KRITIKA. Musika

Kontraste, hutsune eta zuhurtziak

2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Rovert Treviño. Egitaraua: L. V. Beethovenen Prometeoren izakiak, Obertura, R Lazkanoren Ttakun eta J. Brahmsen 2. serenata. Lekua: ETB2n eta Euskadiko Orkestraren Youtube kanalean. Eguna: Uztailak 11.

Eskilok idatzita utzi zuen bertsioan, Prometeok jainkoei lapurtzen dien sua ez da soilik gizakiak hotzetik babestuko dituen baliabidea, baita kultura bera eta aurrerapen teknikoak ahalbidetzen dituen sinboloa ere. Ordainetan, Zeusek Pandora bidali zuen lurrera, eta hark ireki zuen gizadiaren gaitz eta zoritxar guztiak biltzen dituen kutxa (edo pitxerra). Hortaz, iruditeria erromantikoaren erroetan dagoen mito grekoan, lazeria da zibilizazioaren korrelatua. Beethovenek mito horren gainean konposatutako balletaren oberturan, ongi landu zituen Euskadiko Orkestrak soinu-espektro osoaren ñabardurak, kontraste esanguratsuak lortuz.

Beste mota batekoa da Donostian jaiotako eta Parisen ikasitako Ramon Lazkano konpositorearen Ttakun obrak iradokitzen duen bilkura: txalapartak jokoan jartzen dituen ttakunaren eta herrenaren dantza, hain zuzen, erritmo egonkorraren eta desoreka bilatzen duen kolpearen hartu-emana. Obraren lehen erdian, oso biziki sumatu daiteke bi erritmo sendoen eta hutsunearen arteko tirabira, gero eta apalagoa bihurtzen dena, nolabait nekeak saltoen eta jauzien indarra itzaltzen duen arte, berebiziko imintzioen beharrik gabe. Tartean, ehundura aberatsak zabaltzen dira bai harien eta bai haizeen sekzioetan, orkestraren jardunean distiratsu.

Hanburgon eman zen lehen aldiz J. Brahmsen 2. serenata, 1860ko otsailaren 10ean. Handik hiru egunetara, Brahmsen serenatetan nokturno hutsak baino, «izaera aldakorra duten eszena osoak» imajinatu behar direla argitaratu zuen HamburgerNachrichten egunkariak. Bada, zuhurtziaz neurtutako samurtasuna dugu gidari biolinik, tinbalik eta tronpetarik erabiltzen ez duen obra honen bost mugimenduetan. Orkestraren aukerak miatzen dituen Brahms argitsua agertzen da edonon, hasierako Allegro moderato lasaian, Scherzo-aren dantza herrikoian, eta baita Clara Schumannek maite zuen Adagio non troppo mamitsuan, azken hori bereziki eder Euskadiko Orkestraren interpretazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.