«Bi taldeen egoerak ez dauka itxura onik»

Gipuzkoa Basket, azkena, eta Bilbo Basket, azken-aurrena. Biak ari dira ixten ACB ligako sailkapena, eta bi garaipenera dute mailari eustea, bost partida falta direla. Jon Txakartegi entrenatzaileak egoera aztertu du.

Radoncic jaurtiketa egiten Miniotasen aurrean, Donostian jokatu zuten derbian, otsailean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
ACB liga gaur bertan bukatuko balitz, Euskal Herriko hiru taldeetatik bi Urrezko LEB ligara jaitsiko lirateke. Azkena da Acunsa Gipuzkoa Basket, eta azken-aurrena Retabet Bilbo Basket. Zazpina garaipen dituzte, eta bost partida geratzen zaizkie. Zulotik irten eta mailari eusteko goiko bi talde harrapatu beharko lituzkete, biak libratze aldera. Estudiantesek bi garaipen gehiago ditu, eta partida bat gehiago du jokatua; Fuenlabradak ere bi garaipen gehiago dauzka, partida bat gutxiago jokatuta, eta Betisek eta Obradoirok hiru garaipen gehiago dituzte, euskal herritarrek hainbeste partida jokatu eta gero. «Ez dauka itxura onik», esan du, gordin asko, Jon Txakartegi entrenatzaileak. Gipuzkoako Saskibaloi Federazioan ari da lanean orain, eta bere garaian entrenatzaile laguntzaile izan zen Donostiako taldean; baita Baskoniaren bigarren taldeko arduradun nagusi ere.

Zailtasunak zailtasun, aukera bakarra ikusten die bizkaitarrei eta gipuzkoarrei, eta eskatu ere egin die heltzeko helduleku horri: «Amaierara arte borroka egin behar dute. Horixe da hemengo taldeen ezaugarria, eta egin dezaketen gutxienekoa horixe bera da». Jarrera egokia oinarrizkoa da partidak irabazteko, baina ez da nahikoa: jokoa ere behar da. Nola arraio lor ditzakete garaipen asko 31 partidatan zazpi baino erdietsi ez dituzten bi taldeek? «Gertatu dira horrelakoak, eta saiatu egin behar dute. Badira talde batzuk zuloan egon, oso gutxi irabazita, eta azken txanpan garaipenak lortu dituztenak». Jokalarien buruan omen dago gakoa: «Partida bat irabaztea aski izaten da batzuetan sinesten hasteko, eta orduan lor daitezke garaipen gehiago».

Gipuzkoarren aurkariak ondorengoak izango dira azkeneko txanpan: etxetik kanpo, Tenerife, Manresa eta Andorra, eta etxean, Baskonia eta Unicaja; bizkaitarren arerioak, berriz, Kanaria Handia, Burgos, Fuenlabrada eta Joventut etxean [lehen hirurak orain, elkarren segidan], eta Real Madril kanpoan. Txakartegik aukera gehiago ematen dizkio Bilbo Basketi: «Etxeko partidak irabazi behar dituzte, eta horrela, goiko aurkariak harrapa ditzakete». Gipuzkoa Basketi beste zama bat ikusten dio sailkapenarenaz gain: «Aurkari zuzen guztiekin galduta dauka basket-average delakoa, eta beste taldeen mende dago ia erabat».

Bi taldeak zulo-zuloan zergatik dauden aztertzen hasita, Txakartegik bereizi egin ditu bien egoerak: «Bilbo Basketek oso zorte txarra izan du lesioekin, eta jokalari asko ez daude ohituta jaitsierako lekuetan lehiatzen. Gipuzkoa Basket hasieratik uste zen egoeran dago, baina ondo ari da borrokan, eta ACB ligan ez dago talderik hainbeste eman duenik hain gutxirekin. Pena izan da aurkari zuzenekin galtzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.