KRITIKA. Donostiako 81. Musika Hamabostaldia Euskadiko Orkestra

Egiaz, bel canto

Xabier Anduaga tenorra, kontzertuaren aurkezpen egunean. J. CARLOS. RUIZ / FOKU.
2020ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Zuzendaria: Robert Treviño. Tenorra: Xabier Anduaga. Egitaraua: C. M. von Weber, G. Rossini, G. Donizetti, P. Sorozabal eta beste. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 15.

Ikusmira handia zegoen larunbatean Kursaalean Xabier Anduaga tenor donostiarra etxean ikusteko aukeragatik. Izan ere, arrakasta handiz ibiliak ditu jada nazioarteko antzoki gorenetarikoen bideak, eta haren izenak kalitatearen eta lan sendoaren oihartzuna zabaltzen du karteletan. Tradizioz Musika Hamabostaldiak opera ekoizpenei eskaini ohi dien egunean, Anduagak ongi ezagutzen eta menperatzen dituen opera eta zarzuela errepertorioko ariek eta erromantzeek osatutako programa aurkeztu zuen Euskadiko Orkestrarekin batera, Robert Treviñoren zuzendaritzapean.

Carl Maria von Weberren Euryanthe obertura kementsuaren ostean, musika geruzak bereizteko eta errespetatzeko gai ez zirudien orkestrak Giacchino Rossiniren obrei eskainitako espazioa lausotu egin zuen. Il Barbiere di Siviglia operako Cessa di più resistere aria arinean bezain zailean oztopo suertatu zen orkestraren fintasunik eza tenorrak erakutsi zuen norabide zentzuaren aurrean, koloraturak tarteka hotzean garatu zituen arren. La Danza tarantellan joera hori areagotu egin zen, Anduagak proposatutako ñabardura sotilen eta orkestraren kontrolik ezaren artean desoreka sakona sortuz.

Gaetano Donizzetiren bi arietan, orkestrak bere tokia berreskuratuz, Anduagaren baliabide artistikoez gozatzeko benetako aukera izan zen. Gutxi dira birtuosismoz betetako «Ah! Mes amis...!» berak erakutsitako garbitasunaz eta distiraz ebazteko gai diren tenorrak. Una furtiva lacrima entzutetsuan, bestalde, lirismo eta intentsitate gozoz betetako uneak oparitu zituen. Berezkoa zaion kolore ederra galdu gabe, lerro melodiko luzeak margotzeko gaitasuna eta gustu ona batzen ditu tenorrak; denera, pianissimo adierazkorretan nahiz pasarterik indartsuenetan benetako zentzua eman zion bel cantoari.

Zarzuela genero txikia ez dela frogatuz, Amadeo Vivesen Por el humo se sabe dónde está el fuego zein Pablo Sorozabalen No puede ser klasikoak tenorraren luzimendurako izan ziren baita ere. Hiru bis eta hamaika emozio, izan da aurten ere suziririk Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.