Ostiral Santuko Akordioa. Komunitateen banaketa

Gatazkaren norabideak

Belfasteko auzo nazionalistetan eta unionistetan, iritziak eta lehentasunak anitz dira bi hamarkaden balorazioa egiteko orduan. Zatiketa oraindik nabaria da kaleetan.

Belfast mendebaldeko auzo nazionalista eta unionista nagusiak lotzendituen Lanark Way. Garaibatean, ateak itxita zeuden. ANDER PEREZ ZALA.
ander perez zala
<i>Belfast</i>
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Astebetean lehen aldiz, Belfasteko zerua urdina dago, eta hori nabari da hiriko kaleetan. Zirkulazio handiagoa dago, hiritar gehiago atera dira kalera oporrak direla aprobetxatuz, eta haurrak giro onean ari dira jolasten parkeetan, gurasoen babespean. Koadro hori Belfast mendebaldeko kale nagusietan ere ikusten da. Falls Roaden, auzo errepublikanoko kale nagusietan, laguntasuna da nagusi. Errepidearen alde batean The Red Devil puba dago, Irlandako banderez eta ikurrinaz apaindua; beste aldean, The Beehive puba, bandera berez apaindua. Taberna bakoitzaren sarreran bi bezero, bata besteari oihuka, bezperako Txapeldunen Ligako partidaz eztabaidatzen; inguruko guztiak ohartu dira elkarrizketaz, eta elkarrizketaren edukiaz: harrituta omen daude Liverpoolek Manchester City garaitu zuelako; 3-0, gainera. Tabernetan ez ezik,etxeetan ere nabari da irlandar nazionalismoa dela nagusi auzoan: era guztietako ikurrek, hormek eta banderek apaintzen dituzte kaleak, XX. mendeko gatazka armatuaren garai gogorrak eta biktimak gogoratzeko. Eta kaleen izenak bi hizkuntzatan irakur daitezke: ingelesez eta gaelikoz.

Asteartean, hogei urte beteko dira Ostiral Santuko Akordioa sinatu zutela, eta iritziak eta lehentasunak anitz dira bi hamarkaden balorazioa egiteko orduan. «Britainiarrek hemen jarraitzen dute!», gogorarazi du James Lynnek. Hiriaren erdigunera bidean agertu da, musika entzuten ari zela: «Aldaketa handiak jasan ditugu hemen bake akordioaren ostean, aurrez gertaturikoarekin konparatuz gero. Hoberantz aldatu da. Baina oraindik ez dugu lortu nahi duguna: Irlanda batua».

Errepublikano eta nazionalista gehienek bezala, diskurtso gogorra du Londresen aurka, «etsaiaren» aurka. «Begira egungo hiritarrak, ni bezalakoak, langile klasekoak. Guretzat, Britainia Handiko Gobernua etsaia da, irla zatitua mantendu nahi dute, eta pobrezian mantendu nahi gaituzte. Ez dago arrazoi ekonomikorik Britainia Handiarentzat hemen egoteko». Brexit-a eta mugaren auzia ekarri ditu gogora, aurreko gaiari haria lotuz: «Txarra izango da, zalantzarik gabe. Ez dute planik, ez dakite zer gertatzen ari den, eta orain muga jarri nahi dute! Gutxienez, guretzat aukera bat da Irlanda batzeko». Irribarre bat ahoan duela jarraitu du bere bidea, oihuka: «Ea zuek ere askatasuna lortzen duzuen!».

Falls Roaden barrena, autobus geltokira bidean agertu da Barbara Dunne 78 urteko andrea. Belfast iparraldean bizi den arren, egunero jaisten da hiriaren mendebaldera, auzo errepublikanora, besteak beste, elizara joateko. «Denetik ikusi dut auzo honetan. Asko poztu nintzen 1998an, bake akordioa sinatu zutenean. Hau Beirut bezalakoa zen: tiroketak, bonbardaketak.... Oso tamalgarria izan da. Haurrak ikusten genituen molotov koktelekin, ziurrenik beren gurasoek eginak». Gatazkaren eboluzioaren lekuko izan dela uste du Dunnek, horregatik dio bi komunitateen iritziak eta jarrerak «aspaldi» bezala daudela, ez direla eboluzionatu, eta dinamika berean jarraituko dutela. «Oso sartuta daude beren ikuspuntuetan, eta honako hau zintzoki esango dizut, nire esperientzian oinarrituta: ez dut uste jarrerak aldatuko direnik. Badakit ez dela adiskidetzerik izan, baina, nire ustez, ez da halakorik gertatuko. Ez da denbora kontua».

