'Brexit'-a. Eztabaida politikoa

Kateatutako negoziazioak

Hilaren 29an bozkatuko dute dibortzioaren B plana Komunen Ganberan. Irteera data atzeratzeko, oposizioaren eta lehen ministroaren arteko akordio bat exijitu du EBk. Corbyn ez da Mayrekin bildu
Komunen Ganberako diputatuen sartu-irtenak etengabeak izan ziren atzo Downing Streeteko 10. zenbakian. Theresa Mayrekin solastatu ziren.
Komunen Ganberako diputatuen sartu-irtenak etengabeak izan ziren atzo Downing Streeteko 10. zenbakian. Theresa Mayrekin solastatu ziren. ANDY RAIN / EFE

Igor Susaeta -

2019ko urtarrilak 18
Beste erremediorik ez du eduki Theresa Mayk. Londresek EB Europako Batasunarekin adostutako brexit-ari buruzko akordioari ezezko borobila, historikoa eman zion Komunen Ganberak asteartean, eta, horrenbestez, dibortzioaren auzian estreinakoz, Erresuma Batuko lehen ministroak aurrenekoz negoziatu behar izan du oposizioko kideekin. Horiekin hitz egin eta gero, May astelehenean da aurkeztekoa B plana deitutakoa, eta hori hilaren 29an dira bozkatzekoak parlamentuan. Lehen ministroak denei ireki dizkie Downing Streeteko 10. zenbakiko ateak, eta, herenegun SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko kideak eta liberalak bezala, atzo tory-ak, laboristak, DUPekoak eta Berdeen diputatua sartu ziren Mayren bulegora. Jeremy Corbynek, ordea, lehen ministroarekin bildu gabe jarraitzen du. Alderdi Laboristako liderrak atzo nabarmendu zuenez, ez du ezer negoziatuko gobernuko buruarekin, brexit gogorraren aukera, itunik gabeko dibortzioarena, mahai gainetik kentzen ez baldin badu. Mayk dio ez duela brexit-aren data, martxoaren 29koa, atzeratzeko intentziorik, baina, zenbait hedabidek Bruselako iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, 50. artikulua luzatzeko prest dago EB. Halere, baldintza bat jarri du: Alderdi Kontserbadoreak eta Alderdi Laboristak akordio bat egitea.

Gaur-gaurkoz, horrek ezinezkoa dirudi. Areago, batzuek zein besteek azken orduetan adierazitakoa kontuan hartuz gero. Batzartu, ez ziren batzartu, baina Mayk gutun bat bidali zion iluntzean Corbyni, jakinaraziz negoziatzeko eskatzen duena «ezinezko baldintza bat» dela. Bide batez, bezperan egin moduan, elkarrizketa saioetara batzeko gonbita egin zion.

Mayk ez zuen adierazpenik egin atzo, baina haren izenean mintzatu zen Brandon Lewis, Alderdi Kontserbadoreko diputatu nabarmenenetako bat. Kazetariek galdetu zioten ea zein bide ibili nahi duen lehen ministroak egoera libratzeko, eta parlamentariak erantzun zien baztertuta dagoela aduana batasunean jarraitzeko ideia, baita brexit-ari buruzko bigarren erreferendumera deitzekoa ere. «Hori ez da bide zuzena».

Bruselak ikusi nahi duena da, hain zuzen ere, aduana batasunean jarraitzea jasoko duela B planak. EBk hasieratik azpimarratu du ez duela irteerarako akordioa berriro negoziatuko, baina, Komunen Ganberak onartuko balu Erresuma Batuak aduana batasunean segitzea, negoziazio mahaian eseriko litzateke atzera. Noski, hor jarraitzeak esan nahi du Irlandako uhartean ez litzatekeela muga gogorrik egongo, eta horixe da, hain justu, tory asko amorratzen dituena. Mayk lortuko balu aukera hori B planean txertatzea, laboristen boto dezente arrantzatu beharko lituzke onartua izateko.

Baina lehen ministroaren ingurukoek diote ezetz, Mayk brexit-aren «printzipioak» errespetatuko dituela; hau da, joan den azaroaren 25ean Bruselarekin sinatutako akordioari eutsiko diola —beti azpimarratu izan du lortu ahal zitekeena «onena» dela—, eta inondik ere ez duela beste erreferendum batera deituko, sentitzen baitu EBtik alde egitearen alde bozkatu zuten 17,6 milioi britainiarren demokraziarekiko fedea birrinduko lukeela. Irteera data atzeratzea ere ez du aurreikusten, harekin elkartu ondoren Caroline Lucas Berdeen diputatuak adierazi zuenez.

Laboristek ere ez. Erresuma Batuko Parlamentuko bigarren indarreko —256 diputatu— parlamentari asko, 71 behintzat bai, bigarren galdeketaren aukeraren aldekoak dira, SNP eta liberalak bezalaxe. Alderdiak irailean egindako kongresuan hori iradoki zuen, baina ez du jarrera bateraturik. Tony Blair 1997 eta 2007 artean laboristen liderra izan zenak atzo esan zuenez —lehen ministro ere izan zen tarte horretan—, uneotan «saihetsezina» da 50. artikulua luzatzea.

Corbyn egungo liderraren adierazpenek, baina, ez dute ez tesi batekin eta ez bestearekin bat egiten. Goizean Hastingsen, Ingalaterra hegoaldean, emandako mitin batean nabarmendu zuenez, dibortziorako testuak sortutako krisi politiko erraldoiarentzako «irtenbiderik onena» hauteskundeetara deitzea da. Eta bigarren erreferenduma aipatuta, zalantzak dauzka. Haren esanetan, ezingo luke izan 2016ko ekainaren 23an egindakoaren «errepikapen soil bat». Corbynek ezin du ideia hori «onartu».

Frantziaren planak

Londresen erabakiko dutenaren zain jarraitzen du Bruselak. Azkeneko egunotan Mayri errepikatu dio aurrena etxeko kontuak konpon ditzala, beste ezertaz hitz egiten hasi baino lehen. Londresek «erabakiak» hartzea nahi du talde komunitarioak, Michel Barnier brexit-erako EBren negoziazio buruak atzo esan zuenez.

Bitartean, brexit gogor bat aurreikusiz, horri aurre egin ahal izateko gobernuak badaezpadako plan bat martxan jarri duela jakinarazi zuen, atzo, Edouard Philipppe Frantziako lehen ministroak. 50 milioi euro inbertitu ditu portuetan eta aireportuetan.