Albistea entzun

Durangoko 50. Azoka. ARAZOKA

Existitu aurretik existitzen dena

Iñigo Astiz -

2015eko abenduak 4

Durangoko Azoka existitu aurretik ere existitzen zen Durangoko Azoka. Halako zerbait planteatu zien 1993an Kafkari buruz Federico Fellini zinemagileak Goffredo Fofi eta Gianni Volpi solaskideei. «Bere aurretik ere bizi genituen mehatxu sentsazioak, nahasiak, artegagarriak, labirintikoak, baina ez genuen uste istant horiek existentziaren parte zirenik, (...) baizik eta joan-etorriko uneak zirela (...) Baina Kafkak zentzua eman zion sentsazio, kontraesan, beldur, esperantza eta izugarrikeria multzo horri». Durangoko Azoka aurretik ere baziren liburu gutxi batzuk, baziren sortzaileak eta baziren musikariak, baina azokaren lorpena izan da mende erdi honetan horri guztiari zentzu bat ematea; printzak baino ez zeuden lekuan euskal kultura irudikatzea. Azokarena da lorpena, noski, eta baita hura amesteko gai izan ziren Gerediaga elkarteko kideena; baina azokaren lorpena izateaz gain, bada azokarekin batera 50 urtez sendotu den euskalgintza eta sortzaile sare osoarena arrakasta ere.

Onartu beharra dago: kafkarra ere bada irudia. Urtean lau-bost egunez existitu eta urtearen gainontzeko egunetan existitzeari uzten dion kultura bat dugu. Urtero eraiki eta urtero desegiten den hiri bat da Durango. Italo Calvinok bere liburuetan deskribatutako ezinezko hiri horien moduko zerbait. Mende erdiz behin eta berriz aipatu den ametsa izan da Durangoko Azoka urte osora zabaltzearena, baina mende erdi pasatu da, eta halakorik ez. Durangokerietara lerratuko dute balantza ezkorrenek, eta durangotasunari baino ez diote begiratuko baikorrek. Eta badu bietatik. Durangoko Azokak erakusten baitu azokaren arrakasta, baina baita handiagoetara heltzeko izan den porrota ere. Kasu bat aipatzearren, orain arte egindako saioak saio, udaberrian ez da loratu Durangotik kanpoko Durangorik.

Egoerarik estuenean ere beti izan da gehiago amestu duenik. Eta akuilu dira horregatik 2015ean frankismo betean egindako lehen azokaren ostean Joan Mari Torrealdaik Anaitasuna aldizkarian argitaratutako hitzak. «Euskal liburuen azoka bat ikustean, batzuk adurretan geratzen dira: 'Len ezin eitekean olakorik egin!' Ta pozik. Niri, ostera aldrebes pasetan jat. Anketara etorri jat arima azoka batzutan. (...) Liburu orreetatik 300-era ez dira ailegetan euskarazkoa». Asko zen azoka huts-hutsean, baina beti izan da gehiago nahi izan duenik, eta gehiago nahi horrek bultzatu du azoka urteotan. Horregatik asmatu du garaiz garai moldatzen. Esaterako, Ahotsenearen sorrera izan zen klabea, 2008an, eta hortik heldu da guneekin batera antolatutako azokaren egungo eredu mistora Gerediaga elkartea. Ez traba eta erresistentziarik gabe, baina heldu da.

Adibide bat: Durangoko azoka 1965-2015 liburuan kontatzen denez, Durangoko azoka Bilbora eramateko tentazioa izan zuen Eusko Jaurlaritzak. Eta ez zen leku aldaketa soila. Bilbora eramatearekin batera, azokaren kontrola elkarte zibil baten eskuetatik erakunde publiko baten eskuetara pasatzea baitzen proposamena egin zuen Joseba Arregiren Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren asmoa. Tentsioak egon dira, eta ez txikiak. Eta balio du Durangok bokazio publikoko ekinbide pribatuen eta erakunde publikoen arteko elkarbizitza gorabeheratsu horren historia kontatzeko. Hor daude gehiagora heldu ezinaren arrazoietariko batzuk, eta hor daude 50 urteotan lortu denaren arrakastaren klabeetariko batzuk ere. Keriak eta tasunak, eta akaso mende erdiko talaia izan daiteke orain artekoa baino gehiagorekin amesteko aitzakia.

Fedeaz ere mintzo zaie Fellini Fofiri eta Volpiri 1993ko elkarrizketa hartan. Ihes moduko bat aitortzen die zinemagileak. Eskatzen zioten hurrengo filmaren zirriborroa ekoizpen etxekoek, eta dekoratuaren ñabarduretan murgiltzen zen zuzendaria. «Zoladuraz arduratzen nintzen, etxeen aurretik pasatzen ziren elektrizitate kableez, pertsianen berde tonuaz... Zoroen pare. Herria sinesgarri egiten zenbat eta denbora gehiago pasatu orduan eta era naturalagoan beteko zela igartzen nuen. Ezinbestekoa da operazio magiko moduko batean sinestea irudimenaren esfera zehaztugabean dagoen zerbait materializatzea bilatzen duen gurearen moduko ofizio batean. Ziur nengoen kiosko hari kioskozaina sortuko zitzaiola, leiho haietatik familia bat agertuko zela... Eta hori izan zen, urratsez urrats, gertatu zena». Fede horrekin eraiki zuten lehenengoz 1965eko azoka, eta 2015ekoa agertuko zaio gaur. Izan ere, Fellinirekin konpartitzen du lezioa Durangoko Azokak: bost eguneko hiria zenbat eta sinesgarriago eraiki orain, orduan eta naturalago sortuko zaizkio gero hiritarrak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

2022ko udazkenean egingo da XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia

2022ko udazkenean egingo da XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia

Mikel Lizarralde

Getxon abiatuko da, irailaren 24an, eta finala Iruñean jokatuko da, abenduaren 18an.

Paula Estevez, Maite Gurrutxaga eta Ainara Azpiazu <em>Axpi</em> ilustratzaileak, atzo, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

'Zu'-aren hamaika trazuak

Itziar Ugarte Irizar

Tupust kolektiboak bigarren komiki antologia argitaratu du, oraingoan autoekoitzita. 21 sortzaile eta hamazazpi istorio bildu dituzte, eta askotariko ertzetatik heldu diote gai nagusiari, 'zu'-ari

Bilboko Rekalde aretoan 90 margolan batu ditu Idoia Monton artista donostiarrak. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Pintura beti itzultzen da

Iñigo Astiz

Idoia Monton artista donostiarrak azken hiru hamarkadatan egindako lanaren berri ematen duten 90 artelan batu ditu Bilboko Rekalde aretoak, 'Zazpi leihoak' izenburupean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.