Aldaketarik ezean, pentsioak %0,25 baizik ez dira igoko urtarrilean

Pentsioak KPIaren arabera eguneratzeko saioak ez du aurrera egin. Kongresu berriak legea bizkor egiteko eskatu dute sindikatuek

Iker Aranburu.
2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Puntu laurden bat. Eurotan, bizpahiru euro gehienentzat, lau edo bost euro pentsio handiak dituztenentzat. Urtarrilaren 1ean Euskal Herriko pentsiodunen sariak txikikeria bat baizik ez handitzeko aukerak handiak dira. Espainiako joko politikoaren ondorioz, 2020. urteko aurrekontuak onartzerik ez du izan Pedro Sanchezen gobernuak, eta horrek ekar dezake pentsioak legeak finkatzen duen gutxieneko kopurua baizik ez eguneratzea: %0,25, alegia. Abuztuan, Gizarte Segurantzak 695.000 pentsio ordaindu zituen Hegoaldean —pentsiodunak milaka batzuk gutxiago dira, pentsiodun batzuek bi sari jasotzen dituztelako—.

Indarrean dagoen legeak dio Gizarte Segurantzak galerak dituen bitartean pentsioak ezin direla puntu laurden bat baino gehiago handitu. Defizita izan du Gizarte Segurantzak 2011. urteaz geroztik, eta aurten ere hala izango da; kalkuluak betez gero, enpresen eta langileen kotizazioetan bildutakoa baino 16.000 milioi euro gehiago gastatuko ditu.

Protesten garaipen motza

Edonola ere, azken bietan ez da legea bete, horretan ere joko politikoek eragin handia dutelako. 2018ko urtarrilean pentsiodunek Euskal Herrian indarra hartu eta beste lurraldeetara hedatutako protesta handiek estututa, Mariano Rajoyren gobernuak akordio bat lortu zuen EAJrekin pentsioak KPIaren arabera eguneratzeko. Sanchezen gobernuak akordio hori errespetatu du. Baina bi urterako bakarrik zen, eta ez die 2020ko pentsioei edo hortik aurrerakoei eragiten.

PPk Espainiako Gorteetan gehiengo osoa zuenean onartu zuten pentsioak eguneratzeko sistema, alderdi horren boto bakarrarekin. 2013koa da legea, eta, sistemak galerak zituenez, urte hartatik 2017. urtera arte pentsioak %0,25 baizik ez ziren igo. Inflazio apaleko urteak izan arren, erosteko ahalmena galdu zuten pentsiodunek. Aurten, ordea, galera hori berreskuratzeko moduan daudela nabarmendu du Magdalena Valerio jarduneko Lan ministroak. Izan ere, pentsioak %1,6 handitu ziren urtarrilean, hura izan baitzen iazko inflazioa. Are gehiago igo ziren gutxieneko pentsioak (+%3) eta alargunenak (kotizazio oinarria %56tik %60ra igo zelako). Irailean, inflazioa Espainian %0,1era erori zen, argindarraren merkatzearen ondorioz. Hego Euskal Herriko azken datua abuztukoa da (%0,7).

Protesten ondorioz, PPk berak dio orain pentsioak eguneratzeko beste sistema bat beharrezkoa dela. Sistema berri bat negoziatzen aritu dira Espainiako Kongresuko taldeak, baina ez dute akordiorik lortu, eta legealdia adostasunik gabe bukatu dute.

Aukeretako bat da jarduneko gobernuak igoera lege dekretu baten bidez ezartzea, baina Sanchezen gobernuak ez du oraingoz bide hori hartu, ez baitago ziur haren legezkotasunaz.

Datorren urtearen hasieran pentsioak KPIaren arabera eguneratzeko beste modua da lege proposamen bat egitea. Azaroaren 10eko hauteskundeen ondoren, abenduaren 3an osatuko dira Gorteak; premiazko prozedura bitartez eginez gero, urtarrilean bertan onar liteke, eta atzerako eraginez ezarriko lukete. Bide hori ez trabatzeko eskatu diete CCOO eta UGT sindikatuek talde politiko nagusiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.