Autodeterminazioa

Jatorrizko ukoa

2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Askotan errepikatutako ideia da frankismoko eliteek eta haiekin negoziatu zuten alderdiek «lau kontsentsu handi» lortu zituztela Espainiako Konstituzioa egiteko. Estatuaren egituraketari dagokionez, eredu autonomikoa ezartzea adostu zuten: aurretik, baina, Euskal Herriko eta Kataluniako abertzaleek uko egin behar izan zioten autodeterminazio eskubideari, ezkerreko batzuek beste eredu federalista/konfederalista batzuei, eta eskuinak eta ezkerreko beste batzuek zentralismo zurrunari.

1978ko prozesu konstituziogilean, mahai gainean egon zen autodeterminazio eskubidea, Euskadiko Ezkerrak proposatuta. EAJko zortzi diputatuek eta Euskadiko Ezkerrako bakarrak —Francisco Letamendia Ortzi-k— norbere aldetik jo zuten. Batzorde Konstituzionalean EAJk baiezkoa eman zion arren, Kongresuko osoko bilkurako behin betiko bozketan aurka bozkatu zuen —Kataluniako bederatzi parlamentari abstenitu egin ziren, eta beste hirurek alde bozkatu zuten, tartean ERCko bakarra eta PSCko lau parlamentarietako bi—.

EAJren orduko apustua izan zen Foru Ituna: lurralde historikoen eta Espainiako Koroaren artean parez pareko —edo egun Iñigo Urkullu lehendakariak dioen moduan, «berdinen arteko»— hitzarmena, «jatorrizko subiranotasuna» oinarri hartuta. Subiranotasun bakarreko konstituzioaren muinaren aurka zihoan hori, eskaera horrek inolako aukerarik ez zeukala jabetuta, eskubide historikoak eguneratzeari buruzko proposamenarekin ahalegindu zen EAJ. Negoziazio luzeen ondoren, eskubide historikoak «konstituzioaren esparruaren barruan» eguneratu behar zirela onartu zen, eta zehaztasun horrek konstituzioa ez babestera eraman zuen EAJ. Honela azaldu zuen Xabier Arzalluzek: «Konstituzioa onetsi gabe estatutua lortzeko modua bilatzen hasi ginen orduan; botere guneak behar ziren, gure herria suntsiturik zegoelako».

Arzalluz zen orduko EAJren negoziatzailea Kongresuan, eta hark esana du autodeterminazioaren bozketan argi izan zutela «hasiera-hasieratik» abstentzioaren alde egin behar zutela. Hala dio Así fue [Horrela izan zen] biografia politikoan: «Txanponaren bi aldeak hartu behar ziren kontuan: konstituzio hura ez zen eta ez da gurea, noski. Dena den, bazituen eta baditu baztertu ezin genituen alde onak […] Baina gau luze eta ilun batetik gentozen orduan!».

Konstituzioaren erreferendumean, Hego Euskal Herrian, abstentzioa nagusitu zen. Katalunian, aldiz, %90ek bozkatu zuten alde.

Autodeterminazioaren bidean, bigarren mugarria Ibarretxe lehendakariak jarri zuen, erabakitzeko eskubidea jasotzen zuen estatutuarekin eta kontsulta legearekin. Aurrena tramiterako ere ez zuen onartu Espainiako Kongresuak, 2005ean; bigarrena Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu zuen, 2008an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.