Pello Bilbao.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Lehen hamarrek dugu aukera

2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Atzoko [herenegungo] bigarren postuaren arantza hor daukat oraindik. Ezinbestean buelta batzuk eman dizkiot: non huts egin nuen, non hasi behar nuen esprintatzen... Baina hori ere bada gure kirolak duen xarma eta ikasgaia.

Gainera, norbaitek irabaztekotan, hobe euskal txirrindulari bat izatea. Mezu asko jaso ditut helmugan Ionek [Izagirre] eta nik eman genuen irudiagatik zorionduz. Baina nola ez genuen egingo, bada? Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Afizionatuetara batera aritu ginen tropelean, profesionaletan aldi berean egin genuen debuta, eta bai Euskaltelen, baita Astanan ere taldekide izan ginen. Oso harreman estua izan dugu beti, eta batak zein besteak irabaz,i poztu egiten gara. Baina hori ez da gure artean bakarrik gertatzen, baita beste euskal txirrindularien artean ere. Oso harreman ona dugu denek.

Besteak beste, aipatu didate zein polita izan zen gure arteko agur eta zoriontzea euskaraz izatea. Itzuliak nazioartean duen isla kontuan hartuta, horrek balio badu gure hizkuntza beste leku batzuetara iristeko, guretzat pozgarria da.

Behin gaurko [atzoko] etapa pasata, jada biharkoari [gaurkoari] begira jarri behar dugu. Gaurko [atzoko] etapa, askok kontrakoa uste bazuten ere, ez da trantsizio etapa bat izan. Beste egun batez oso bizkor joan gara, eta sufritzea tokatu da. Ez dago lo hartzerik. Baina biharko prest gaude. Hondarribiko etapa amaitu zenean esan nuen bezala, zerbait handia egiten ahaleginduko gara, bai etapari zein sailkapen nagusiari begira.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Mikel [Landa] eta biok hor gaude. Atzerapen apur bat dugu, baina lehen hamarren artean gaude, eta uste dut hor gauden guztiek izan ditzakegula aukerak. Nahiz eta talde moduan Astana ikusten dudan indartsuen. Oldarkor ariko dela iruditzen zait. Baina Roglic eta Pogacar koska bat gorago egon daitezke. Lider indartsuenak haiek dira. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Etapari begira, uste dut hasieratik izango dela mugimendua. Ibilbidea horretarako prestatu dute. Irten eta berehala igoera labur eta gogor bat daukagu, eta jaitsiera oso tekniko bat. Jarraian, berriz, Azurki. Tropela hasieratik apurtuko dela uste dut.

Ni nire aukerak baliatzen saiatuko naiz. Ziurrenik, Mikel gertuagotik zainduko dute, eta ea nik modua dudan askatasun handiagoz ibiltzeko. Gainera, eguraldi txarra egingo du, eta horrek ere izango du eragina. Izan ere, etapa gogortu egingo du euriak. Baina azken etapa da, eta dena emango dugu. Gozatu ere egin nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.