak asko dute irabazteko orain horri, bere horretan, balioa eta baliabideak emanez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.