Lanark Way, zatiketaren ikur

Garai batean, ezinezkoa zen auzo errepublikanoa eta auzo unionista lotzen zituzten kaleak gurutzatzea. Horietako asko itxita zeuden, espresuki sorturiko ateek blokeatuta. Auzo errepublikanoko kale nagusia, Falls Road, eta auzo unionistakoa, Shankill Road, lotzen dituzte hainbat errepidek, alde batean Lanark Wayk, eta bestean Townsend Streetek, esaterako. Garai batean itxita zeuden ateak; egun, irekita daude, eta autoak, kamioiak eta ibiltariak arazorik gabe pasatzen dira alde batetik bestera. Gauetan, ordea, itxi egiten dituzte oraindik. Tartean, bi auzoak banatzen dituen horma erraldoia dago, adiskidetzearen aldeko mezuz betea.

Lanark Way igarota, auzo unionistako Sharkill Road kale nagusian, ikurrak guztiz aldatzen dira. Ez da Irlandako banderarik ikusten, horien ordez Erresuma Batuko gutxi batzuk, eta Ipar Irlandako futbol taldearen hainbat. Auzo errepublikanoan bezala, elizarik eta pubik ez da falta, ezta gatazkako garai gogorrak eta biktimak oroitzeko hormak ere. Deigarriena, Shankill Road ondoko Crimea Streetekoa, Elizabeth II.a erreginaren omenez egindakoa.

Shankill Roaden barrena, Ipar Irlanda Erresuma Batuaren parte denaren jarrera da nagusi. Eta, beste gai batzuetan ere, iritzia auzo errepublikanokoaren kontrakoa da. «Bake akordioa sinatu zen, bai, baina ez dut desberdintasun handirik sumatu urteotan», argudiatu du Andrew Blackek. Alor politikoaz ari da Black; hamar urtez, boterean izan dira DUP Alderdi Demokratiko Unionista eta Sinn Fein, baina energia plan polemiko baten ondorioz, alderdi errepublikanoa gobernutik atera zen iazko urtarrilean, eta, bozak egin zituzten arren, oraindik ez dira ados jarri.

Gizartearen ikuspuntutik, beste iritzi bat du Blackek, indarkeria amaitu delako. «Alde horretatik, bai, baikorra izan da aldaketa». Baina berriz itzuli da egungo egoera politikora: «Esan dizudan bezala, ezin dira ados jarri alor guztietan, eta desados dauden bakoitzean, bata edo bestea gobernutik ateratzen da. Hori ez da lan egiteko modua». Halako kritikak areagotzen ari dira Ipar Irlandan, eta, gehiengoa ez diren arren, pisua hartu dute auzi baten ingurua: bake akordioa moldatu behar ote den. «Nik uste dut aldatu behar dela, aurretik aipatu dizudan guztiak frogatzen du hori».

Adinez heldua da Ostiral Santuko Akordioa. Belaunaldi zaharrenak gatazkaren eboluzioa bizitzen ari dira, baina belaunaldi berriek bake akordioaren peko errealitatea besterik ez dute ezagutzen. Gazte horietako bat da Amy Brown, 20 urtekoa: «Nire auzoko [unionistako] hormei esker jakin dut gertaturikoaz, eta senideek esandakoari esker. Horrez gain, nik ez dut gatazka armatuaren zantzurik ikusi». Aitortu du, bere auzokideak bezala, ez dela auzo errepublikanora joaten; «hango» batzuk ezagutzen ditu, aldiz. «Egia da bi auzoetako gazteek ez dugula harremanik, eta hori orain arteko dinamikak bultzatuta gertatu dela. Baina nik uste dut belaunaldi berriok egoera aldatuko dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.