Zezenketak

Indartuz doan ekinaldi kaleidoskopikoa

Zezenketen aurkako sentsibilizazioak zenbait elkartetan batu du jendea, borroka era ezberdinetan; hainbatek erasoen bidea ere hautatu dute berriki. Presio politikoan eta mobilizazioan sakondu nahi dute denek.
Donostiako Aste Nagusiko zezenketen aurkako manifestazioa, iaz.
Donostiako Aste Nagusiko zezenketen aurkako manifestazioa, iaz. IDOIA ZABALETA / FOKU

Jon Rejado -

2018ko abuztuak 28
Animalien kontrako tratu txarrei buruzko sentsibilizazioa azkar zabaldu da, animaliak babesteko arauak baino asko azkarrago». Conchi Reyerok, Zezenketen Aurkako eta Animalien Aldeko Bizkaiko Elkarteko kideak, testuinguru horretan kokatu du zezenketen aurkako mugimenduaren oraina. Horrek askotariko elkarteen sorrera ekarri du: begirada berriak. Aldarri bat partekatzen dute guztiek: zezenketak amaitu beharra. Batzuentzat, hori da azken helburua. Beste batzuentzat, antiespezistentzat kasurako, borroka zabalago baten parte da. Mobilizazioekin batera, Iruñean Animalien Askapenerako Fronteak bi ekintza zuzen —bat lehengo astean, aurrekoa ekainean— egin ditu zezenketekin lotutako espazioen kontra. Izan ere, sentsibilizazioa zabaldu ahala, borroka hamaika errealitatetara egokitu da, hiriburuetatik herri txikietara, gora doan ekinaldiari izaera kaleidoskopikoa eskainiz.

Erronkak tokian tokiko errealitateetara egokituz doazela azaldu dute zezenketen aurkako hainbat elkartek. Oro har, ordea, bi lan ildo nagusi aipatu dituzte eragile gehienek: mobilizazioak, eta presio politikoa. Azken horren kasuan, elkarte gehienek jomugan jarri dituzten udalen zezenketei ematen dizkieten laguntzak. Ordea, esan bezala, bi bide horiek tokiaren ezaugarrietara egokitu behar direla onartu dute. Bilbon, Reyeroren iritziz, zezen plaza kudeatzeko kontratuaren amaieran jarri behar da arreta. Donostian, Juan Mari Beldarrain Eguzkiko kideak, indarra zezen plazaren erabilerari buruzko galdeketan jarri behar dela uste du.

Reyerok zein Beldarrainek gogora ekarri dute zezenketen aurkako iritzia «oso sustraituta» dagoela gizartean. Iritzi hori presio politikoa egiteko balia daitekeela argi dute.

Indarrak batzearen balioa

Mobilizazioei dagokionez, indarrek batzearen balioa goratu dute elkarte gehienek. Maialen Sagues Askekintzako kideak Donostiako kasua hartu du adibiderako. Aurten, Donostia Antitaurinoa Orain taldeak, Eguzkik eta Askekintzak bat egin dute zezenketen aurka. «Hiru kolektibo gara, ikuspuntu ezberdinekin, baina hirurok zezenketak kendu nahi ditugu Donostian». Ildo bateratua badute ere, Saguesek gogorarazi du Askekintza saiatzen dela ezagutarazten bere borroka are epe luzeragora begirakoa dela: espezismoa amaitu nahi dute.

Zezenketen aurkako borrokak testuingurura lotuta jaio dira, azken urteetan. Deba (Gipuzkoa) da horren adibide. Ohitura zezenzale handiko herria da, baina, hirugarren urtez elkarretaratzea egin dute hainbat kidek zezen plazaren kanpoaldean. Protestan parte hartu zutenetako bat da Oihana Esnaola; azaldu du helburu dutela plazako sufrimenduaren gainean hausnarketa abiaraztea, «aldaketa sortzen hasteko».

Borroka modu bakoitza baloratzea bainoago, eragile gehienek hausnartu dute bakoitzak aukeratzen duela bere bidea helburua erdiesteko. Horren harira, helburua gero eta gertuago dagoela uste du Reyerok. «Zezenketen amaiera gertu ikusten dugu, oso gertu: gehienez bost urteko epean-edo».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna